Gaur, azaroak 14 dituela, 'Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak (II)' liburua aurkeztu da Deustuko Unibertsitatean, hain zuzen, Gorbeialdean gaurdaino egin den etno-linguistikako iker lanik luze, zabal eta zorrotzena. Juan Manuel Etxebarria irakasle eta ikertzailea (Zeberio, 1948) da liburuaren egilea, eta Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Deustuko Erakunde Harremanetarako errektoreordearekin batera aurkeztu du lana, Unibertsitateko Garate aretoan.
Euskal Filologian doktorea, idazlea, Deustuko irakasle emeritua eta ikertzailea da Etxebarria, baita Euskaltzaindiko eta Etniker taldeko kidea ere. Liburuaren mamia herririk herri Etxebarriak batu dituen mito eta esakuneek osatzen dute. Horiez gain, eta osagarri gisa, hiztegia, aurkibide tematikoa eta berriemaileen inguruko datuak sartu ditu zeberioarrak lan ikusgarri eta arretatsu honetan.
1975ean ekin zion bilketa lanari bizkaitarrak, Ander Manterolaren eskutik Etniker taldean sartu zenean. Gorbeialdeko mitoak batzen hasi zen garai hartan, eta 1995ean plazaratu zuen 'Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak' (Labayru) liburuan jaso zituen ordura artekoak. Gaur aurkeztu duen lana liburu haren segida da, “osoagoa eta zabalagoa”, egileak prentsaurrekoan argitu duen legez.
Honela, 'Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II' liburuan Gorbeia aldeko 23 herritako datuak batu ditu Etxebarriak. Gehienak Bizkaiko udalerriak dira, baina badaude Arabakoak ere: Zeberio, Ubide, Otxandio, Zeanuri, Areatza, Artea, Arantzazu, Igorre, Dima, Lemoa, Bedia, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Arrankudiaga, Laudio, Arrigorriaga, Bilbo, Basauri, Arakaldo, Orozko, Baranbio eta Zollo. 102 berriemaile edo lekukoren ahotik jaso ditu liburuko kontakizunak, guztira 450 etno-ipuin eta esaunda. “Kontakizun bakoitza zutabe bitan aurkezten da liburuan. Alde batean, etno-testu zehatza dago idatzita (hiztunak ahoskatutako moduan) eta, bestean, berau hobeto ulertzeko era ematen duen bertsioa (transkripzio etimologikoa). Modu horretara, balio etnografikoa zein linguistikoa ditu testu bakoitzak”, azpimarratu du Etxebarriak. Bertan aipatzen diren gaiak ere askotarikoak dira, mitologiatik hasita: jentilak, laminak, usadioak, umeen kontuak, sexua... Azken gai honekin arazoak izan dituela onartu du zeberioztarrak: “Ez dira galdera errazak gai honi buruzkoak. Eskerrak orain dela bi urte zendu zen nire amari; berak lagundu zidan galdetegia osatzen, aita alboan zuela, erabat lotsatuta”.
Zehaztasuna ere izan da Etxebarriaren helburuetako bat, gaur azaldu duenez: “Fonetikako irakasle izan naiz urte luzez Deustuko Unibertsitatean, eta beti saiatu naiz zehaztasunera jotzen: gauzak eredu onean hartu, etorkizunari eredu finkagarri bat emateko. Joxemiel Barandiaranen aholkua jarraituz, ondo ezagutzen dudan terrenotik hasi naiz, hots, etxetik. Eta transkripzio zehatzak egin nahi izan ditut, eta horretarako erabili dut Barandiaranen beraren inkesta-moldea. Oso inportantea da berriemaileen fitxa zehatzak egitea, detailerik txikiena ere jarri behar da”. Eta anekdota bat ere kontatu du, honen harira: “Behin, Orozkon gertatu zitzaidan berriemailea mutu egotea, eztarria izorratuta zeukalako. Berak ezpainak mugitu eta bere emazteak egin zidan interpretazioa, berriemaileak esan nahi zituenak niri kontatuz. Honela, esan behar da liburuan agertzen direla berba batzuk oraindik ez direnak jaso inongo hiztegian. Lexiko lan luze-zabala egin dut”.
“Bihotza taupaka, memoria bizirik”
Egilea zoriondu ostean, Jose Antonio Rodriguez Deustuko Erakunde Harremanetarako errektoreordeak elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du gaurko aurkezpen ekitaldian, Deustuko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza aspaldikoa dela gogoratuz. Liburu berri hau ere erakunde bien arteko lankidetzari esker argitaratu da: “Gure unibertsitatearen eginkizunen artean dago euskararen sustatzea, eta, noski, Akademiaren DNAn ere bai. Askotan esaten dut herri txiki bat garela, geure balio erantsia edo indargunea ez dagoela tamainan, baizik gauzak egiteko eran, eta elkarlana da gauzak egiteko modu bat, dohainik dena eta gure esku dagoena. Liburu hau ez da Akademiaren eta gure arteko elkarlanaren lehen fruitua, eta ez da azkena izango”. Beste kontu bat ere aipatu zuen Rodriguezek, hurbilagokoa: “Manu ikertzailearekin batera, Manu irakaslea aipura ekarri nahiko nuke gaur, urteetan hemen, Deustuko Unibertsitatean lanean egon dena -orain emeritua den arren-; eta, edozeini galdetuta, denek diote Manu irakasle ona izan zela. Ikasleek Manu estimatzen zuten eta maitatzen zuten, eta epai esanguratsua da hori”.
Etxebarriak aurkeztu duen liburuaren balioa nabarmendu nahi izan du Rodriguezek jendaurrean: “Geure buruari galdetuko bagenio zeintzuk diren euskarak dituen erronka nagusiak, seguruenik bat etorriko ginateke: erabilerarena, teknologia berriei egokitzearena, hizkuntza nagusien ur handi horietan gure tokia bilatzea... Baina, horiek badira erronkak, zertara dator liburu hau? Badira bi esaldi gustuko ditudanak: izan ginelako gara eta garelako izango dira eta katea ez da eten. Beraz, ez dugu atzera begiratzen soilik gauzak jakiteko, ez gara erudizioaz ari, gutaz ari gara, gure iraganaz, gure izate kolektiboaz ari gara. Bihotza taupaka, memoria bizirik, hor laburtu daiteke guztia, liburu hau memoria bizia delako, Gorbeialdeko memoria bizia, hizkuntza, ohiturak eta mundu ikuskera biltzen dituen memoria bizia, gaurko erronkei aurre egiteko ezinbesteko dugun memoria bizia”.
Andres Urrutia euskaltzainburuak ere zoriondu du egilea, eta poztu da “gure hitzarmenak errealitate bihurtzen direlako, ez ditugulako egiten bakarrik argazki bat egiteko, baizik eta lanerako, proiektu konkretuak gauzatzeko eta emaitzak euskal gizarteari eskaintzeko, hori baita -eta izango da etorkizunean- Euskaltzaindiaren egiteko nagusia”. Liburuari dagokionez, hauxe esan du euskaltzainburuak: “Liburu honetan egilearen esku trebeak eramaten gaitu Gorbeia inguruko etno testuetara. Sarritan, euskal letretan badago etnolinguistika alboratzeko joera, aldi moderno honetan maiz izaten baitugu nondik gatozen eta gure izate kolektiboa zerk osatzen duen bazter usteko gogoa. Horiek biltzea eta erakustea betidanik izan da Juan Manuelen arduretako bat. Ipuinak, istorioak, gertaerak..., eroapenez eta jakituriaz bilbatu, sailkatu eta argitaratu ditu. Eta zertarako da baliagarri lan hau? Batetik, euskararen nondik-norakoa zehatz-mehatz gozatzeko eta belaunaldiz belaunaldi tradizioaren katebegiak bermatzeko. Bestetik, zin-zinezko corpusak egiteko eta sortzeko, geroko lan eta ikerketa arloetan oinarri sendoak jarriz”. “Fruitutik ageri da arbola, obretatik gizona”, esan du Urrutiak, eta aitortu du Etxebarriak “ezin hobeto” frogatzen duela aldioro “esamolde horren funtsa”.