Nabarralde Fundazioak eta Iturralde Ikerketa eta Ekimen Elkarteak Koldo Artola Kortajarena hizkuntzalari, etnografo eta ohorezko euskaltzaina omenduko dute, bihar, Iruñeko Kondestablearen Jauregian. "Urte luzez euskararen berreskurapenean egindako lan aberatsagatik" egingo diote gorazarrea donostiarrari.
Elkano kalean jaioa, zazpi senidetan gazteena da Artola Kortajarena. Ama Anoetakoa zuen eta aita donostiarra. Aitona (aitaren aita) pertsona ezaguna izan zen Donostian: Pepe Artola idazle eta antzezlea, hain zuzen. Eta baita birraitona ere (Peperen aita), Ramon Artola idazle euskaltzalea. Alabaina, Koldok ez zuen euskararik jaso etxean, Donostiako giroa oso erdalduna baitzen gerraostean. 21 urterekin hasi zen euskara ikasten, eta handik aurrera euskalkiak izan dira bere pasioetako bat.
Lanbidez aurrezki kutxa batean lanean aritu arren, nekaezin jardun du ahozko ondarea eta euskalkiak jasotzen, bereziki Nafarroan eta Iparraldean. Euskaraz mintzo ziren azken hiztunak elkarrizketatu zituen hainbat herri txikitan, besteak beste Izaban eta Uztarrozen. Eta Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikorako hainbat eta hainbat inkesta egin zituen, Aranzadi elkartearekin. Lanean jarraitu du gerora ere, jasotakoa transkribatzen, eta 2014an 'Ziorditik Uztarrozeraino' lan mardula plazaratu zuen, inguru hartako azken hiztunen testigantzekin. Ohorezko euskaltzaina da 2004tik.