Aurelia Arkotxa euskaltzainak hitzaldia Gasteizen
"Europako Udaberria" ekimenaren barruan, Euskaltzaindiak euskal kultura sustatzen duen egitekoarekin eta euskarak Europan duen tokiarekin lotutako zerbait aurkeztu nahi zien Gasteizko Sagrado Corazón Ikastetxeko Batxilergoko 2. mailako ikasleei, eta Aurelia Arkotxa euskaltzaina gonbidatu zuten asmo horrekin. Arkotxa martxoaren 17an izan zen ikasketxean.
Arkotxak bere bizitza erakusgarri erabili zuen, txikitandik aurrean jarri zitzaizkion hiru errealitate linguistikoak -euskara, frantsesa eta gaztelania, hurrenez hurren- nola hartu zituen eta nola bizi dituen kontatuz, eleaniztasunak gizakiari dakarkion aberastasuna azpimarratzeko, dena ere euskararen geografiez, muga diren eta muga ez diren mugez, Euskaltzaindiaren sorrera eta gaurko lanez, idazlearen eta argazkilariaren begiradaz... hamaikatxo gaiz ondurik.