"Sestaori buruzko lehen euskarazko liburua" dela gogoratu dute, gaur, herriko liburutegian egin den prentsaurrekoan. Beraz, balio erantsi hori du 'Sestaoko toponimia' liburuak, baina bestelako ezuste asko gordetzen ditu Euskaltzaindiak editatzen duen 'Izenak' bildumako lan berriak, Adolfo Arejita euskaltzainak gogoratu duen legez: "Liburu honek urre gorria balio du, Sestaoren historia txiki baina inportante bat dagoelako hor, toponimiaren eskutik ezagutu daitekeena". Jorge Luis Tejedor sestaoarrak ondu du lana, zeinak bospasei urteko ikerketa erakusten duen. Egilearen esanetan, ez da soilik toponimiako liburu bat: "Toponimia eta historiaren artean dagoen erlazio estua erakusten du; honela, herri arruntaren bizimodua islatzen da bertan, inguru eta naturarekiko izenak agertzen baitira barra-barra".
Josu Bergara herriko alkateak liburuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Lan kementsua eta konplikatua egin du Tejedorrek, eta Udalak lagundu dio, ahal izan duen neurrian. Ikusten da goitik behera aztertu duela herria, gora eta behera ibili dela, datuak bildu eta kontrastatzen. Baina liburu hau euskaraz aurkeztea poz bikoitza da guretzat, sestaotarrontzat. Honela, balio bikoitza duela esango nuke". "Orain, herrian zabaldu eta ezagutaraztea geratzen zaigu, liburuari bultzada bat ematea Udaletxetik", gaineratu du alkateak.
Tejedorrek gogoratu du sei mende hartzen dituela liburuko ikerketak, eta datuak aztertzerakoan kontu bitxiak aurkitu dituela adierazi du gaurko agerpenean: "Sestao 400 biztanleko kontzeju txiki bat zen 1870ean, hau da, herri erabat rurala. Zazpi urte beranduago, 4.300 biztanle zituen. Horrek zer ekarri zuen? Goitik beherako aldaketa suposatu zuen herrian, berregituratze bat, betirako aldatu baitzen Sestao".
Ez da liburuak dakarren datu interesgarri bakarra, 350 orrialdetan gertakari eta anekdota harrigarriak kontatzen direlako, finean, Ezkerraldeko historiaren zati puska bat.