(grek. aphairesis, kentzea, laburtzea)
Hitzezko figuren artean, elipsi bidez sorturiko baliabide literarioa da, eta hitz baten hasierako hizki edo silaba baten galeran datza. Lizentzia metrikoa ere bada.
K. Mitxelenaren arabera ( Fonética Histórica Vasca , 1985), oso arraroa da hitzen hasierako bokala galtzea euskaraz. Euskal hitz mailegatu zaharretan r-ren aurrean bokal bat joan ohi da, baina idazle batzuek (J. Leizarraga, B. Sauguis) ez zuten bokal hori idazten, kultismoagatik. Hona hemen Leizarragaren adibide bat, Jesus Christ Gure Jaunaren Testamendu Berria ren eskaintzako lehen hitzetatik jasoa:
“Gucizko Andre noble Ioanna Albrete Naffarroaco Re gina Bearnoco Andre guehién denari, bere cerbitzari gucizco chipiac eta gucizco obedientac, Ioannes Leizarraga Berascoizcoac...”
Zalgizeren atsotitzetan ere agertzen da: “Gortia jaiquiz geroz vilaüaren razoi nac”; “Itsuen artian, okerra regue” (Sauguis, RIEV II, 711, cfr. L. Martínez de Isasti: “Itsuen erriyan oquerroc erregue”).
Orobat, K. Mitxelenak dioenez, latinetiko maileguetan, latinez hitza s-z hasi eta ondotik kontsonantea duelarik ( scribere, spiritus eta abar), euskarak e- edo i- ezartzen die aitzinetik, baina egile batzuek e- edo i- hori jarri gabe idatzi izan dute, latin grafiari atxikirik. Esaterako, B. Etxeparek “Kontrapas” poeman hau dio euskarari buruz:
“Berze jendek uste zuten ezin s kriba zaiteien; orai dute phorogatu enganatu zirela. Heuskara, / ialgi adi mundura.”
Halaber, F. Krutwigek “Bulharraren labyrinthua” sonetoko azken hirukoan:
“Lanho da oro, mundua elhea. Ezer eztago, eztago Gogorik, s piritua ezta khimaira baizik.”
Bestalde, erabilera kultista horiek alde batera utzita, euskaraz betidanik erabili dira eta edo ere lokailuen aldaki laburtuak, eta/ta, ere/re, bertsoaren neurriaren arabera komeni bezala. Lizardik hala egiten du, esate baterako, “Asaba zaarren baratza” poeman, silaba gehiago ala gutxiago behar duen araberan:
“Sar eta... zuaitz yanziak, urrats bat egin, ta... adar uts. Oroipen-txoriez zeuden beterik, ni ikus ta, bat-batean, egoei eragin ziten. ”
Gauza bera egin izan da aditz laguntzailearen hasierako silabarekin: “egin dezagun” > egin zagun , “egin ezazu” > egin zazu , neurkerak eskatuz gero.
[X. A.]
Ikus, halaber, E LIPSI .