Dinastien izenen araua argitaratu du Euskaltzaindiak
Munduko dinastien izenak araua (182.a) argitaratu da, Euskaltzaindiak 2017ko urtarrilaren 27an onartua. Arauak bi atal ditu:
Lehenengo atalean, munduko dinastien izenak euskaraz izendatzeko irizpideak zehazten dira. Horretarako, kontuan hartzen da zer dagoen dinastiaren jatorrian: pertsona-izen bat, leku-izen bat edo izen arrunt bat. Horren arabera erabakitzen da, tradizioak edo azken urteetako erabilerak finkatutako izenik izan ezean, izen eratorria erabiltzea (adibidez, Akemenes pertsona-izenetik akemenestarrak izeneko dinastia sortu zen) edo mailegatzea, jatorri-izenetik abiatuta sortzen den dinastia-izena gure kultura-ingurunean erabiltzen den izenaren formatik urrun gelditzen bada (adibidez, Nasr pertsona-izenetik narstarrak izeneko dinastia-izena atera beharrean, nazariak izena mailegatzea hobesten da).
Bigaren atalean, dinastia-zerrendak ematen dira, bost multzotan banatuta: Antzinateko dinastiak (seleukotarrak, sasandarrak...), Erromatar Inperioko dinastiak (antoninotarrak, flaviotarrak...), Bizantziar Inperioko dinastiak (komnenotarrak, paleologotarrak...), Europako dinastia nagusiak (estuardotarrak, borboiak, kapetarrak...) eta islamaren eremuko dinastia nagusiak (abentzerrajeak, alauiak, banukasitarrak...). Guztira, 107 dinastia-izen ematen dira.
Exonomastika batzordea