679 toponimo berreskuratu dira
Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria liburuak Gasteizko Ubarrundiako toponimoak era sailkatu eta arautuan biltzen ditu. Hauek dira Gasteizko Ubarrundia osatzen duten sei herriak: Amarita, Erretana, Miñao, Miñaogutxia, Gamarra eta Gamarragutxia. Beraz, sei herri hauen toponimia ikerketa eta normalizazioaren uzta da hirugarren liburuki honetan biltzen dena.
Esan bezala, 898 toponimo aurkezten dira lan honetan. Guztietatik, 219 toponimok bizirik diraute, hortaz, 679 toponimo historiko berreskuratu dira.
Toponimia-sarrera bakoitzak toponimoen dokumentu-lagin bat ematen du, lekukotasun zaharrenean hasita eta 2010eko ahozko inkestaren emaitza ere jasota. Gainera, izenaren etimologiaren gaineko oharrak, bere eboluzioa, datu historikoak eta mapan duen kokapena zehazten dira. Orotara, 12.000 datu dokumental biltzen dira, eta toponimoa agertzen den urtea, artxiboa, dokumentuaren signatura eta orria ere adierazita daude.
Osagarri gisa, liburuki honek bi aurkibide dakartza, alfabetikoki sailkatuak: bata toponimoena eta bestea hitzena. Azkenik, sei herrien orto-argazkiak ematen dira, toponimoak bertan kokatuz. Gainera, 2010ean egindako aireko argazkiak daude, 1932ko hegaldian egin zirenen ondoan. Arabako Foru Aldundiak eman du azken hauek erabiltzeko baimena.
Egitasmoa, 1996tik
Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa 1996ko irailean abiatu zen. Jose Angel Cuerda orduko alkateak, Gasteizko Udalaren izenean, eta Jean Haritschelhar euskaltzainburuak, Euskaltzaindiarenean, lankidetzarako hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horren arabera, Akademiak hizkuntzari buruzko ikerketak egin eta argitalpenak prestatuko zituen, Udalaren dirulaguntzarekin. Orduan sinatu zen dokumentuan, Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa beren-beregi aipatu zen. Lanak aurrera jarraitu du Cuerdaren ostean izan diren bi alkateekin ere: Alfonso Alonso eta Patxi Lazkozekin.
Hitzarmena sinatu ondoren, Euskaltzaindiak berehala osatu zuen lana burutu behar zuen taldea. Esan bezala, Henrike Knörr zena burua zela, talde horri egokitu zitzaion egitasmoaren lehen fasea osatzea: artxiboak arakatzea, informazioa sailkatzea, toponimo guztien bilketa sistematikoa egitea.
2006ko uztailean lan hori amaitutzat eman zen. Ordutik aurrera, Henrike Knörr-ek eta Elena Martinez de Madinak, bildutako informazio guztia gainbegiratzeaz gain, datu eta testuak hautatzeari ekin zioten. 2008ko apirilaren 30ean, baina, Henrike Knörr hil zen eta Euskaltzaindiak Jose Luis Lizundia izendatu zuen euskaltzain zenduaren ordezko. Hortaz, Martinez de Salazar eta Lizundia izan dira egitasmoaren bigarren fasea amaitu dutenak.
Materiala biltzeko, idatzizko informazio iturriak erabili dituzte ikertzaileek, batez ere artxiboetako informazioa: Arabako Artxibo Historiko Probintziala, Arabako Lurralde Historikoaren Artxiboa, Elizbarrutiko Artxibo Historikoa, Elizaren Unibertsitateetako Artxiboa, Gasteizko Udal Artxiboa, Otazuko Artxiboa.
Orotara, 400.000 leku-izen inguru bildu dira.