|
Paulo Agirrebaltzategi Kortabarria. Araotzen (Oñati - Gipuzkoa) jaioa, 1942an. Apaiz frantziskotarra da. Romako Antonianum-ean Teologian doktorea da. Deustuko Teologia Fakultatean irakasle izan zen. 1971etik, Jakin aldizkariko kide, eta lauzpabost urtetan Jakin Taldearen arduraduna izan zen.
1970eko hamarkadan, UZEIren fundatzaileetako bat izan zen eta erakunde horretako lehen presidentea. 1990eko hamarkadan EUSENOR egitasmo entziklopedista diseinatu zuen eta egitasmo horren zuzendari orokorra izan zen. EKBko (Euskal Kulturaren Batzarrea) presidentea ere izan zen. Lan handia egina du hiztegigintzaren esparruan, eta liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu hainbat kultur gairi buruzkoak.
Paul Tillich-en Fedearen Dinamika eta Ernest Cassirer-en Gizakiari buruzko entseiua lanen itzultzailea izan zen. Kultura eta fedea, Natur zientziak: hiztegia, Catálogo de incunables e impresos del siglo XVI de los conventos franciscanos de Arantzazu y Zarautz o Herria-2000-Eliza Euskadi pueblo-iglesia (Auñamendi, 1978) lanaren egileetako bat.
Bitoriano Gandiagaren argitaragabeko poemak biltzen zituen Poema Argitaragabeak obra publikatzeko ere lan egin zuen, elkarlanean. Eujenio Agirretxe (1920-2005) eta Araozko kantuak eta kontuak Bitoriano Gandiagak araoztarren ahotatik batua lanak argitaratu ditu.
|
|
Angel Aintziburu Kamino. Luzaiden (Nafarroa) jaioa, 1930ean. Berak dioen bezala, zahar arrandan sartu zelarik hasi zen euskarari buruzko lanetan, lehenago familiako ardurak zirela eta, ez zuelako astirik izan. Bi libururen egilea da, bata Luzaiden gaindi Jean Baptiste Etxarrenekin batera idatzia eta bestea sorterriko kontakizunak biltzen dituen Luzaiden gaindi 2 izenburukoa.
Bildu dituen kontakizunak eta euskal kantak izaten ditu normalean hizpide kolaboratzen duen zenbait komunikabidetan, hala nola, Irulegi Irratian, Aezkoako Irati Irratian, Iruñerriko Euskalerria Irratian, Herria aldizkarian, etab. 778, 812 eta 824ko Orreagako gatazken kontakizunetako ekitaldietan ere parte hartu izan du.
Bere kontakizunen artean aipatzekoak dira gerra zibilaren garaian gertatutako aferak, bereziki Iruñeko San Cristobal gotorlekuko ihesaldikoak eta, horien artean, Luzaidetik pasatu ziren bi iheslariei buruzkoak. Aipatutako Luzaideko kontakizunez gain, jadanik etxe guztietakoak ere banan-banan bildu berriak ditu.
Gazte-gaztetik maite izan ditu euskal kantak eta gustuko izan du horiek biltzea, erakustea eta kantaldietan parte-hartzea. Herriko eskolan haurrei erakusten aritu izan da eta Euskal Herrian egiten diren kantaldietan ere kolaboratzaile ezaguna da, Auritzen, Ortzaitzen, Urepelen, eta azkeneko urtean Luzaideko Peio Betan egindakoan. Luzaideko dantzen alde ere lanean aritua da.
|
|
Dionisio Amundarain Sarasola. Itsasondon (Gipuzkoa) jaioa, 1930ean. Euskaltzain urgazle izendatua 1996an.
Teologia eta Filosofia ikasi zuen, Erroman eta Parisen. Elizaren Filosofian lizentziaduna, Erroman, eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitatean. Apaiz (1953tik) eta beneditar (1948tik). 1974tik 1988ko martxora Goierriko Euskal Eskolan zuzendari, helduen irakaskuntzan, alfabetatzen eta euskalduntzen. Maizpide Euskaltegiaren zuzendaria izan zen, 1988ko apiriletik 1990eko martxora arte. Handik Gasteizera joan zen, HAEE-IVAP euskara-zerbitzuan lan egiteko. 1995ean hartu zuen erretiroa.
Idazle, zuzentzaile eta itzultzaile gisa lan ugari egin ditu, gehienak erlijio gaietakoak. Kristau ikasbideak, otoitz liburuak, meza liburuak, kristau irakurgaiak... denetarik euskaratu du erlijioaren arloan. Berak zuzendu zuen itzultzaile talde batek egin zuen Elizen arteko Bibliaren (1994) itzulpena, eta hori da bere lanik nabarmenena.
Bestalde, Gerriko Ikerlan Sariketako bildumako lanak, 1990ean sortu zenez geroztik, ia hutsik egin gabe, berak zuzenduak dira. Itzulpen lanak oso ugariak ditu. Etor, Gero eta Deustuko Unibertsitatea argitaletxeetan gai askotako liburuak euskaratu ditu: ekonomiaz, arteaz, politikaz, literaturaz... Zenbait entziklopediatan ere ekarpen oparoa egin izan du.
2001ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Abbadia Saria eman zion, euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik.
|
|
Xabier Amuriza Sarrionandia. Etxanon (Zornotza - Bizkaia) jaioa, 1941ean. Euskaltzain urgazle izendatua 1967an. Bertsolari, kazetari, itzultzaile eta idazlea. Eliz ikasketak egin zituen Zornotzan eta Derioko seminarioan. 1965ean apaiztu ondoren, Bizkaiko Gizaburuagan eta Amoroton egin zuen lan. Gogor apaiz taldeko kide izan zen. Bilboko Elizbarrutian itxialdia eta gose greba egiteagatik, 1969an atxilotu eta zazpi urtez egon zen preso Zamorako espetxean. Ondoren apaiz izateari utzi zion.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia bi aldiz (1980, 1982) jarraian irabazi zuen. 1986ko Txapelketa Nagusian finalista eta 1987ko Arabako-Bizkaiko Txapelketan txapeldunorde ere izan zen.
Artikulu ugari argitaratu du hainbat komunikabidetan: Punto y Hora de Euskal Herria, Egin, Euskadi Información, Gara. Lau urtez Anboto astekarian lanean aritu ondoren, 2006an erretiroa hartu zuen. Nobela, poesia, saiakerak edota bertsolaritzari buruzko liburuak idatzi ditu. Azken argitalpenak: Osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza; Zazpi ebidentzia birjaiotzarako; eta 4x4 operazioa, Joan ziren zazpi eleberriko zikloko laugarrena. Zilo horretan Gogor apaiz mugimenduaren historia kontatzen du.
|
|
Xipri Arbelbide Mendiburu. Heletan (Nafarroa Beherean) jaioa, 1934an. Euskaltzain urgazlea, 1987an izendatua.
1961ean Teologian lizentziatu zen Lyonen. Naoned (Bretainia) eta Belgikan ere ikasketak egin zituen. Boli Kostan 1964 eta 1975 artean ibili zen misiolari eta irakasle; hango esperientziaz frantsesez (Les Baoulés d'après leurs Dictons et Proverbes) zein euskaraz (Afrikako "Salbaien" zuhurtzia) idatzi zuen. 1976an Parisen Ecole des Hautes Etudes en Sciences Sociales diploma atera zuen. 1977 eta 1982 artean Uharte Garaziko apaiz ibili zen eta 1998an Aiherra-Izturitzekoa izendatu zuten.
Baionako Gure Irratia sortu zuen taldekidea izan zen Arbelbide eta 1982tik 1996 urtera arte bertan egin zuen lan. Herria astekarian hasi zen euskaraz idazten eta beste hainbat agerkaritan ere argitaratu izan ditu bere artikuluak. Herriz Herri eta Fededunak aldizkarien sortzaile. Horretaz gain, aldizkari eta egunkari ugaritan egin ditu kolaborazioak.
Itzulpengintzan aritua da: F. Mauriac-en Terexa Desqueyruoy (1989) eta George C. Pipkin-en Pete Aguereberry lanak itzuli ditu, besteak beste. Sorkuntza lanetan, bestalde, Irri Solas (1983); Lupua eta Mika (1987); Iraultza Heletan (1993) edo Euskaldunak Aljerian (2003) lanak eman ditu argitara, beste batzuen artean. Sari ugari jaso ditu, horien artean Xalbador Saria (1981, 1984, 1986); Irun Hiria (1982); Rikardo Arregi ohorezko saria (2001); 2008ko saria, Txomin Peillenekin batera, Sarako Euskal Idazleen Biltzarrean.
|
|
Antonio Campos Illarramendi. Orion (Gipuzkoan) jaioa, 1942an. Ikastola mugimenduaren erreferentzia garbia, haren ibilbidean berebiziko aitzindaritza erakutsi zuen, bi hamarkadetan zehar (1980tik 2002ra bitartean). Gaztetxo zela, Donostiako Seminarioan apaiza izateko ikasketak egin eta gero, Orioko Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalean hasi zen lanean, eta bertan hartu zuen erretiroa.
Berehala inplikatu zen ikastolako zereginetan. Bailarako ikastolen ordezkari eginkizunetan, Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen batzordean, Talde Bateragilean, esku hartzen hasi eta urte gutxi egin ostean, 1980. urtean ikastolen lurralde erakundearen lehendakari izendatu zuten bertako ordezkariek. Hain zuzen, Gipuzkoako Ikastolen Elkartetik 1980tik 1987ra eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederaziotik 1987tik 2002ra bitartean, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, Foru Aldundiekin eta Ipar Euskal Herriko Administrazio Publikoekin batera arituz, ikastola mugimenduaren dinamismoa eta gizarte-erantzukizuna goi mailarik garaienetara eraman zuen.
Ikastola mugimenduaren hastapenetan, ikasmaterial euskaldunen edizioan, han eta hemen zeuden proiektuak Antonio Camposek hiru ildo sendotu eta eraberri zituen: bertatik eta euskal pedagogia berritzailetik sortzea; ekoitzitako materialen gaineko ekonomia soziala eta berriro ikerkuntzan eta garapenean (I+G) inbertitzeko sistema asmatzea; eta hezkuntza euskaldunaren indartze eta kolonizazio linguistiko eta kulturala ekar zitzaketen enpresa-egitasmoei enpresa euskaldunen arteko lankidetza bermatzea. Antonio Campos Gipuzkoako ikastolen lehendakari izendatu eta gutxira, Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa martxan jarri zuen,.
|
|
Maite Idirin Solatxi. Ugaon (Bizkaia) jaioa, 1943an. Soziologia ikasi zuen, baina musika izan da bere bizitzaren ardatza. 1968an hasi zen herriz herri kantari. Bittor Egurrolarekin, Beti Alai taldearekin eta Zintzoak bikotearen laguntzaz, Herrikoi taldea sortu zuen. 1968an, Atahualpa Yupanki euskaraz argitaratu zen, Durangoko azokarako, Gabriel Arestik eta Paulo Iztuetak euskaratutako testuekin. 1968ko abenduan, Eibarko sariketako bakarlarien artean garaile suertatu ziren Maite Idirin eta Estitxu. Sariaren publizitateari esker Hego Euskal Herri osoan emanaldiak eskaintzen hasi zen Idirin.
1969an, orduko egoera politikoa zela-medio, Baionara alde egin zuen, eta Parisera gero. Bertan auzo latineko Candelaria kafe-antzokian kantatuz atera zuen bizimodua. Hiru urte egin zituen horrela, eta bi disko txiki atera zituen.
1973an Donibane Lohitzunera joan zen bizitzera. Baionan Zabal liburu denda ireki zuen, eta emanaldi ugari eskaini zituen, ikastolen loraldia hasi baitzen. Halaber, Baionako kontserbatorioan musika ikasketak hasi zituen 1975ean. Ondoren Bordelen jarraitu zuen ikasten. Bietan Urrezko Domina eskuratu zuen, 1979an eta 1981ean. Ordurako lehen disko luzeak kaleratuak zituen: Hazia sortzen denez lurpean jarria... eta Ahizpatasuna.
Franco diktadorea hil zenean, Hegoaldean hasi zen abesten berriz ere. 1979an, Baionako urrezko domina eskuratu zuen. 1981ean berriz, Bordelekoa. Honen ostean, musika klasikoari ekin zion. 1988an Euskal Kamerata kaleratu zuen. Hurrengo urteetan, Alejandro Zabala pianistarekin lan egin zuen, eta Ametsetan lana kaleratu. Gero soprano bakarlari aritu zen Xaramela abesbatzarekin.
|
|
Mixel Itzaina. Alduden (Nafarroa Beherea) jaioa, 1933an. Euskaltzain urgazle izendatua 1967an. “Errola” edo “Baxenabartarra” ezizenez ere ezaguna, idazle eta bertsozalea da. Batxiler eta propedeutika ikasketak egin zituen Uztaritzen eta Baionan. 1956an Baionako seminarioaren saria irabazi zuen “San Frantzes Xabierrekoaren eta Loyolako Ignazio” idazlanagatik.
Soldaduska hainbat herrialdetan egin zuen, bulego lanetan batez ere: Frantzia, Alemania eta Aljeria. Aljerian Eskual Herria bihilabetekaria argitaratzeaz arduratu zen, euskal soldaduen berriekin. Ondoren Maulera aldatu zen, irakasle lanetan aritzeko. Laster, ordea, Kanboko Udaleko idazkari izendatu zuten eta hogeita hamar urtez aritu zen, erretiroa hartu arte. Mixel Labeguerie Kanboko alkate zela, elkarrekin lan egin zuten politikaren nahiz kulturaren alorretan.
Hain zuzen, Mixel Labeguerie hil ondoren (1980), Mixel Itzainak ordeztu zuen Eskualzaleen Biltzarreko buruzagitzan. Euskal kulturaz sarri idatzi du Herria edota Gure Herria aldizkarietan.
Bertso saio eta txapelketan, gai-jartzaile eta epaile lanetan ibili da luzaroan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko epaile izan zen hainbat aldiz (1965, 1980, 1982, 1989). 2010ean berak ezarri zion txapela Amets Arzallus Ipar Euskal Herriko irabazleari. Ipar Euskal Herrian bertsoarekiko zaletasuna sustatzeko, Bertsularien Lagunak elkartea sortu zuten Baionan 1980an. Besteak beste, Seaskarekin elkarlanean aritu ziren bertso eskolak ematen 1990tik aurrera. Mixel Labéguerieren biografia idatzi zuen, Bidegileak bilduman (1999). Louis Dassance (2008) eta Xalbador (2014) liburuak ere argitara eman ditu.
|
|
Jon Landaburu Illarramendi. Parisen (Frantzia) jaioa, 1943an. Aita Xabier Landaburu izan zen, lehenengo Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea.
Pariseko Sorbonne Unibertsitatean egin zituen Filosofia eta Hizkuntzalaritza ikasketak eta ondoren Kolonbiara joan zen kooperante gisa. Kolonbiako nazionalitatea adopzioz eman zitzaion. Kolonbian emandako urteetan guztietan bertako hizkuntzak sakonean ikertu ditu eta gaur egun gai honetan Kolonbiako aditu nagusienetakoa da. Kolonbiako Gobernuak berak aholkulari bezala erabili izan du hizkuntzen arloko gaietan. Hizkuntzalari ez ezik, irakasleen formatzailea ere bada, edota Kolonbiako hizkuntzen aldeko legerik aurrerakoienen bultzatzailea, eta hizkuntz erkidego gehienen laguntzaile zuzena.
Bogotan, beste ardura askoren artean, Andeetako Unibertsitatean Etnolinguistikako programa garrantzitsua zuzendu zuen (1984-1996) bertako hizkuntzalari askoren prestakuntza bideratuz; C.C.E.L.A (Centro Colombiano de Estudios de Lenguas Aborígenes) erakundea ere sortu eta zuzendu zuen (1989-1996), eta Caro y Cuervo institutuak bideratutako "Atlas lingüístico de lenguas indígenas de Colombia" ekimenaren batzorde teknikoko kide izan zen (1986-1991).
EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako ohorezko kidea da. 2012an Linguapax saria eman zioten.
|
|
Joan Martí i Castell. Tarragonan (Katalunia) jaioa, 1945ean. Bartzelonako Unibertsitateko eta Erromako La Sapienzako Unibertsitateko doktorea (Filologia Erromanikoan eta Lingue e Letterature Staniere-an, hurrenez hurren). Hizkuntzalaritza Diakronikoan, Hizkuntzen Historia Sozialean eta Soziolinguistikan eta Lexikografian aditua.
Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatearen sortzailea, bertako lehen errektorea izan zen, eta baita Filologia Katalanaren saileko zuzendaria ere. Kataluniako eta Italiako beste hainbat unibertsitatetan ere irakasle aritu da.
Institut d'Estudis Catalans-eko kide osoa da, eta 2002tik 2010era bertako Secció Filològicako burua izan zen. 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu, katalan hizkuntzaren historia, gramatika eta erabilerari buruz, eta baita artikulu ugari ere. Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburua katalanera itzuli du (2013ko abenduan, Eusko legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak aurkeztua).
Hainbat sari jaso du, besteren artean Tarragona Hiriko domina, eta hiri bereko Rovira i Virgili Unibertsitatearena ere.
|
|
Martin Orbe Monasterio. Errigoitin (Bizkaia) jaioa, 1934an. 1958an apaiztu zen eta hogei urtez izan zen Zeanuriko abadea. Bertako Lan Eskolako irakasle ere izan zen. Gogor apaiz taldeko kide izan zen. Bilboko Elizbarrutian itxialdia eta gose greba egiteagatik, 1969an atxilotu eta 1972ra arte egon zen preso Zamorako espetxean. Zamorako kartzelatik irten ostean Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes, eta han hasi zen lanean sortu berria zen Udako Euskal Unibertsitatean (UEU). Handik apur batera, Manex Goienetxe UEUko lehen zuzendariak kargua utzi zuen, bera aukeratu zuten hurrengo zuzendari (1976-1983). Bera zuzendari zen garaia erakundea Hego Euskal Herrira eraman eta bertan sustraitu zen.
Euskal Filologian lizentziaduna da. Bostak Bat taldearen kolaboratzaile estua.
2012ko urriaren 18an UEUren I. Merezimendu Saria eman zioten, euskal kulturgintzan egindako lana omentzeko.
Hainbat taldetako kide izan da: Euskal Apaizen Koordinakundea, Bizkaiko Abadeen Foroa, Herria 2000 Eliza kolektiboa eta abar.
|
|
Manu Ruiz Urrestarazu. Donostian (Gipuzkoa) jaioa, 1941ean. Euskaltzain urgazlea, 1969an izendatua.
Mendi Ingeniaritza ikasi zuen, arlo horretan doktorea delarik. Haren tesiaren izenburua “Especies Forestales Arbóreas en la Toponimia Vasca” izan zen. Arabako Foru Aldundiko Hirigintza eta Ingurumen sailean lan egin zuen, Mendi Zerbitzuko burua izan zen, jubilatu arte.
Gai horren inguruko artikulu askoren egilea da, eta ondoko aldizkarietan sarritan argitara eman ditu: La Actualidad Forestal del País Vasco, La Actualidad Forestal de Galicia, Alava-Araba, Anaitasuna, El Campo, El Diario de Navarra, Zeruko Argia, Onoma eta Sustrai.
Euskaltzaindiko Arabako ordezkaria izan zen, 1969-1970, 1992-1995ean, eta, azkenik, 2008tik 2013ra bitartean.
Eusko Ikaskuntzako eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kide.
|