Andres Urrutiak eskatu du Euskal Herrian “lege osokoa” izan dadila euskararen erabilera eta presentzia
(Xarles Videgain, Andres Urrutia, Jean-Baptiste Coyos, Aurelia Arkotxa eta Erramun Osa, gaur, Senperen)
Senpereko aintziran ospatu den Herri Urratsen egin ditu adierazpen hauek euskaltzainburuak. Hona hemen testu osoa:
"Euskaltzaindiaren izenean ekartzen dizkizuet gure goresmenak eta eskerrak, urtero HERRI URRATS honetan euskaldunak bildu eta sustatzearren, ikastolen inguruan.
Aspalditik ari da lanean Euskaltzaindia euskararen eremuan. Horretxegatik, hain zuzen ere, gogoberriturik agertu nahi du bere burua zuen aurrean, euskara eta euskal kulturarentzako aldi esanguratsu honetan.
Egun, badira gure artean euskaraz dihardutenak euren zereginetan. Horra ikastolak, horra Seaska. Egun, euskarak baditu Euskal Herriko lurralde batzuetan egoera aldekoagoa eta eragingarriagoa. Mentsak ditu, ordea, hainbat esparru eta lekutan. Begi-bistakoak dira horiek eta bete beharrekoak. Horretan dihardu Euskaltzaindiak, euskalgintzaren beste eragileekin batera, euskararen kalitatea, estatusa eta euskaraz moldaturiko kultura sustatzeko ahaleginetan.
Ohorerako baino, zerbitzurako gogoa du Euskaltzaindiak. Hartara, datorren urtean berriro ere HERRI URRATS-en bilduko garelarik, ehun urte betetzeko puntu-puntuan izango da Akademia, eta, duela ehun urte bezalaxe, hementxe izango duzue euskararen Akademia, prest eta adi, euskara eta euskal kultura aldezteko eta aitzinatzeko.
Gaur, Baionako Bernat Etxepare Lizeoa dugu laguntza hartzaile eta '(h)aizu' lemapean biltzen gara. Haizu ez ezik, lege osokoa izan dadila Euskal Herrian euskararen erabilera eta presentzia! Atxiki dezagun eskuara!"