Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=asko 11 sarreratan aurkitu da.

asko

1 zenbtz. Kopuru handi zehaztugabea adierazten duen hitza. (Mugagabean erabiltzen da; dagokion izena zenbakarria denean, aditzarekiko komunztadura singularrean nahiz pluralean egin daiteke; Hegoaldean, izenaren eskuinean doa eta Iparraldean, ezkerrean). Irakasle asko bildu zen. Bekatu asko egin ditudala. Sagar ustel asko. Herri askotan. Euskaltzale askoren bihotzean. Bazuen guraso haienganik jasateko asko beltzuri eta asko egitate txar. || Ez da urte asko-asko, inguru horietan gertatu zela. || Urte askoan, ez zen ausartu etxe hartatik ateratzen. || (-ik atzizkiaren eskuinean). Ik. anitz. Anton. gutxi. Aholku onik asko eman zioten. Ahaleginik asko egin arren.

2 (Izen zenbakaitzekin). Ik. handi 2. Ardo asko edan du. Ezin liteke diru askorik bildu. Ez da denbora asko(rik) beharko. Lan asko egin zuten hori lortzeko. Euri asko eta hotz handiak direnean.

3 (Izena ezabaturik). Askok jarraitu zioten Jesu Kristori? Askoren artean. Beste asko baserrietara joan ziren morroi. || Osasuna badut eta, asko-asko ez arren, ondasun pixka baten jabe ere egin naiz.

4 (Ezezko esaldietan, ezer asko(rik), deus asko(rik), inor asko(rik) eta kideko esapideetan, 'gauza askorik ez, gauza handirik ez', 'jende askorik ez, jende handirik ez' adierazteko). Inor askorik ez zebilen. Hirurogeita hamabost urte, hamasei konplitzeko; ezer askoren faltarik ez daukat, maldan behera amiltzeko.

5 adb. (Aditzaren osagarri, dagokion ekintza neurri handian gertatzen dela adieraziz). Horrek asko daki. Asko maite zaitut. Asko gustatzen zaion janaria. Asko argaldu zen. Asko lagundu zioten. Ez zait asko(rik) gustatu. Aitorleak emaniko penitentzia hain txiki eta errazari ere asko deritzo.

6 adb. (Adizlagunekin). Oso. Erraz asko bekatuan eror liteke. Ederki asko daki zer gertatu zen. Ardiak azkar asko aterako ziren. Maiz asko etortzen da. Ondo asko dakizu nire bihotzak nor duen aukeratua. Mantalak ere txukun asko zituen salmentarako prestatuak.

7 (Izenondoen eskuinean, artikulua hartzen duela). Oso. Gauza polit askoak esan ditut nik. Mutil jator askoa.

8 (-en atzizkiaren eskuinean, izen gisa). Kantitate handia. Lanaren askoak abaildurik.

9 zenbtz. (Dagokion izena partitiboan doala). Aski. Arrazoirik asko badut harroa naizela pentsatzeko. Hartuko dut dirurik asko erosteko ferian txerria. Kontzientzia gaiztoa da azoterik eta borrerorik asko. || Asko goiz heldu zen.

asko aldiz adb. Askotan.

asko ere asko zenbtz. asko-ren indargarria. Asko maite zituen, asko ere asko, bere begiko ninia bezala. Herrian asko ere asko jaiki dituk kontra.

asko eta asko zenbtz. asko-ren indargarria. (Kasu atzizkiak hartzen dituenean, osagai biek har ditzakete edo bigarrenak bakarrik). Ik. anitz eta anitz. Bazkide asko eta asko bildu nahi genituzke. Hemengo jende asko eta askoren buru-bihotzak. Oraindik askok eta askok ez dute horretaz ezer esan nahi.

asko izan, asko izaten, asko izango/askoko 1 da ad. (3. pertsonan erabiltzen da). Nahikoa izan, aski izan. Nik nahi izatea ez al da asko, hark nahi ez badu ere? Zeure esate bakar bat da asko, gauza guztiak ezerezteko.

2 du ad. Goiz gehientsuenetan, esnatzeko, belarritik tenk egitea ez omen du asko izaten.

3 da ad. (3. pertsona singularrean). Zuk egiteko ez da asko; oraindik adituko ditugunak!: ez da harritzekoa zuk hori egitea. Zuk esateko ez da asko.

asko moduzko adj. Hala-holakoa, badaezpadakoa. Asko moduzko eskailerarekin, maiz hartzen da min; behar bezalakoarekin aritu!

askotan adb. Maiz. Askotan ikusten dut.

askotara adb. Era askotara. Gu, askotan eta askotara esan izan dudanez, hartzaile izan gara emaile baino areago. Askok eta askotara azaldu izan dute miragarrizko antzaldatze hori.

askoz (ere) ...-ago Askoz gehiago egingo dizuete zuei. Askoz ederragoa da zurea. Askoz ere ederkiago. Askoz hobea da.

askozaz (ere) ...-ago Askoz ere ...-ago. Orain nagoen baino askozaz bakarrago eta utziago. Askozaz ere hobeki zekien euskaraz Xenpelarrek nik baino.

argi

1 iz. Gauzak ikusgai bihurtzen dituen eta begiak hautematen duen erradiazioa. Argi bizia. Eguzki-argia, egun-argia. Argi artifiziala. Nobelan ez da, hitz batean, argi-ilunik, eta argi-ilunean dago maiz gizatasun mardula. Argia eta ilunpeak. Haurtxoa jaio da argizko askatxo batean, eta aingeruzko hauts zuria zeruetatik kantari dabil.

2 iz. Egun-argia. Argia egin bedi. Goizeko argia urratzen hasia zen.

3 iz. Argi artifiziala, bereziki elektrizitatezkoa. Argia piztu. Argia itzali, amatatu. Herriko hogei baserri argi gabe daude oraindik. Etxalde inguruan argi olioa eman dezaketen landareak dituzte.

4 iz. (Kontagaia). Argi puntua, argi iturria. Herriko argiak itzali zirenean. Etxeko argi guztiak piztu. Argi bat iluntasunean. Autoaren atzeko argiak.

5 iz. Fis. Gorputz goriek eta lumineszenteek igortzen dituzten uhin elektromagnetiko ikusgai eta ikusgaitzak. Argiaren jatorriari buruzko teoriak. Argi uhinak. Argi sorta kolorebakarra. Argiaren lastertasuna.

6 iz. Zerbait argitzen, zerbaiti buruz argi egiten duen gauza. Jauna dut argi. Hor ibili zen argi bila, baina kolpe huts egin zuen. Ilunpe beltzen artean haatik agertu zitzaigun argia.

7 iz. Begien argia: ikusmena. Bere bi begietako argia galdurik.

8 iz. Ulertzeko edo zerbaitez jabetzeko ahalmena. Argi gutxiko, argi laburreko gizona. Arrazoiaren argi soilaz ezin ezagut daitekeena. Argien mendea.

9 adj. Argitasun handia jasotzen duena. Anton. ilun. Etxe, gela argia.

10 adj. Egunaz, eguraldiaz edo zeruaz mintzatuz, hodeirik gabea, argitsua.

11 adj. (Koloreez mintzatuz). Berde, gorri argia. Behiak izan behar ditu adarrak leunak eta argiak.

12 adj. Adimen zorrotzekoa. Ik. buruargi. Mutil argia da. Bere ikasle argiena.

13 adj. Adimen argiko gizona: adimentsua.

14 adj. Ongi nabaritzen edo erraz ulertzen dena. Hots argia. Letra argiz idatzi. Idazkera argiko gizona. Euskara argi, ulerterraz, garbi eta ongi josian. Hizketa argia. Irudi argiago eta osoagoa.

15 adb. Zalantzarik edo puntu ilunik gabe. Argi daukat egin behar dudana. Argi dago zer nahi duen. Eguzki argia bezain argi dagoen auzia. Argi utzi nahi dugun puntua. Argi adierazi genuen edozertarako prest geundela. Argi ikusten da zeren bila dabilen.

argia hil da ad. Argia itzali. Aldare aitzineko argiak irudi zuen hiltzera zihoala.

argi alba, argi-alba iz. Egunsentia. Argi albarekin joan zen elizara.

argi aski adb. Oso argi. Ik. argi asko. Argi aski dago zer gertatu zaizun.

argi asko adb. Oso argi. Ik. argi aski. Nazio Batuen Erakundeak egindako txostenak argi asko esaten du: (...). Argi asko, denok ulertzeko moduan azaldu du bere jarrera.

argi belar, argi-belar iz. Alpapa.

argi egile, argi-egile adj./iz. Argi egiten duena. Zeruko izar argi-egileak. Jainkoak emaniko aitzindari bat, gidari bat eta argi egile bat. Leize honetan galdu beharrak ginen gu argi-egilerik ez izatera.

argi egin 1 Argitasunez bete. Ik. argitu1. Eguzkia sortu zuen, lurrari argi egiteko. Betiko argiak egingo die argi.

2 Zerbait argiago bihurtu. Auzi nahasi honetan argi egin diezagukeen norbait.

3 Ikusmena bihurtu. Itsuei argi egiteko.

argi-emaile adj. Argi-egilea. Izar iparraldeko, argi-emailea, gure zorioneko, bide erakuslea.

argi eman Argi egin. Beti argi emanaz, lehen bezain handia, egun oro ikusten dugu eguzkia.

argi errainu, argi-errainu iz. Argi izpia. Horra bada, doi-doi, nik behar dudan argia, argi guztien lehenik jaioa, argi errainu guztien hasiera eta jaiotza. Leihotik sartzen zen argi errainuak ezkaratza argitzen zuen.

argi eta garbi adb. (esan, hitz egin, erakutsi, bereizi eta kideko aditzekin). Oso garbi, erraz ulertzeko eran; zalantzarako biderik utzi gabe. Argi eta garbi hitz egin zutelako auziaz. Ni horren alde nago, argi eta garbi. Argi eta garbi ikusten dugu, halere, ezetz, ez dagoela ongi.

argi ezkila, argi-ezkila iz. Egunsentiko kanpai-joaldia. Argi-ezkilarako elizan izango da hura egunero.

argi giltza, argi-giltza iz. Etengailua.

argi haste, argi-haste iz. Ipar. eta Naf. Egunsentia. Goizean, argi hasteak ez ditu kolpez hartzen zeruko eremu guztiak. Argi hastean jaikirik. Argi hasteko atera.

argi ibili Erne ibili, kontuz ibili. Argi ibili beharko dute hemendik aurrera. Argiago ibiltzen ez badira, arazoak izango dituzte.

argi-ilun 1 iz. pl. Argiak eta itzalak. Ik. argi-itzal. Gai horren argi-ilunak.

2 iz. Argiantza.

argi iturri, argi-iturri 1 iz. Argiaren iturburua; argizagia. Argi-iturri honetan edan zituzten Elizako doktore santuak beren liburuetan ikusten diren argi ederrak. Eguerdi aurretxoa zen, eta argi-iturri nagusia, kiskalgarri, goi-goian zegoen, udako egunik beroenak heldu zirelako.

2 adj. Jakintsu ustekoa. Hori nola joango zen asmatzeko, ez da argi-iturri izan beharrik.

argi-itzal 1 iz. pl. Argiak eta itzalak. Ik. argi-ilun. XX. mendearen argi-itzalak.

2 iz. Argiantza. Gauetan, kaleko kriseiluen argi-itzaletan, dantzan eta txaloka hasten ziren.

argi izpi, argi-izpi iz. Egunaren lehen argi izpiek esnarazi ninduten. Eguzkiaren argi izpia leiarra hautsi edo zikindu gabe irten den bezala. Ez zaigu behintzat kaltegarri gertatuko bata bestearekin erkatzea, argi izpiren bat sor daitekeelakoan.

argi oilar, argi-oilar iz. Zomorroz-eta elikatzen den txori moko-luzea, buru gainean lumazko mototsa duena (Upupa epops). Garagarrilean, mendi hauetako baso inguruetan, argi-oilarrak ikusi ohi ditugu.

argira atera Ezkutuan zegoena ageriko egin; argitaratu. Bilboko museoak sotoaren ilunetik argira atera ditu Gabonekin lotutako obra batzuk, onenak. Zaldua zelaian Aranzadi Zientzia Elkartekoek argira atera duten aztarnategia harribitxia da. Isilpeko errealitatea argira ateratzea eta emazteei hitza ematea da xedea.

argitan 1 adb. (-en atzizkiaren eskuinean). Aipatzen denak argi egiten duela. Kandelaren argitan irakurri zuen. Ilargi-gaua zenean, haren argitan aritzen ziren lanean. Ilunpetan gauza gehiago esaten dira eguzkiaren argitan baino. || Sorginak zilarrezko orrazia ilargi-argitan erabiltzeko prest zeukan.

2 adb. Argiarekin, egun-argiz. Plazan, argitan egiten diren dantzak. Nik ilunpetan esaten dizuedana, zuek esazue argitan.

argitan egon Zerbait argi batek ikusgai egiten duela egon. Argitan daude etxeetako leihoak.

argitara atera Argitaratu. Sail honi loturik argitara atera zituen lehen lanak liburu batean bildu zituen.

argitara ekarri Ezkutuan zegoena ageriko egin; argitaratu. 36ko gerra baino lehen plazaratu zen idazle taldea argitara ekarri du Joxemiel Bidadorrek. Inkesta soziolinguistikoak argitara ekarri duen agertoki iluna.

argitara eman 1 Argitaratu. Eta ezagutuko badira, argitara eman beharko ditu norbaitek. Doktrina berria, Jaun Apezpikuaren baimenarekin argitara emana.

2 Erditu. Bazekien Andre Mariak haurra argitara emateko muga heldu zela.

argitara ilki Argitara irten.

argitara irten Zenbait euskaltzale presturi eskerrak, poema irten zen argitara azal ederrez jantzirik. Han irteten dira argitara lagun hurkoaren hutsegite egiazko edo gezurrezkoak.

argi txakur, argi-txakur iz. Lurgainean, bereziki leku zingiratsuetan eta hilerrietan, higitzen ikusten den gar txikia. Argi txakurrak haragi ustelak sortzen omen ditu. Egiazko argiak, eta ez argi-txakurrak, izan behar du ekintzaren gidari.

argi txinta, argi-txinta iz. Argi izpia. Argi-txinta sumatuz, jaikitzen naiz goizero belaunak arin.

argi urratze, argi-urratze iz. Egunsentia. Ik. egun-urratze. Biharamun goizean, argi urratzearekin atera zen. Hau gau luzea, gau beltz ilun izugarria, argi-urratze gabea, oilariterik izanen ez duena.

argi urte, argi-urte iz. Luzera-unitatea, argiak urtebetean egiten duen bidearen (hots, 9,46070 x 1015 m-ren) baliokidea. Eguzki sistematik hamabi argi urtera dago izar hori.

argi zirrinta, argi-zirrinta iz. Ipar. Egunsentia. Argi zirrintan jaiki nintzen. Txorien kantuak eta argi zirrintak seinalea goizik emanik.

argi zulo, argi-zulo iz. Sabai leihoa.

argi zuzi, argi-zuzi iz. Zuzia. Eskuan argi-zuzi irazekia. Begia da gorputzaren argi zuzia.

denbora

1 iz. Gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea. Iraganez doa beti denbora. Itzul ahal baneza iragan den denbora. Denborak ahantzarazten dituen oroitzapenak. Denboraren buruan. Denboraren joana gelditzea nahi luke. Denbora neurtzeko tresnak.

2 iz. Bitarte horren zati mugatua. Denbora luzea. Denbora gutxi. Zotzak denbora gutxiko sua izaten du. Ene biziaren denbora laburra dela. Denbora apur bat nahi luke, eta denbora ukatua zaio. Berriketan denbora asko igarotzen duenak. Denbora gutxi barru. Edozein linguistak denbora gutxiren buruan menderatuko lituzkeenak. Jainkoaz oroitu gabe denbora anitz pasatzen dutenak. Denbora eta leku orotan. Denbora osoa, erdia. Hainbat denboraz. Ene hango denbora baitzihoan burura. Zerbait egiteko behar den denbora. Ez du horretarako denborarik. Ez da denbora asko esan didatela. Denbora da lotsaz bizi zarela. Denbora-tarte batez ohe ertzean egon ginen eserita, eraztunari begira-begira. Luzamendu horretan zebilela, denbora handia igaro zitzaion. Denbora laburra da gelditzen zaiguna.

3 iz. Kiroletan, lasterketa bat edo kideko ariketa bat hasi eta amaitzeko behar izan den denbora-tartea. Eugeni Berzin errusiarra izan zen onena, ordubete, 13 minutu eta 59 segundoko denbora eginez. Ziabogan, Oriorena zen denbora onena.

4 iz. Bitarte horren zatia, segida baten osagai gisa mugatua. Ik. garai1; sasoi; une. Noeren denboran. Gerra denboran. Gazte denboran Ameriketan ibilia zen. Denbora hartan. Azken denbora honetan. Denbora berean oihu ikaragarri bat entzun zuen. Denbora berekoak. Bere denborako gizona zenez gero. Denboraz kanpora. Denbora da ezagutzeko zertan den zure zoriona. Denbora datorrenean. || pl. Lehengo denborak diferenteak ziren. Denborak dira ez dudala ikusi.

5 iz. (-en atzizkiaren eskuinean). Bizi izandako denbora, bereziki aipatzen denaren gazte denbora. Bere denborako istorio batzuk erran zizkidan. Holakorik ez zen gure denboran.

6 iz. Batez ere Ipar. eta Naf. Eguraldia. Ik. aro2. Denbora ona, txarra.

bere denboran adb. Dagokion (zegokion) denboran, behar den (zen) denboran. Ik. bere garaian; bere orduan. Bere denboran zigortu ez zituelako.

denbora askoan adb. Luzaro. Gogo barik egon naiz denbora askoan. Denbora askoan jaitsi gabe egoten dira mendian.

denbora asko ez dela Orain dela gutxi. Ik. berriki; izan2 11. Baina denbora asko ez dela, inork ez zuen aipatu ere egin nahi. || Orain denbora asko ez dela, kostaldeko flyschari buruzko dokumentala ikusi nuen eta egilearekin hizketan egon nintzen. Geroago, oraindik denbora asko ez dela.

denbora batean adb. Aspaldi, garai batean; denboraldi batez. Denbora batean kantari ederra nintzen, baina orain (...). Judas, denbora batean nire apostolua, mahai batean nirekin bizi izan zarena.

denbora bateko adj. Aspaldikoa, garai batekoa. Crestomatian hogeita hamasei euskal idazleren zati bereziak aurki daitezke: denbora batekoak eta oraingoak. Denbora bateko kontuak.

denbora batez adb. Aspaldi, garai batean; denboraldi batez. Ik. denbora batean. Auzapezari baldernapeza erraten zitzaion Azkainen denbora batez. Begirada izoztu zitzaion, eta isilik egon zen denbora batez.

denbora berean adb. Egiteko bat guztiz handia eta gaitza denbora berean. Gauzak kontatzen dizkigu berez datorkion mintzairaz eta, denbora berean, ongi antzematen zaio hizkuntza landu duela.

denbora egin Denbora igaro. (Maiz asko, zenbat, guzti edo kideko zenbatzaile batekin erabiltzen da). Ik. denbora eraman. Ez dakite leku hartan zenbat denbora egin genuen. Ez genuen denbora asko egin Toledon. Lanean egiten den denbora.

denbora eman Zerbaitetan edo nonbait denbora-bitarte bat igaro; zerbaitetan denbora-pasa aritu. Nahiago dut denbora idazten eman. Adimenezko lanetan denbora guztia eman gabe. Asteasun eman nuen denboran. Jaietan joan ohi ginen handik Endarlatsara bitartean zegoen baserri batera, dantza eta jolasean denbora ematera.

denbora eraman Denbora igaro. (Maiz asko, zenbat, guzti edo kideko zenbatzaile batekin erabiltzen da). Ik. denbora egin. Denbora guztia otoitzean daramatela. Isilik denbora gehiegi zeramala konturatu nintzen. Esnatu nintzenean, ez nekien zenbat denbora neraman konorte gabe. || (Zenbatzailerik gabe, 'denbora aski luzea' adierarekin). Musikaria da eta denbora darama gitarra berri batekin amets egiten. Estatubatuarrek denbora daramate Martera joatearekin pentsatzen.

denbora erdiz adb. Lanaldi osoaren erdia eginez. Denbora erdiz ari diren langileei ere beste lan bat betetzeko aukera eman nahi die.

denbora galdu Denbora alferrik eman. Aitarentzat jendearekin hitz egitea denbora galtzea da. Hemen ez zagok denbora galtzerik! Denbora erruz galdu ondoren, (...). Zenbat denbora galdu izan eta galtzen dudan!

denbora galtze, denbora-galtze iz. Denbora alferrik ematea. Joko, denbora galtze eta solas debekatuei ihes egitea. Ezertarako balio ez duen denbora galtze bat.

denbora gutxian adb. Epe laburrean. Ik. denbora gutxiz; denbora laburrez. Gauza asko erabaki behar da hemen denbora gutxian. Guztiak txit denbora gutxian egin zituen. Hain denbora gutxian hainbeste aldatu izanak harrituta zeukan gizona.

denbora gutxiz adb. Denbora gutxian. Denbora gutxiz egiten du anitz.

denbora laburrean adb. Epe laburrean. Ik. denbora gutxian. Liak denbora laburrean izan zituen lau seme.

denbora laburrez adb. Denbora gutxian. Arrunt ahuldu nintzen denbora laburrez.

denbora laburrik barne adb. Ipar. Denbora gutxiren buruan. Denbora laburrik barne, borta-leihoak hetsi zituen gakoz.

denbora luzean adb. Ik. luzaro. Denbora luzean gaixorik daudenak. Denbora luzean egon ziren elkarrekin.

denbora luzez adb. Denbora luzean. Denbora luzez elkarren berririk gabe egon ostean, Andoainen egin genuen topo. Egoera oso itsusi dago, eta denbora luzez jarraituko du horrela.

denboran adb. Ipar. Lehen. Ik. denbora batean.

denbora osoko adj. Lanaldi osokoa. Denbora osoko lanpostua.

denbora osoz adb. Lanaldi osoa eginez. Kontratu mugatua: hamahiru hilabete denbora osoz.

denbora-pasa 1 adb. Denbora igarotzeko, denbora igarotzen. Denbora-pasa ari da. Denbora-pasako jokoak, hizketak.

2 iz. Denbora modu atseginean igaroarazten duen gauza; denbora modu atseginean igarotzeko pentsaturiko adimen jokoa. Lana jartzen nion neure buruari, desertua zeharkatzen lagunduko zidaten zenbait denbora-pasa. Ene denbora-pasa bakarrak: telebista edo oinezko ibilaldi zenbait. Aldizkarietako denbora-pasak.

denborarekin adb. Gero, denbora bat igarotakoan. Denborarekin ikusiko da aurrera nola gabiltzan. Munduko atseginek, diren handienek ere, denborarekin unatzen dute.

denboraz 1 adb. Denborarekin. Amodio bat, deusez ttipitua izan gabe, denboraz azkartuz doana.

2 adb. Garaiz. Testamentua denboraz eta soseguz egitea.

3 adb. Denbora batean, garai batean. Denboraz Larhun gainean bazen ermita bat.

denborazko adj. Denborari dagokiona; denbora adierazten duena. Denborazko esaldiak.

deus

izord. Ezer. (Baiezko ez diren esaldietan erabiltzen da). Deus ez eman, ez deus utz. Deus baldin bada lur honen gainean zuzenik. —Ageri da deus, Eduard maitea? —Ez, ene aita, ez da deus ageri. Deus entzun duzu? Deus ez du egiten, zeren ez baita deus. Deus esan gabe. Ez zen lanik, ez jostetarik, ez besterik deus, hari bere Jainkoaren amodioa gogotik kentzen ahal zionik. Deus ez da itsusiagorik etxe bazterrak horrelako zikinkeriaz beteak ikustea baino. Deus ez da iraunkorrik. Ez da orain Oxaldez oroitzapenik deus ageri Bidarraiko hilerrian. Ez da deus mundu honetan eskubide osoz on dei dezakegun gauzarik, borondate ona izan ezik. Baina ez du deus gehiago esaten. Deusek ez du hunkitu ahal izan haren bihotza. Beste deusek ez nau kilikatzen. Beste deusi behatu gabe. Hilek ez dutela, hilez gero, deusen beharrik. Deusen eskasik gabea. Ez du inon edo deusetan mugarririk. Deusetako on ez denik ez da. || Deus handirik ezin dezaket nik jakin. Ezagutzen dut deus onik ez dudala egin. Ez dute deus arta bereziren beharrik.

deus asko (Ezezko esaldietan). Ezer asko. Eginkizun goitar eta dotoreago hauek ez ziren, beharbada, deus asko eguna joan eta eguna etorri erabiltzen ziren oinarrizko eta premiazkoen aldean. || Deus askorik ez duela egin pentsatu beharko dugu.

deus ere deus-en indargarria. Funtsean, ez garela deus ere. Ez du gizonak deus ere beharragorik hau baino. Ez dugu deus ere esan egia baizik. Ez zuen deus ere besterik gutiziatzen. Ez dut neure buruz deus ere onik. Deusek ere ez du aziendak baino irabazi hobea ematen. Deusen ere zeruetan ez da eskastasunik. Lagunartean garenean, lasai gara, ez daukagu deusez ere konturik.

deusetako (Ezezko esaldietan, izan aditzarekin 'ezertarako balio ez duena' adierarekin). Estakurutzat emanez euskara ez dela deusetako. Eriarentzat ez ziren deusetako medikuen ahaleginak.

deus(ik) ez (Erantzun eta kidekoetan, aditza ezabaturik). Ezer ez. Batari guztia, besteari deus ez. Ni zer naiz?, lur poxi bat; lehen deusik ez eta laster zizareen janari.

deus gutxi Ezer gutxi. Munduaren begietan deus gutxi diren gauzak. Deus gutxi balio duela. Deus gutxi zuen onik gure errientak. Marta, deus gutxik asaldarazten zaitu horrela. Tolosa aldera maiz jaisten zen deus gutxiren aitzakian. Ihardetsi zuen deus gutxia zela haiek harritzen zituen miraria. Munduak deus gutxitzat garabiltzanean. Gainerako guztia ikusten baitute deus gutxitako gauza xumea balitz bezala horien aldean.

deusik deus-en indargarria. Inork ez dezala deusik aipa. Deusik esan gabe. Ez dut deusik bihotz hobendun bat baizik. Gizonak deusik ez du etxean balio. Ez duzu inoiz onetsiko deusik irrigarri denik.

esker

1 iz. Mesede edo zerbitzu bat hartu duenaren ezagutzazko sentimena. Esker erakutsitzat. Batzar lagunekiko dudan eskerra eta zorra adierazi nahi nituzke. Esker hobea merezi zuela usterik. Bilauaren eskerra, pokerra (esr. zah.). || pl. Eskerrak zor dizkiot.

2 iz. Batez ere Ipar. edo Jas. Aintzat hartzea, estimua. Nire bihotzak ez die eskerrik lur honetako ondasun iragankorrei. Esker gutxi zien zuen opariei.

esker anitz Eskerrik asko. Ik. eskerrik anitz. Esker anitz, oso goxoak daude.

esker beltz iz. Eskergabekeria. Israeldarren esker beltza eta gaiztakeria ikusirik.

esker beltzeko adj. Eskergabea. Honelako mesedea Zuk niri egin, eta esker beltzekoa beti izango naiz?

esker egin Bizk. g.er. Eskerrak eman. Hik heurea egin duk, eta esker egiok Jainkoari.

esker eman Eskerrak eman. Gaur Jainkoari esker ematera noakio. On da esker ematea, dezakegun dina. Esker dizut nire bihotz guztiaz.

esker emate, esker-emate iz. Eskerrak ematea. Erregu eta esker-emateak egin daitezela.

esker erakutsi, esker-erakutsi iz. g.g.er. Esker ona erakustea. Olagizonari ezaguera onezko gure esker-erakutsiak egin ondoan. Esker erakutsitzat.

esker gaizto iz. Eskergabekeria. Esker gaiztoa da horrelakoek hartu ohi duten saria.

esker gaiztoan (-en atzizkiaren eskuinean). Norbaiten nahia edo zerbaiten eragozpena aintzat hartu gabe edo are horien aurka ere. Ik. damuz 3. Aita Larramendi gogoangarria, zeinak argitaratu zituen Gramatika eta Hiztegia, etsai ozpindu txar askoren esker gaiztoan, halere.

esker gaiztoko adj. Eskergabea. Esker gaiztoko semea. Gai honetan inor esker gaiztoko azaldu bada, ez gara gu izan. Ez garela hain esker gaiztokoak.

esker mila Mila esker. Esker mila, adiskidea.

esker on iz. Eskerra. Esker ona erakutsi. Esker onez eta beldur gaiztoz. Esker onezko otoitza.

esker oneko adj. Mesedeak eta on eginak eskertzen dakiena. Esker oneko semea. Esker onekoak izan behar dugula beti.

esker otoitz, esker-otoitz iz. Esker onezko otoitza.

eskerrak 1 Eskerrak emateko erabiltzen den esapidea. Ik. eskerrik asko. Eskerrak zure laguntzari! Eskerrak zuri, nire Jesus maitagarria. Eskerrak borondate eder horregatik.

2 (Perpaus osagarri bat lagun duela). Eskerrak ez dela etorri. Eskerrak etorri ez den.

3 (-i atzizkiaren eskuinean). -i esker. Sebastian honi eskerrak, jan eta lo ederki egiten genuen.

eskerrak bihurtu Eskerrak eman.

eskerrak eman Eskertu. Jainkoari eskerrak ematen. Egin dizkigun mesedeengatik eskerrak emateko. Eskerrak eta laudorioak bihotzez emateko.

eskerrik anitz Eskerrik asko. Eskerrik anitz zure eskutitzagatik.

eskerrik asko Eskerrak emateko erabiltzen den esapidea. Eskerrik asko, Alberdi jauna. Eskerrik asko zuen harrera onagatik. Ez, eskerrik asko.

esker txar iz. Eskergabekeria. Seme-alaben esker txarra.

esker txarreko adj. Eskergabea. Esker txarreko ez agertzearren.

-i esker -en bitartekotasunagatik, laguntzagatik, eraginagatik. Bizi banaiz, zuri esker bizi naiz. Horri esker salbatu zen gure baserria.

mila esker Eskerrik asko. Ik. milesker. Mila esker, jauna, mesede honengatik. Mila esker guztioi.

ezer

izord. (-r- bakunarekin). (Baiezko ez diren testuinguruetan). Zerbait, gauzaren bat. Ezer behar baduzu, esan. Ez du ezer balio. Ez zuten ezer hartu. Ez dago ezer egiterik. Ez dago ezer txarrik, bere neurrian eginez gero. Inoren kaltean ezer ez egin, ezer ez esan. Beste ezer baino gehiago. Ez dutela ezeren beharrik. Ez naiz ezeren beldur. Ezkondu arte behin ere ez, eta ezergatik ere ez. Irakaskuntzari nagokiola, eta ez beste ezeri. Dagoeneko ez nau ezerk harritzen. Munduak ezertan hartzen ez dituen gauzak. Ezertarako balio ez duena. Gaitzak berekin dakartzan nekeekin ez dago ezertarako. Ezertarako gogorik gabe. Nik ez dut ezeren eta inoren buruzagi izateko gogorik.

ezer asko (Ezezko esaldietan). Asko. Hirurogeita hamabost urte; ezer askoren faltarik ez daukat maldan behera erortzeko. Ez da ezer asko, baina, hasteko, nahikoa. Beranduago etorri izan bagina ere, ez genuen ezer asko galduko. || Ez dut ezer askorik egin. Gaztetan adiskide minak izan ginen arren, ezer askorik ez nekien nire lagunaz.

ezer ere (Ezezko esaldietan). Ezer ez. Ezer ere balio ez balute bezala.

ezer (ere) ez (Erantzunetan, aditza ezabaturik). —Ezer erosi duzu? —Ez, ezer ere ez.

ezergatik (ere) (Ezezko esaldietan erabiltzen da, ezetzaren indargarri gisa). Ik. inola. Ez zukeen ezergatik etxetik kanpo afalduko. Ni horrekin joan?, ez jauna, ez; ezta ezergatik ere! || Ezkondu arte behin ere ez, eta ezergatik ere ez. || Mundu honetako ezergatik ez nuke izan nahi halako kezkarik.

ezer gutxi adb. Ia ezer ez. Ezer gutxi daki horretaz. Euskaraz ezer gutxi idatzi delako.

ezertan eduki Kontuan hartu; estimatu, eskertu. Jendeen esanak ezertan eduki gabe. Eritasuna joan denean edukitzen da ezertan osasuna.

ezertan hartu Kontuan hartu. Asko izan ziren Jesusengana hurbildu ziren juduak, baina askoz ere gehiago erakuste hura ezertan hartu ez zutenak.

ezertara (ere) Bizk. Inola (ere). (Ezezko esaldietan erabiltzen da). Asmakizun honek zer esan gura duen ezin dut ezertara igarri. Ez zuen partida galdu gura, ezertara ere.

ezertarako (ere) ez izan Ezertarako balio ez izan. Ik. ezertarako ere gauza ez izan. Ezertarako ez diren txotxolo hauek nire onetik ateratzen naute. Hagineko min batek ezertarako ez garela uzten bagaitu (...). Bere soineko bakarra, guztia zatitua eta ezertarako ez zela zeukan.

ezertarako (ere) gauza ez izan Ezertarako gai ez izan; ezertarako balio ez izan. Ik. ezertarako ez izan; ezertarako on ez izan. Zaharraren zaharrez, ezertarako gauza ez zelako. Ezertarako gauza ez zela gelditu zen. Penitentzia, irteten ez bada bihotzaren erditik, ez dela gauza ezertarako.

ezertarako (ere) on ez izan Ezertarako balio ez izan. Ik. ezertarako gauza ez izan. Alfer hutsak direla, jan besterik ez dutela egiten, ezertarako on ez direla.

ez ezer (Ezezko sintagma baten eskuinean, ezeztapenaren indargarri gisa). Ez beste ezer. (Aurretik eta juntagailua har dezake). Hitzen auzi hau ez da, nire ustez, ez auzia ez ezer. Zer diozu, zuena ez da ez gerra eta ez ezer!

gutxi

1 zenbtz. Kopuru txiki zehaztugabea adierazten duen hitza. (Izen sintagmaren eskuinean doa eta mugagabean erabiltzen da; dagokion izena zenbakarria denean, aditzarekiko komunztadura singularrean nahiz pluralean egin daiteke). Anton. asko; anitz. Liburu gutxi erosi genituen. Duela urte gutxi gertatua. Egun gutxi barru. Ogi gutxi jaten du. Lotsa gutxi dute. Eskola gutxi ikasia. Egur gutxi den tokietan. Janari gutxi da hori lau lagunentzat. Euskaldun gutxi da horren berri ez dakiena. Berri on gutxi. Buruhausterik asko eta nahigabe ez gutxi. Zabaldu omen dira munduan ohitura gaizto ez gutxi. Edale on gutxi langile on. Oso gauza gutxi. Mihi gutxik dute hain dohain ederra. Sineste gutxiko gizona. Indar gutxirekin. Aste gutxiren buruan. Hitz gutxitan esateko. Denbora gutxian. Bertute hori gauza gutxitzat daukate. Denbora gutxiz egiten du anitz. || Eta sudurrak ere ez zion arazo gutxi-gutxi ematen.

2 (Izenordain gisa). Horrelakorik gutxi ageri da gure artean. Anitz dira deituak, baina gutxi hautatuak. Benetako nekazariak gutxi dira han. Esnea ere gutxi izaten zen. Ez da gutxi. Giza eredu jatorra dugu, gutxi bezalakoa. Gutxik ezagutzen duten hizkuntza. Gutxiri gustatzen zaiona. Gutxiren gose dena gutxik asetzen omen du.

3 (Adizlagun gisa). Gutxi edaten du. Gutxi landutako idazlana. Gutxi balio duten liburuak. Gutxi axola dio. Haietako askok pairatu beharko dute ez gutxi. Oso gutxi daki horretaz. Hain gutxi maite badugu. Ahal bezain gutxi.

4 (Orduak adierazteko). Hamarrak hamar gutxi. Hamarrak hamar gutxitan. Hamarrak hamar gutxiago. Hamarrak hamar gutxiagotan.

5 (Izen gisa). Ikaskizun gutxi utzi digute aurrekoek, eta utzi diguten gutxia ere aise zuzen dezakegu. Gutxi baduzu, eman ezazu gutxi hartatik zerbait.

6 (Izenondo gisa). Jateko laburra eta lo gutxia. Zuen sineste gutxiagatik.

den gutxiena (ere) 1 (Adizlagun gisa). Ezertxo ere. (Baiezko ez diren esaldietan erabiltzen da). Ik. den mendrena. Ez dut adierazi nahi, inolaz ere, bere eginkizun nagusiaz den gutxiena ere ahaztu zenik.

2 (Izenordain gisa). Oi, egiazko karitatetik den gutxiena bagenu!

den gutxieneko adj. Gutxienekoa. Den gutxieneko itzalik gabe.

den gutxienik (ere) Den gutxiena. Plaza aldera den gutxienik ez hurbiltzea.

ez gehiago (eta) ez gutxiago adb. (Indargarri gisa, aurretik esan dena azpimarratzeko erabiltzen da). Kalizan dagoen guztia, ez gehiago ez gutxiago. Nik oraindik ez diat mila pezeta baino gehiago pagatu lepazuri larrurik, eta hau ere horixe ordainduko diat, ez gehiago eta ez gutxiago.

ezta gutxiago(rik) ere Ezeztapen bat indartzeko erabiltzen den esapidea. Ez naiz asmatzen ari, ezta gutxiago ere. Ez ginen horrezaz bakarrik mintzatu, ezta gutxiagorik ere. Larramendiren garbitasuna ez zela, ezta gutxiagorik ere, beste geroagoko batzuen mailara heldu.

gutxiago 1 zenbtz. Errazago eta neke gutxiagorekin. Hitz gutxiagotan esateko. Gutxiagok uler dezaten. Orain gutxiago idazten du. Ez dik gutxiagoan emango. Gutxiagotan entzun ditugu horrelakoak. Ez zuen gutxiagorik merezi. Arta gutxiagoz antolatuak. Askoz gutxiago. Amore eman beharrean aurkituko gara guztiok, zeinek gehiago, zeinek gutxiago. Zuk baino diru gutxiago dut.

2 (Ezezko esaldietan, izenondoaren ezkerrean). Beste bat, ez gutxiago ederra.

gutxiago edo gehiago adb. Ik. gutxi-asko. Gutxiago edo gehiago, denek zuten zer egin. Hala eta guztiz ere, gutxiago edo gehiago, bikote egonkorrak osatzen ditugu.

gutxiago izan Maila apalagokoa izan. Ik. gehiago izan. Bere idazlanak beti izan dira zorrotz eta trinkoak, eta oraingoa ez da gutxiago. Eurek etxean jokatuko dutela, alde horixe ikusten dut nik, baina kirol arloan ez gara gutxiago.

gutxiagoko adj. Gehiagoko edo gutxiagoko neurrian. Berori oso-oso erotzat daukala kaleko jendeak eta ni ez gutxiagoko inozotzat. Bera baino gutxiagokoa izateagatik jaiotzez. || (Izen baten eskuinean). Estatua baino bihotz gutxiagoko ugazabarik ez dagoela. Hau barexeagoa da bestea baino, zalaparta gutxiagokoa.

gutxiagorako ez izan (Singularreko 3. pertsonan, aipaturiko jokaera (poza, beldurra, haserrea...) ulergarria eta egoerari dagokiona dela adierazteko). Pozez zoratzen nago, eta ez da gutxiagorako, munduko txapelketa batean parte hartzea itzela delako. Zeharo ikaratuta zeuden; eta, egia esan, ez zen gutxiagorako: ikusi egin behar ziren aurpegi gorrotozko haiek.

gutxi-asko 1 adb. g.er. Gutxi gorabehera; gutxiago edo gehiago. Asmatuko nuke, gutxi-asko, zertaz ari diren. Begiak etengabe ari zaizkigu gutxi-asko mugitzen.

2 (Izenondo baten ezkerrean). Grina gutxi-asko tristeak. Argitasunaren edo koloreen aldakuntza gutxi-asko jarraituak.

gutxi bat 1 Pixka bat, apur bat. Eman ur gutxi bat edatera. Orain gutxi bat jasatea, gero guztia baino, ez ote da hobe?

2 (Denborari dagokiola). Entzun nazazu gutxi bat arreta handiarekin. (Denbora) gutxi batean horri buruz pentsatzen.

gutxi batzuk Heg. Batzuk, bakar batzuk. Ik. bakarren batzuk. Lagun on asko ez dago gaizki; adiskide gutxi batzuk askoz hobe. Gutxi batzuei mesede eta gehienei kalte egin ohi dien legea.

gutxi edo asko adb. Gutxiago edo gehiago. Ik. gutxi-asko. Denok dugu, gutxi edo asko, Mendebalde Urrun hartako euskal artzainaren berri. Errimak beti lotu egiten du, gutxi edo asko, neurtizgilea. || Gure iritziak denborak gutxi edo gehiago aldatzen baditu ere.

gutxiegi 1 zenbtz. Anton. gehiegi. Xehetasun gutxiegi dugu hartaz. Gehiegi ikasten duk, ala gutxiegi jaten?

2 iz. Ikasketetan, azterketa edo proba gainditu ez dela adierazten duen kalifikazioa. Matematikan gutxiegi atera duen lehen aldia da.

gutxiegiz adb. Normaltzat jotzen denera ez iristeagatik. Kosta egiten da esatea, baina hobe da gehiegiz bekatu egin gutxiegiz baino.

gutxien 1 adb. (-a artikuluarekin, edo maizago, artikulurik gabe). Dagokion aditzak adierazten duena mailarik txikienean. Orixe gramatikaria da gutxien asetzen nauena. Euskaraz ahal duten gutxien aritzen dira. Ahalik eta gutxien hitz egitea. Jokorik hoberena, gutxien dirauena. Gutxiena uste duenean.

2 zenbtz. (Izen sintagma baten eskuinean, kasu atzizkirik gabe, singularrean, -a artikuluarekin edo gabe). Zerbaiten kopuru txikiena. Huts gutxien egiten duenari. Ahalik eta denborarik gutxiena hartzen zuelarik. Usterik gutxiena zuten lekura eraman zituzten. || Bat nentorren Txillardegirekin, baina hori zen gutxiena.

gutxienean adb. Gutxienez. Urtean behin gutxienean aitortzea.

gutxieneko 1 adj./iz. Izan daitekeen gradu, kopuru edo balio txikiena duena edo iritsi duena. Gutxieneko ahaleginari gehieneko etekina atera. Bi urte markatu behar genituzke gutxieneko kontuan: 1848 eta 1870. Bada gehieneko eta gutxieneko bat. || Ez dakigu denak bat diren edo beren artean bereiz daitezkeen, baina hori da gutxienekoa: hori da gutxien axola duena.

2 adb. Gutxienez.

gutxienez (ere) adb. Behetik jota. Ik. behintzat. Duela ehun urte gutxienez. Argitasunak eta erraztasunak balio dute, gutxienez, laburtasunak adina.

gutxien-gutxienez adb. gutxienez-en indargarria. Baina, gutxien-gutxienez, eta gustatu ez arren, mirespen apur bat zor diogu.

gutxienik 1 adb. Gutxien. Gutxienik uste zuen lekuan. Ahalik eta gutxienik higitu.

2 adb. Gutxienez. Gutxienik, indarrean diren legeak bete ditzatela.

gutxi gorabehera Egiatik aski hurbil dagoen esaldi bati ezartzen zaion adizlaguna. Hogeiren bat, gutxi gorabehera. Bi litro, gutxi gorabehera. Denak, gutxi gorabehera, berdin samarrak. Hau esan zuen, gutxi gorabehera. Bazekiten, gutxi gorabehera, zertaz ari zen.

gutxi gorabeherako adj. Ezkontzaren betikotasuna ez da gutxi gorabeherako gauza, hil edo biziko baldintza baizik.

gutxik egin (du, zuen aditz laguntzaileekin, ezezko esaldi bat ondoren duela, ia-ia-ren baliokide den esapidean). Gutxik egin du hil ez nauenean. Gutxik egin zuen, nihaur ere ez bainintzen negarrez hasi.

gutxitan adb. (Denbora adieraziz). Gutxitan gertatzen den gauza. Gutxitan joaten da zinemara.

inor

1 izord. (-r- bakunarekin). (Baiezko ez diren testuinguruetan). Pertsonaren bat, norbait; ezein pertsona. Ik. nehor. Ez da inor, dakidanez, bikoiztasun horretaz artegatzen (Ik. inor ere). Ez duzu inor hilko. Inor ez banaiz ere. Inor etortzen bada. Inor mindu gabe. Eta Urlia jaunak inor astindu badu, ni astindu nau. Euskaltzalea zen Mogel, inor izan bada. Irakurlea da nagusi, inor izatekotan. Haren idazlanek umekeria antza badute; ez dira inoren barrena inarrosteko gai. Inori ezer kendu gabe. Eta makurrik ez al dio inork aurkitu? Ba ote da inor besterik etxean?

2 izord. (Baiezko testuinguruetan). Norbait; beste norbait. Izen jatorrak, ez inork asmatuak edo antolatuak. Inoren hutsak ikusteko begi erneak ditugu: besteren hutsak ikusteko. Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabidea eta adierazpidea besterik. Geure umeei emateko beste ogi ez dugu, eta inorenari eman beharko ote diogu? || (Erkaketetan). Euskaldunok, noski, inor baino hobeak eta trebeagoak gara edozein aldetatik. Eta hori bai dagoela emakumearen eskuan, beste inorenean baino gehiago.

inor asko(rik) (Ezezko esaldietan). Jende askorik, jende handirik. Astegunetan ez zen inor askorik ikusten. Inor asko ez zen jabetu ni nola egon nintzen.

inor ere (Ezezko esaldietan). Inor ez. Zergatik inork ere ez zekiela.

inor (ere) ez (Erantzunetan, aditza ezabaturik). —Inor etorri da? —Ez, inor ere ez. —Nor etorriko da? —Inor ez.

inor gutxi Gure lurraldea inor gutxik bezala ikusi du Barojak: pertsona gutxik, ia inork ez bezala. Inor gutxik irakurri dituen paperetan. Hamabi haurren aita naiz ni eta, semeak hamar baditu; lan egiteko inor gutxi eta mahaian ezin kabitu.

maiz

adb. Asko aldiz. Ik. sarri; askotan. Maiz joaten nintzaion ikustera. Halakoak dira maiz gure gutiziak. Maiz gertatzen den gauza. Maiz entzuten dira gure artean hileta-hotsak. Maiz samar. Hain maiz hartzen baduzu, gaitz egingo dizu. Maiz eta maiz adoratuz. Guk uste baino maizago. Sail hau ez da maizegi jorratu. Ahal den maizena joan zaitez. Ahalik maizena. Horretaz ahalik eta maizena oroituz.

maiz aski Nahiko maiz; oso maiz. Ik. maiz asko. Ez dakigu, maiz aski, hitzok nola ebaki behar diren.

maiz asko Oso maiz; maiz aski. Maiz asko aipatzen digute hori.

maiz askotan g.er. Oso maiz.

maizenean adb. Maizenik.

maizenik adb. Gehienetan. Gogo bizi hori, maizenik, etorri bezain laster joan ohi da. Ez beti, ez beharbada maizenik ere.

maizko adj. Maiz gertatzen dena. Maizko erabilera.

seguru

1 adb. Heg. Dudarik edo zalantzarik gabe. Ik. segur; ziur 2. Seguru dakit ez zabiltzala zu niregandik ihesi. Egia den ala ez den seguru jakin ez. Jainkoaren eskeko bati atea ixteak, seguru baino seguruago, zoritxarra ekarriko lioke etxeari.

2 adb. Heg. Arriskurik gabe. Jainkoaren adiskidea banaiz, seguru nago arerio guztietatik.

3 adj. Heg. Ziurra. Ik. segur 2. Hizkuntza eredu eta gidari segurua. Gauza segurua da.

4 adj. Heg. Hutsezina. Bekatu guztien erremedio seguru eta erraza.

5 adj. Heg. Arriskurik gabea. Bide zuzen eta segurua. Euskararen zoria ez da gauza segurua, askozaz hobekiago dabil munduan judua.

seguru asko Esaten dena hala izango delako ustea adierazteko erabiltzen den esapidea. Ik. segur aski; seguruena;  + segurutik 2; ziur asko; seguruenik. Komedia hau, nire iritziak ezer balio badu, ondu dituenetarik onenetakoa dugu, seguru asko. Horrela izango da, agian, zenbaitentzat; ez, seguru asko, gehienentzat.

seguru egon Zalantzarik ez izan. Bai, seguru nago. Ustez seguru egonagatik, kukuak oker jo dio.

segurutzat (jo, eduki, eman eta kideko aditzekin). Datuak eskuetan, ezin daiteke ezer segurutzat jo. Xerezen ia segurutzat ematen dute garaipena, baina ni ez nintzateke hain seguru egongo.

ziur

1 adj. Dudarik edo zalantzarik gabea, zalantzarako biderik uzten ez duena. Ik. segur; seguru 3; hutsezin. Seinale ziurra. Ez da hori jakite ziurra eta egiazkoa, egiantzekoa baizik. Ziurtzat eduki.

2 adb. Dudarik edo zalantzarik gabe. Begiekin ikusiko bagenu baino ziurrago. || Ziur-ziur ez dakigu.

ziur aski adb. Segur aski, seguru asko. Persiarrek, Homero irakurtzen ez zutenez, ziur aski, ez zuten Troiako gerraren berri.

ziur asko adb. Segur aski, seguru asko. Alkatea, deituraz behintzat, euskalduna da eta ziur asko gogoz erantzungo dizu.

ziur egon Zalantzarik ez izan. Ik. ziur izan. Ziur nago merezi duen harrera egingo diola jendeak. Ziur al zaude horrela dela? Erabat ziur zaude horretaz? || Ziur-ziur nago hark ez zuela ez emazterik ez emaztegairik.

ziur izan da ad. Zalantzarik ez izan. Ik. ziur egon. Ziur naiz hura izan dela nire zerurako giltza. Ez dela arras galdu ziur baikara. NBEko ordezkaria ziur da bigarren itzulia garbiagoa izango dela.

Oharra: azken eguneraketa 2021-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper