Figura erretorikoetako bat da, gehitzean oinarritzen denetakoa, metaketarekin, perifrasiarekin, epitetoarekin eta abarrekin batera. Konparazioak antzekotasuna erabiltzen du, edo frogak emateko, edo edertzeko. Bi (edo gehiago) gauzen edo kontzeptuen arteko ezaugarri berean edo bertsuan oinarritzen da; ezaugarri komun hori da konparazioaren oinarria (lehoiaren eta Sansonen artean, indarra, basatike ria eta ausardia, esate baterako). Alabaina, antzekoak ez diren ezaugarriak ere badira, eta horrek bereizketa sortzen du konparazioko bi (edo gehiago) aldeen artean; beraz, antzekotasunaren mailak asko izan daitezke.
Antzekotasun edo analogia hori izadiko gertaerak eta gauzak erabiliz egin izan da gehienbat literaturaren tradizioan, hots, gizakiaren jokabide edo egoera bat agertzeko, izadiko animalia edo landareren batenarekin konparatu: “Zuri-gorria zira, larrosa bezala” (“Xarmegarria zira”, maite kanta herrikoia); alabaina, gauza eta pro zesu artifizialak ere erabiltzen dira horretarako, are gehiago literatura modernoan.
Konparazioa, berez, “bezala”, “antza”, “bailitzan” edo beste terminoren batez adierazten da, antzekotasuna esplizitu eginez. Antzekotasuna ezkutuan geratzen bada, hitz batek beste bat ordezkatuz, metafora agertzen da; alegorian ere, istorio edo konposizio baten bidez errealitate edo mezu bat adierazteko, antzekotasuna ezkutatzen da.
[J. K. I.]
Ikus, halaber, A LEGORIA , M ETAFORA .