"Euskararen Historia Soziala. Argibide Bibliografikoak" atariaren xede nagusia honako hau da: Euskararen Historia Sozialari buruzko tresna bibliografikoak guztion eskura jartzea. Ataleko edukiak euskararen historia soziolinguistikoaz ari dira. Hizkuntzaren iraganaren eta euskal gizartean izan duen bilakaeraren berri ematen da, eta inguruko hizkuntzekiko harremanak ere kontuan hartzen dira.
Euskararen Historia Soziala. Argibide Bibliografikoak lanaren lehen bertsioa paperean argitaratu zen: liburu inprimatua 2011n eman zuen argitara Euskaltzaindiak, eta geroztik, 2012an, Akademiak atal berria zabaldu zuen webgunean. Lehen emanaldi horrek 4.441 sarrera zituen. Esan bezala, bigarren emanaldi honetan 592 sarrera berri erantsi dira eta orain 5.033 sarrera bibliografiko ditu. Horietatik 2.206 sarrera osorik irakur daitezke interneten, hau da, %43k du testurako esteka zuzena.
Egin diren lanak
Aurreko lanak berrikustean, eta erantsi diren 592 sarrera berrietan, lan hauek egin dira:
- Hautatutako erreferentziak banan-banan egiaztatu, hainbat liburutegitan (Azkue, Habe, Koldo Mitxelena...).
- Eremuka bateratu: egilea, izenburua, argitaletxea, etab. Izen-deituretarako Euskaltzaindiko Azkue Katalogoa erabili da eta horra jo beharko du irakurleak, zernahi argibide behar izanez gero.
- Lanak hautatutako liburutegietan aurkitu eta informazio hori kode bidez jaso (ikus liburutegien zerrenda “laburdurak” pdf-an).
- Sarrera bakoitzari gako-hitzak erantsi, horien arabera ere bilaketak egin ahal izateko.
- Interneten irakur daitezkeen lanen estekak aurkitu.
Emanaldi berri hau baliatu da aurreko 4.441 sarreretan ere berregokitze lan batzuk egiteko: besteak beste, liburu edo artikuluen edizio digitalak banan-banan berriz egiaztatu eta behar ziren aldaketak egin dira. Hala, 250 esteka berri gehitu dira eta beste 130 ordezkatu (beren webguneak berritu dituzten aldizkarienak, adibidez).
"Euskararen Historia Soziala. Argibide Bibliografikoak" atalaren arduradunen esanetan, "ondoko urteetarako lan-prozedura bat finkatzen da oraingo eskaintza berri osagarriarekin. Lana ez dago bukatuta, hasita baizik. Hainbat liburutegitako albisteak jasotzeko daude oraindik; era bertsuan, ikertzaileek beren lan berrietan proposatuko dituzten erreferentzia bibliografikoak biltzen jardun beharra dago, eta kontuan hartu beharko dira aldizkariek egingo dizkiguten ekarpenak. Horiek eta gehiago begiratu beharko ditu gure zerbitzu bibliografikoak".