Urriaren 16an ospatuko den Nafarroa Oinez 2016 Ibaialde (Lodosa) eta Erentzun (Viana) ikastolek antolatuko dute. Vianan ia dena dago prest egun handirako, eta Euskaltzaindiak bertako irakasle eta gurasoen ilusioarekin bat egin nahi izan zuen atzo. Horretarako, Lodosako Ibaialde ikastola bisitatu zuten akademikoek, haurren zein irakasleen ilusioa bertatik bertara ikusteko aukera izan zutela. "Sinestezina da hemen egin dutena", esan zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak eraikuntzari erreparatuz. "Duela 15 urte etorri ginen eta hemen ez zegoen ezer; orain, etxe dotore hau daukate", esan zuen, harridura ezkutatu ezinik, euskaltzainburuak.
Ikasleen aurrean ere mintzatu ziren akademikoak; haien galdera zorrotz eta bitxiak erantzun behar izan zituzten, tarteka barre algarak eraginez.
Aurretik eta goiz partean, Lodosa eta Sartagudako alkateek harrera abegikorra egin zieten euskaltzainei, Lodosako Udaletxean. Ohiko opari-trukaketaren ostean, bertako alkateek eta Andres Urrutiak hitz egin zuten. Euskaltzainburuak hasieratik azpimarratu nahi izan zuen Erribera Goikoan bizi diren guraso eta herritarren kemena, "izugarrizko meritua" dutela azpimarratuz. "Gure hizkuntza bultzatzen jarraitzen dute, euskara ia desagertuta egon den eremu honetan; eta, gainera, Nafarroako legedia kontra zutela egin izan dute hori guztia", gaineratu zuen.