Jean-Louis Davant (Ürrüstoi-Larrabil, Zuberoa, 1935) euskaltzain, filologo eta idazleak irabazi du aurtengo Manuel Lekuona saria, urtero Eusko Ikaskuntzak banatzen duena. Epaimahaiak nabarmendu du Davantek euskararen eta euskal kulturaren eremuan egin duen ahalegin handia, "goraipatzekoa dena". "Bat egiten du Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko izan zituen kezkekin", esan dute, eta euskaltzaina belaunaldi oso baten erreferentea bilakatu dela gaineratu. Izan ere, "Zuberoako errealitatea argi islatzen du haren pertsonak eta bere lana Euskal Herri osoari eskaini izan dio beti, katea eten ez dadin lagunduz".
Eusko Ikaskuntzatik azpimarratu nahi izan dute Davantek Arantzazuko bilkuran eginiko ekarpenak, 60. hamarkadan euskararen batasunaren zorua adosten saiatu zen Ipar Euskal herriko azken lekukoa izaki. Halaber, ezaguna dapastoralgintzan egin duen ekarpen oparo eta zabala.
Irabazlearen hautaketan herriak eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute. Honela, Eusko Ikaskuntzako bazkideen bozkak %30eko pisua izan du azken emaitzan; Euskal Komunitate Globalarenak %10a; eta falta den %60 epaimahai instituzionalaren esku geratu da. Azken hau Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Labayru Ikastegiak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak, Euskal kultur Erakundeak, Vianako Printzea Erakundeak eta Eusko Ikaskuntzak berak osatu dute.
Hona hemen 2002an JAKINen Luzien Etxezaharreta euskaltzain urgazleak egin zion elkarrizketa mamitsua.