Esan bezala, Metamorfosia izango da protagonista "Klasikoen irakurketa jarraitua" ekimenaren 9. edizioan. Hori dela-eta, Bilbo Zaharra Forum egitarau trinkoa egiten ari da ikasturtean zehar. Egitarau horren azken txanpa datorren astean burutuko da: hilaren 6an, Bernardo Atxagaren hitzaldia izango da; ekainaren 7an, Jordi LLovet eta Naroa Zubillaga mintzatuko dira; eta 8an Uxue Alberdik, Andoni Egañak eta Pedro Alberdik ordu eta erdiko emankizuna eskainiko dute. Hitzordu guztiak iluntzeko 19:00etan izango dira, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Bilbo Zaharra Forumak antolatutako ekitaldiek Euskaltzaindia izan dute laguntzaile hasieratik; besteak beste, hitzaldi guztiak Euskaltzaindiaren egoitzako areto nagusian egiten dira.