E. Husserl-en filosofiak aintzakotzat hartuz, espresionistek giza izaera ulertu nahi zuten, errealitatea interpretatzeko lehen pauso gisa, eta, euren ustez, intuizioa zen errealitate horretara heltzeko bidea.
Oinarri teoriko horiekiko adostasunez, espresionistek gizarte burgesari eginiko kritikaz eta belaunaldien arteko borrokaz aritu ziren bereziki; baita giza izaeraren absurdoaz ere, F. Kafkaren narrazioetan ageri bezala; hiri masifikazioaren aurkako joeraz; esklabutza politiko zein ekonomikoaren salaketaz; gudaren eraginez lirikan behin eta berriro agertuko den heriotzaz, absurdoaz eta groteskoaz, Kafkaren Itxura aldaketa liburuan irudikatu bezala (X. Kintanak itzulia, 1970).
3. Espresionismoaren garapena . Hiru aro bereiz daitezke, Estébanez Calderónek dioenez: lehenik, 1905etik 1914ra, pinturaren arloan sorturiko mugi mendua da espresionismoa. Dresdeneko pintore talde bat da lehen multzo espre sionista, eta O. Kokoschka austriarra da haien artean ezagunena. Haien pinturak sintesia egin zuen, errealitatearen ezaugarririk sendoenak margo espresiora bihur tu. 1911n Munichen Der Blaue Reiter (Zaldun Urdina) pintore taldea sortu zen, eta
W. Kandinsky eta P. Klee dira taldeko ezagunenak. Figurazioa utzi eta kolorearen bidez azaldu nahi dute margoaren indarra, izadiaren barne munduaren izaera. Bizitzaren artea eman nahi dute aditzera, ez bere baitan geldirik dagoena.
Bigarren arloa 1914 eta 1918aren artekoa da. Gerraren krisiuneak eragin zituen idazleak gerrako triskantzaren aurrean erantzun konprometitua ematera. Gudak sorturiko etsipenaren eraginpean idazle espresionistek euren adierazpen gordina eta gogorra agertu zuten. Idazle espresionistek errealitatearen ikuskizun naturalaz harantzago joan nahi lukete, barne ikuskizunaren bidez agerrarazten den errealita te berri bat sortu arte. Azaletik harantzago joan, hura garaituz, eta transzendentzia ren bidez gauzen esentzia edo barne izaera argitan jarri nahi lukete. Aro hartako idazleak dira G. Trakl, G. Heym, E. Stadler eta F. Von Hunruh. Eduardo Gil Berak argitaratu du espresionista alemanen antologia bat, jatorriz Die verbrannten Dichter, euskaraz , Ezabatuak (1995).
Hirugarrenik, 1919 eta 1925. urteen artean espresionismoa ikus-entzunezko arteetara iritsi zen, eta antzerkian, zineman (Fritz Lang) eta musikan agertuko zuen bere barne indarra.
Euskal kulturan espresionismoak pinturan izan du eraginik nabarmenena. Literaturan, berriz, oihartzun espresionistak agertzen dira B. Gandiagaren zenbait poematan: Hiru Gizon bakarka (1974) eta Uda batez Madrilen (1977). Bestalde, agerian da joera hori kartzelako gaia ukitu duten poeten artean: J. Sarrionandiaren Gartzelako poemak , (1992), M. Ibargurenen Hemen gauak lau ertz ditu (1996), adi bidez. Bestalde, J. L. Otamendiren lanean ere erraz aurki daitezke espresionismo zantzuak.
[J. K.] B IBLIOGRAFIA E STÉBANEZ C ALDERÓN , D.: Diccionario de terminos literarios , jat. 1996; 2. argit.,
Alianza Editorial, Madrid, 1999.
M ICHELLI , M. de: Las vanguardias artísticas del síglo XX , 4. arg., Alianza Editorial , Madrid, 1994 . T ORRE , G. de: Historia de las literaturas de vanguardia , Gredos, Madrid, 1974 .
es: expresionismo
fr: expressionnisme
en: expressionism