Jean-Louis Davantek azaldu bezala, "Zuberoako literaturaz jadanik hor daude batetik Txomin Peillenen Zuberoako itzal argiak liburua, XV., XVI. eta XVII. mendeak aipu dituena, bestetik XX. mendekoez nire Zuberoako idazle zenduak. Bien artean hutsune bat badago, XVIII. eta XIX. mendeak izkutuan uzten dituena, eta gainera nirean ez dago gaurko idazle bizien aipamenik. Beraz bi leize horiek bete zitzakeen obra orokor bat falta zitzaigun, agerturiko bi liburuen ekarpena bilduz ber denboran". Hutsune hori betetzen du liburu honek.
Jean Louis Davant
Jean-Louis Davant Iratzabal 1935eko uztailaren 5ean jaio zen, Zuberoako Urrustoi-Larrabile herrian. Laborantza ikasketak burutu zituen Frantziako Angers hirian: hemeretzi urte zituela sartu zen eta hogeita birekin irten, ingeniari tituluarekin (Ingenieur Agriculteur de l'Ecole Superieure d'Agriculture d'Angers).
1960an, Hazparneko Laborantza Ikastetxean hasi zen lanean. Bertan ihardun zuen jubilatu arte.Enbata mugimendu abertzalearen bultzatzaileetariko bat izan zen. Gero EHAS eta Euskal Batasuna alderdien sorreran parte hartu zuen.
1965eko irailaren 24an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta hamar urte igaro ostean, hots, 1975eko otsailaren 28an, euskaltzain oso.
1957az geroztik egunkari eta aldizkari askotan argitaratu ditu bere artikuluak, euskaraz zein frantsesez. Horietan jorratu dituen gaiak honako hauexek dira: laborantza, ekonomia, egoera soziala, politika, historia, kultura.
1980an literaturan hasia dugu Davant, bereziki olerkian. Pastoral-antzerki ugari idatzi du.
Bere lan batzuk: Makila gorria, Harri txintxolak (poesia); Antso Handia, Xiberoko Jauna (pastoralak); Aberri eta klase burruka (saioa); Histoire du peuple basque (frantsesez).