"Mendebalde Kultura Alkarteak askotariko argitalpenen artean, Pablo Zamarriparen 'Manual del Vascófilo' argitaratu zuen 2011n. Hirugarren argitalpenerako ezin aurkitu izan genuen Zamarriparen argazkirik. Bestalde, Euskaltzaindikoa ez zenez fidagarria, Loiuko Zamarripa auzoko argazkia ipini genuen azalean", esan du Karmele Perez Urrazak.
Eta argazki berriaren nondik norakoak azaldu ditu, ondoren: "Kontua da, jakin nuela Zamarriparen erretratoaren berri. Behin, Jazinto Iturberi komentatu nion Zamarriparen argazkia ikusita nuela euskara irakasteko liburuxka batean. Liburu hori, Juan Anjel Etxebarria santurtziar idazle, olerkari eta itzultzailearena da. Gainera. badakigu 1975etik aurrera euskara eta euskal literaturako irakasle izan zela Gernikako Seber Altube ikastolan, 1976tik 83ra Bermeoko ikastolan eta 83tik aurrera, hil arte, Gernikako institutuan; baita, hamar urte lehenago, hiru liburuxka argitaratu zituela euskara gradualki edo kurtsoka irakasteko. Horietako hirugarrenean ('Apuntes para Clase de Vascuence. Tercer curso'), testutik aparte hiru erretrato agertzen dira: Pablo Zamarriparena; Gabirel Manterolarena eta Joseba Andoni Errotalazarena, orri banatan. Idazleak liburuxka giro euskaltzalean egin zuen, Bilboko San Antongo parrokiako katekesiaren babesean, Don Klaudiok sortu zuen 'Euskal Argitalpenak' argitaletxean. Horregatik, fidagarritasun osoa ematen diogu liburuxkan agertzen den Zamarriparen argazkiari, agian publikoki ezagutzen den bakarrari".
Orain, Euskaltzaindiari eman dio Mendebalde Kultura Alkarteak argazki berri hori, bere artxiboan gorde dezan.