Ekitaldia EITBren laguntzaz gauzatuko da Eusko Legebiltzarrean eta zuzenean eskainiko da ETBtik abenduaren 3an, goizeko 09:00etatik aurrera.
Bernart Etxepare eta Koldo Mitxelena izango dira ekitaldiko bi erreferentziak. Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, “eragozpenak eragozpen, plazara ginen Etxeparez geroz, eta plazan iraungo dugu, gerta ahala gerta, baldin asmoz eta jakitez -ausarki, eta halere neurriz- jokatzen badakigu”
2011tik elkarlanean
Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak 2011. urtean lankidetza hitzarmena izenpetu zuten. Hitzarmen horretan, besteak beste, elkarrekin liburuak argitaratzeko ahalbidea ageri zen. Hori dela eta, 2011. eta 2013. urteetan, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua berrargitaratu zen, hainbat hizkuntzatan. Lehenbizikoa, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta italieraz, eta bigarrena, galegoz, katalanez, errumanieraz, kitxuaz, txineraz eta arabieraz. Halaber, bi edizio horietan liburuaren faksimilea eta euskarazko gaurko grafiara ekarrita testuak ere argitara eman ziren, sarrera eta aurkezpenekin batera.
Oraingo honetan, Bernart Etxepareren "Euskara Jalgi Hadi Plazara" aldarria gogoratuz, "jada Euskara Plazan dagoela azpimarratzeko", goiburu horrekin egingo da ekitaldia, Eusko Legebiltzarrean, 09:00etatik aurrera. Esan bezala, EiTBk zuzenean emango du.
Ekitaldian Etxepareren idatziak eskainiko dira polonieraz, hebreeraz, finlandieraz, nederlanderaz, georgieraz eta errusieraz, hizkuntza horien eta euskal kulturaren eta hizkuntzaren arteko sarrera / azalpen bat bidelagun dutela –Xabier Kintana euskaltzainak eta edizio arduradunak paratua–. Era berean, Frantziako Biblioteka Nazionalean gorderik dagoen Bernart Etxepareren faksimilea eta euskarazko gaurko grafiara ekarririko testuak ere jaso dira.
Euskal testuaz eta aipaturiko itzulpenez gainera, argitalpen berriak Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarraren presidentearen eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzaurre bana jaso ditu.