Azokak urteurren biribila ospatuko du aurten: 50 urte. Horietan guztietan, Euskaltzaindia Durangon izan da eta hala egingo du 2015ean ere. Beste zenbait argitalpenez gain, Akademiak nobedadeak izango ditu salgai: besteak beste, Erlea aldizkariaren 9. zenbakia eta Euskera argitalpenaren azken bi zenbakiak. Azoka abenduaren 4tik 8ra arte egingo da.
Gerediaga elkartearen eta, horrenbestez, Durangoko Azokaren sortzaileak -"eurak izan ziren Gerediagako eta Azokako lehenengo hazia landatu zutenak"- omenduko ditu 50. Azokak eta Argizaiola saria eurei emango die. Saridunak honakoak izango dira: Jose Luis Lizundia, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Arrate Salazar, Koldo Alzibar eta Jesus Astigarraga. Argizaiola Sariak abenduaren 5ean banatuko dira San Agustin Kulturgunean.
Bestalde, Azokaren historia biltzen duen liburu bat kaleratu dute. Jesus Maria Arruabarrena eta Joseba Sarrionandiaren artean idatzi dute.