1 emaitza.
Behar izan aditza aditz laguntzaile iragankor gisa jokatuko da, ondoan agertzen den aditz osagarria edozein motatakoa delarik, iragangaitza denean ere bai:
a) Lan egin behar dugu
b) Liburua ekarri behar zenidan
c) Etxera joan behar dut
• du-aditza + behar ====> [aditza] + behar + du-saileko aditz laguntzailea
• da-aditza + behar ====> [aditza] + behar + du-saileko aditz laguntzailea
Halere, lehen puntuan esana ez da beteko behar izan aditza, datibodun aditz iragangaitz batekin agertzen denean. Orduan izan laguntzailearen zaio-saileko formak erabiliko dira beti:
a) Bihar mintzatu beharko natzaizu gai horretaz
b) Azkenerako gauza guztiak ahaztu behar zaizkizu
zaio-aditza + behar ====> [aditza] + behar + zaio-saileko aditz laguntzailea
Bestalde, zenbait euskalkitan, Iparraldekoetan batez ere, behar izan aditzak izan laguntzailea har dezake aditz iragangaitzekin:
a) Joan behar naiz
b) Ez zara ikaratu behar
Jokabide hau ere ez da gaitzesten:
• da-aditza + behar ====> [aditza] + behar + da-saileko aditz laguntzailea.