(lat. r etitentia )
Hitzezko figura, elipsi prozeduran oinarritua. Esaldian –bereziki bigarren parte an edo bukaeran– eten eta isilune bat egitean datzan figura da, idatzia eten eta puntuen bidez adieraziz. Esaldia bukatu gabe uzten da, baina esan nahi dena uler taraziz eta esaldia osatzeko lana emanez irakurleari. Elipsi mota bat da eta, beraz, irakurlearekiko elkarraditzearekin lotua (ironiarekin eta abar). Esate baterako, Lizardik, “Aldakeri” izeneko poeman:
“ Ikus dun ori, laguna? … Ez din, orratik, orretxek yaso makala , ederrez ain motza dala… ” (Zozoak beleari…, dakiguna ). ”
Azken neurtitz edo lerroan esaera zaharrari falta zaiona esan gabe uzten da, “ipurbeltz” alegia.
Erretizentzia mota batzuek etena irakurlearen arreta atxikitzeko erabiltzen dute, ondoren esaldia ustekabeko bukaerarekin edo ezusteko batekin azkentzeko. Hiriart-Urrutik zinez gogoko du hori, bere zorroztasuna eta etsaiekiko aiherra, baina orobat umorea erakusten duena. Politikari batzuen usteldura kasu ospetsu batez ari dela, honela dio:
“Ez dute nahi jaun garbi horiek ohointzarik... bertzek egitea.” ( Eskualduna 860).
Bestalde, erradikal, sozialista eta framazonez zera dio:
“Bethi gerla; eta bethi gero-ta barnago. Erran nahi baita gorriak bethi gorri...ago!” ( Eskualduna , 280).
Garaiko egoera politikoaz:
“Hauk dire denbora hitsak! Noiz arte ditugu hauk? Ez ote du norbeitek azkenean zerbeit eginen? Eta ez baita atertzen etsaiaren gaixtakeria! (...). / Emadazue bakea...eta parasola bat; xuri edo gorri, zahar edo berri, busti tzen ari bainiz.”
(“Har zazu parasola”, 1903).
Kazeta irakurtzen baina berriak igortzen ez zituzten adiskide batzuez:
“Ai eta gure irakurtzale zenbeitek aldiz balakite gure berri! Kazeta baten egiteari, eta bereziki gure huni doazkon goiti-beheitiak oro erhien puntan balazkite, gure adixkide on...alfer zenbeitek!”
( Eskualduna, 822).
[X. A.]
es: reticencia
fr: réticence
en: reticence