Aurelia Arkotxa euskaltzain osoak bidaia lerrotu zuen bere sarrera-hitzaldian, bai espazioan, baita denboran ere, oso berezkoa zaion estilo poetikoaz: "Paseiu bat proposatzen dizuet, Bidasoaren hegiari jarraikiz itsaso handiko bazterretaraino, hiria, bazterrak nahasirik bizi diren leku hauetan. Kurutzatuko ditugu, pasan, itzalak urari hurbil diren baratzeetan kurri dabiltzanak Anton Abbadia eta Loti marinel errantea. Unamuno, itsasoari so bere Bizkaia gogoan, propaganda filma zahar batetik jalgi Hitler eta Franco marioneta tragikoak, de Lancre akelarreen bila..."
Hendaian izandako XX. mendeko gertakari ilunak ere gogoan izan zituen, hala nola, Espainiako gerrate zibiletik ihesean Hendaiara heldu ziren pertsonak edota Franco eta Hitlerren arteko topaketa. Lurraldea zatitzen duen mugaz edo fronteraz mintzatu zen eta Hendaiako lekuak ez ezik, bertako edo bertan izandako pertsonak ere ekarri zituen gogora Aurelia Arkotxak.
Aurten laugarren mendeurrena beteko delarik, ezin ahaztu Pierre de Lancre Bordeleko Parlamentuko kontseilariaren bisita 1609an Lapurdira, Henri IV.a Frantziako erregeak mandaturik sorginkeriaz kontra aritzeko. Anton Abbadiari buruz ere luze mintzatu zen.
Ibilbidea, beraz, Hendaiatik barrena, ura nagusitzen den hiri horren barrena: "Hendaia herria eta inguruko herrien lotura zein den erran behar banu, ura dela erran nezake. Baztango mendietan sorturik, Baztan izena bidean utzirik eta Bidasoa izen berria hartuz Oronoz Mugairin, heldu dira urak, ur xirripa, uhaitz, ur bizi, erreka, ur handi... Lehenik mendietako iturrietan xur-xur, mehe-mehe, mehar, zabalduz eta mantsotuz doa itsasora hurbiltzen ari den arabera, mila uharte berdeen artean paseiaka heltzen delarik itsasoraino. Txingudiko badiara doaz urak, hor elkartzen direlarik ozeanoko ur gatzatuarekin, mareak itsasoko urak Bidasoan goiti badaratzamalarik. Batzuetan Frantziako, Espainiako eta Europako Estatuen destinoa hemen da trinkatu. Uraren erdian: Bidasoan".