Erretorika klasikoan, sermo ornatus edo hizkera literarioaren osagarri behine nak diren baliabide literarioak figura izendatzen ziren. Hizkera literarioa, beraz, hiz kera figuratua edo figuraz eta irudiz horniturikoa da, eta hizkera arruntetik, sermo vulgaris etik bereizten da, hain zuzen ere baliabide literario horien erabileraren dentsitatean edota ugaritasunean. Figura literarioen bidez osaturiko eta esapide arruntetik urrunduriko testua hartu izan da testu literariotzat, nahiz eta gaur egungo adituek ikuspegi hori gainditutzat duten eta testuaren literariotasuna figuren erabi leraz harantzagoko kontzeptuetan ezartzen duten. Tz. Todorovek, R. Jakobsonek nahiz J. Mukarovskik garaturiko teoria literarioetan, esaterako, literatur mezuaren hartzailea diskurtsoaren beraren forman kateaturik uzten duen hizkera moldea da hizkera literarioa.
Esan bezala, figurak eta irudiak ez dira literatur mintzaira jaso batenak soilik; figura eta irudi horiek sarritan hizkera mintzatu eta egunerokoan erabiltzen dira. “Babalore bat haiz” edo “emadazu errioxa bat” bezalako esakuneek herriaren hiz keran esanahi jakina dute, ez dute ezustekorik eragiten. Esakune horiek herri kode espresibo baten zati dira; halere, gehiegi hedatzen direnean, sorpresa ahalmena galtzen dute eta berritu egin ohi dira etengabe. Literaturan ere, baliabide literarioen alorrean, etengabeko bilaketan dihardute egileek.
Hortaz, erretorika klasikoan, errekurtso espresibo edo baliabide estilistiko bere zien multzo jakin bati eman zitzaien figura izena. Prezeptiba klasikoetan, baliabide literarioen edo figura literarioen katalogo zehatza egin zen ondorioz. Nahiz figura batzuen kokapena aldatu sailkapen batean edo bestean, gehienak bat etorri ziren baliabide erretorikoak hiru sailetan bereiztean: hizkuntza figurak edo hitzezko figu rak (fono-fonologikoak eta sintaktikoak), pentsamendu figurak, eta figura semanti koak, tropoak edo irudiak.
[X. A.]
Ikus, halaber, E RRETORIKA .