Itxaro Bordaren berbaldia hartuko du Euskaltzaindiak, asteazkenean
Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero Arriaga Antzokian antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi jarraituaren atarian gaude -ostegun honetan izanen da-, eta, ohiko legez, Bilbo Zaharra Forumeko azken jardunaldiak antolatu dira egun hauetan. Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzak hartuko ditu hiru jardunaldiak, gaur, bihar eta etzi, 19:00etatik aurrera.
Honela, Plaza Barrian izango da gaur Hinka taldea, Itxaro Bordaren testuekin osatutako kontzertua eskainiko dutela. Bordaren poema-bilduma honek oraina eta iragana uztartzen ditu, duela 400 urte euskal arrantzaleek bizi izan zuten gertakari tragiko baten baitan murgilduz.
Bihar, Luzien Etxezaharreta eta Katixa Dolhare-Zaldunbide arituko dira Plaza Barrian, Bordaren '%100 Basque' nobela hizpide, eta etzi Itxaro Borda bera agertuko da Bilbon. Oragarreko idazleak 'Literatur hizkuntzaren hautua' berbaldia eskainiko du Akademiaren egoitza nagusian.