Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak Resurreccion Maria Azkue Literatura Sarien deialdi berri bat zabaldu dute. Sari hauen xedea idazle gazteak literatura mundura erakartzea da, eta, jakina denez, bi genero saritzen dira: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Sari hauetara euskaraz idatziriko narrazio zein olerki-lanak aurkez daitezke, egilearen bizilekua edo nazionalitatea edozein izanik. Hori bai, lanak originalak eta inoiz argitaratu gabeak izan behar dira; ez dira onartuko beste lanen itzulpenak edo moldaketak. Lanak makinaz alde batetik idatzirik aurkeztuko dira, folio edo A4 neurriko orrietan, eta hiru kopia bidali beharko dira Akademiak Bilbon duen egoitza nagusira (Plaza Barria, 15/ 48005). Lanak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 23an amaituko da, eta erabakiak 2017ko martxoaren 15a baino lehen iragarriko dira. Informazio gehiago, gure egoitza nagusira deituz: 94 4158155.