Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Euskaltzaindiak deia egin dute euskaraz egindako ikerketa bultzatzeko sortu ziren euskarazko doktorego-tesien Koldo Mitxelena sarietarako.
Erakunde biek bi urterik behin antolatzen duten sarien 5. deialdia da aurtengoa. Aldi berri honetan bost jakintza-arlo nagusietan (Artea eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Osasun Zientziak, Zientziak, Ingenieritza eta Arkitektura) sari bana esleituko da.
Honela, EHUn 2014ko irailaren 1etik 2016ko uztailaren 31ra arteko tartean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izango dira deialdira. Europar Tesi edo Nazioarteko Tesi gisa aurkezturiko tesiak ere onartuko dira, erabilitako hizkuntzetako bat euskara izan bada. Tesia defendatu duen doktoreak berak aurkeztu behar du hautagaitza, idatzi honi loturik doan eskabide-orria eta tesiaren kopia bat aurkeztuz.
EHUn urtero aurkezten diren doktorego-tesiak 400etik gora dira, eta horien artean berrogeitik gora dira euskaraz idatzitakoak. Euskarazko tesien ekarpena bikoitza da. Alde batetik, beste hizkuntzetan eginiko gainerako tesiek bezalaxe, jakintzaren sakontzea eta zabaltzea ahalbidetzen dute. Eta, bestetik, euskararen normalizazioaren prozesuan ezinbesteko laguntzak eskaintzen dituzte.
Koldo Mitxelena zenak inork baino hobeto landu eta garatu zuen ekarpen bikoitz hau. Alde batetik, bere lan bikainei esker, euskarari buruzko jakintza zabaltzen eta sendotzen lagundu zuen, bai Euskal Herrian zein nazioarte mailan; bestetik, euskal hizkuntzak berak ez zuen lortuko gaur egun daukan garapena eta hedapena arlo akademiko eta zientifikoetan Mitxelenak egindako funtsezko lanak kontuan hartu gabe. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko bere katedratik eta Euskaltzaindiaren baitan egin zuen ekarpen ugari. Irakasle eta euskaltzain bikainaren omenez, euskarazko tesien sari honek Koldo Mitxelenaren izena darama.
Gizon jakintsua
Koldo Mitxelena Errenterian jaio zen, 1915eko abuztuaren 20an, eta jakina da euskaltzale eta ikertzaile porrokatua izan zela, euskararen bateratze prozesuaren ardatz, buru eta arima. Baina bere biografiak baditu bestelako kontu bitxiak: Bazenekiten heriotza zigorra ezarri ziotela 36ko gerraren ostean? Eta kartzelan ikasi zituela Filosofia eta Letrak? Gizon jakintsua izateaz gain, ekintzaile aparta izan zen Mitxelena. Bere omenez sortu ziren EHUk eta Euskaltzaindiak bultzatzen dituzten sariak.