Gaur sinatu dute Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak 2020ko abenduaren 31 arte indarrean egongo den lankidetza-hitzarmena. EiTBren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmen horretan jasotzen denez, EiTBko hedabideek kalitatezko euskara eredu estandarra zabaltzen eta finkatzen lagunduko dute ondorengo lau urteetan. Aldi berean, euskalkien aberastasuna bistaratzen eta balioan jartzen ere ahaleginduko dira, hizkuntza erregistro egokiak erabiliz, saio bakoitzari eta komunikazio egoera bakoitzari dagokion eran. Aurretik egin izan den legez, irizpideak EiTBren estilo liburuak jasoko ditu.
Hori guztia aurrera eramateko, EiTBk Euskaltzaindiaren laguntza eta kolaborazioa izango du (batik bat, Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokitik eskainiko dio laguntza hori Akademiak). Gainera, EiTBren testu-masa erabiltzen jarraitzeko aukera ematen zaio Euskaltzaindiari, UZEI, Elhuyar eta IXA taldeekin batera garatzen diharduen Lexiko Behatokia osatu ahal izateko.
Halaber, eta urtean behin, Euskaltzaindiaren zuzendaritzak txostena helaraziko dio EiTBko zuzendaritzari, erakunde publikoaren hedabide desberdinetan erabiltzen den hizkuntza-ereduaren zuzentasunari eta egokitasunari buruz aholku emateko eta euskararen garapenean bidelagun izateko helburuarekin. Horrez gain, Akademiak erantzun zuzena emango dio EiTBren Euskara Zerbitzuari, eta EiTBren zuzendaritzak beharrezko ikusiz gero, hitzarmen honek barruratzen dituen gaietan trebakuntza ikastaroak, jardunaldiak edo informazioa emango dio Akademiak.
Azkenik, hitzarmen berriaren xedeak bideratzen eta erakunde bien arteko harremanak egoki kudeatzen laguntzeko jarraipen-batzorde bat eratuko da; erakunde bietako kide bana izango du jarraipen-batzorde honek. Gogoratu behar da 2003. urtetik datorrela EiTB eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza, eta ordutik kalitatezko euskara sustatu eta zabaltzearen alde egin dutela bi erakundeek.
Giltzarria
Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak aitortu du itun berri honek euskara alorrean “berma eta babesa” ematen diola EiTBri. “Beraz, etorkizunean ere bidelagun izango dugu Euskaltzaindia, gure hedabideetan kalitatezko euskara estandarra erabili eta bultzatzen lagunduko diguna”, gaineratu du. Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du aspaldikoa dela bi erakundeen arteko elkarlana: “Bi erakundeen arteko aspaldiko elkarlan bat badago, jarraikortasun bat, Akademiarentzat Euskal Telebista guztiz estrategikoa baita, giltzarria, besteak beste, bere hedabideen bitartez Akademian erabakitzen ditugun hainbat eta hainbat ohar eta arau bideratzen eta gizarteratzen direlako”. “Ari gara, guztion artean, euskararen batasuna egiten -adierazi du Urrutiak-, behar beharrezkoa duguna. Herritik bertatik datorkiguna ezin dugu baztertu, batez ere ahozko tradiziotik jasotakoa, baina ahozkotik harago joan behar dugu”.
Akordioarekin pozik dagoela nabarmendu du euskaltzainburuak: “Pentsatzen dugu azken hiru urte hauetan sekulako aurrerapausoa eman dela EiTBn, guri eskatutako gomendio, irizpide eta bestelakoak nola aplikatu diren ikusita. Baina ez hori bakarrik. Akademiak argitaratu berri duen Hiztegian edozenbat adibide jasotzen dira zuen testu-masatik hartuta daudenak, zuen hedabide desberdinetan eginiko lanetik, hain zuzen. Hor badago halako feed-back: zuengandik jasotzen duguna, herriari itzultzen diogu”.
Azkenik, lankidetza-hitzarmenarekin jarraitzeko asmoa agertu du Urrutiak, “beti ere helburuak eta xedeak argi ditugula. Hizkuntzaren erabilera jasoa bermatzea da xede nagusia, eta garrantzitsuak dira, baita, onomastika eta toponimia alorrean hartzen diren erabakiak. Toponimiaren garrantzia izugarria da euskararen herrialdeetan, azken batean, horrek kultura eta hizkuntza baten inguruan batzen gaituelako; eta horretan komunikabideek zeresan handia daukate, batez ere EiTBk”.