2015eko Itzulpen Onenari ematen zaion Sari Nazionala egokitu zaio Luis Baraiazarra Txertudi ohorezko euskaltzainari (2010ean izan zen izendatua), Espainiako Kultura Ministerioak gaur bertan jakinarazi duen legez. Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskaratzearren eman diote sari nagusia Meñakako semeari. Baraiazarrak lau urte eta erdi eman ditu Santa Teresaren lan guztiak euskaratzen, 1.852 orrialdeko tomo bakarrean plazaratu direnak, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskal Herriko Karmeldarren eta Markina-Xemeingo Karmeldarren laguntzari esker.
Egindako lanak zuen mamia eta kalitatea ikusita, Euskaltzaindiak sari nazionalerako proposatu zuen Luis Baraiazarra, eta beste 11 lanen artean gailendu da berea. Baraiazarrak pozik hartu du albistea: “Nahikoa ezustea izan da niretzat horrelako leku batean saria jasotzea”, aitortu du karmeldarrak. “Lau urte eta erdiko lana izan da, eta uste dut Santa Teresaren olerkiak euskaratzerakoan egin dudan ahalegina nabarmendu dutela epaileek, batez ere. Egia esan, errima eta neurri berdinean itzuli nituen, eta horrek esfortzu ikaragarria eskatu zidan”, gaineratu du idazle eta itzultzaile bizkaitarrak.
Santa Teresa Jesusenaren jaiotzaren bosgarren mendeurrenarekin batera atera nahi zuen lana Baraiazarrak, baina ez zuen lortu, gutxigatik: “Ahalegindu nintzen, baina apur bat beranduago amaitu nuen dena. Gero, Julen Urkiza lagunak hartu du itzulpen guztia argitaratzeko ardura. Horretan be joan da denbora, orrialde asko baitziren. Tira, egina dago eta argitaratua, eta horrek asetzen nau”, azaldu du Baraiazarrak, pozarren.
Santa Teresaren lanen berezitasunak ere azpimarratu ditu itzultzaile eta bertsozaleak: “Emakume handia izan zen, bere garaia gainditu zuena. Zerbait nabarmentzekotan, 'Fundazioak' eta 'Gutunak' aipatuko nituzke, hortxe ikusten baita bere gizatasuna, giza-harremanetarako zeukan gaitasuna. Gainera, 'Fundazioak' obra gozoa da irakurtzeko, atsegina, abentura ugari kontatzen duelako. Beste lanak mistikoagoak dira”.
Lan 'berdingabea'
Andres Urrutia euskaltzainburuak meñakarraren merituak aipatu nahi izan ditu, labur-labur: “Baraiazarra, poetikotasunetik harago, itzulpengintzaren bidez euskararen aitzinamendua bermatu duen gizona da”. Adolfo Arejita euskaltzainak ere goraipatu nahi izan du Meñakako idazle eta itzultzaileak eginiko lan “berdingabea”: “Santa Teresa Jesusenaren obra osoa, gaztelaniaren klasiko handietariko batena, gaurko euskarara ekartzea, duen neurriagatik eta hizkeraren denboraren joan-etorriko aldeengatik, lan zaila eta nekeza gertatu bide zaio ezinbestean. Geldiro eta kontu handiz goldatu beharreko arloa, nolanahi ere, bere zazpi ahaleginak meritugarri gertatuko baziren; ereduzko itzulpena jadetsiko bazuen. Bost bat urte eroan dizkion beharleku sorra eta lorra. Euskal hizkuntzarentzat ekarri berdingabea, gure hizkuntza literatura mailan hots handiko bihurtze aldera. Luis Baraiazarra idazle fina, trebatua eta segurua dugu. Nekez aurkituko diezu akatsik bere idatziei, itzultzen zein sortzen. Hitzak egoki hautatzen daki beti. Erraz eta ulergarri euskaratzen daki berez zaila eta itzulgaitza den prosa ere. 'Cum laude' gainditu du egitekoa. Zorionik bizienak eta eskuak bete esker, egin digun oparia eskertzeko adina ez dira izango baina”.
Santa Teresaren itzala
Santa Teresa Jesusenaren jaiotzaren V. mendeurrena gogora ekartzeko asmoz, Luis Baraiazarra karmeldar eta ohorezko euskaltzainak haren idazlan guztiak euskarara itzuli zituen 2015ean. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskal Herriko karmeldarren eta Markina-Xemeingo (Bizkaia) karmeldarren laguntzaz egin zuen itzulpena. 1.852 orrialde dituen liburu mardul eta mamitsuak honako lanak jasotzen ditu: Bizitza liburua; Perfekzio bidea; Barne gaztelua; Fundazioak; Gutunak eta Arimako kontakizunak.
Santa Teresa Jesusena "eragin handiko pertsona" izan zen XVI. mendeko Gaztelan, bai arlo literarioan eta bai erlijiosoan ere. "Emakumeak oso gutxietsita zeuden sasoian, liderra izan zen, baina ez monjen lider bakarrik, fraideen buru ere izan baitzen", esan du idazleak. Literaturan, bere sasoiko zein gaur egungo adituen goraipamena jaso dute haren testuek eta gaztelaniaren aldi klasikoko erreferentzia nagusietako bat da.
Idazlea fina eta bertsozale amorratua
Luis Baraiazarra Txertudik (Meñaka, 1940) Meñakako eskolan egin zituen lehen ikasketak, 12 urte betetzeko zegoela Zornotzako Karmeldarren ikastetxean sartu arte. Latin eta giza zientziak Zornotzan eta Nafarroako Alesbesen egin zituen. Gasteizen burutu zituen Filosofiako hiru urteak eta Begoñako Karmelon teologiako lau urteak. 1966an apaiztu zen eta 1966ko abuztuan Markina-Xemeinera joan. Harrezkero, bertan bizi da.
Ohiko ziren eliz ikasketak egin ondoren, maisutza-ikasketak egin zuen, Valladoliden 1970an titulua lorturik eta geroago euskal filologia Deustuko Unibertsitatean, lizentziatu titulua 1982an eskuratu zuela. Hogei urtean irakasle izan da O.H.O.n. 1988ko azaroan, irakaskuntza utzi eta 'Bostak bat' lantaldean hiztegigintzari ekin zion, dedikazio osoz. 1991ko abenduan Hiztegi Batuko batzorde berrian batzordekide izendatu zuen Euskaltzaindiak eta 1996an gramatika-batzordeko kide. Pixka bat lehenago, urte berean, euskaltzain urgazle izendatua izan zen.
Baraiazarra Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkari izan da urte askotan. Epaile-zeregina bete du hainbat mailatan: Eskolartekoan, Araba-Bizkaikoan, Bizkaikoan eta Euskal Herriko txapelketa nagusian. Eskolarteko eta Bizkaiko txapelketetan ohiko epaile eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian bi aldiz epaile eta beste behin ordezko izan da.
'Bostak bat' lantaldeko jardueraz gainera, Kili-kili aldizkariaren orrazketa eta euskara batuan jartzea izan ohi zuen bere gain. Karmel aldizkarirako artikuluak idazten ditu eta, hala behar izanez gero, beste zenbaiten lanak orraztu nahiz itzuli ere bai. Bere idazlanen artean aipagarriak dira Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa (2003) eta Santa Teresa Jesusena (2015) itzulpen lanak eta Nire sasoiko Markina-Xemein (2009) liburua.