Txomin Agirre
(Ondarroa, 1864 – 1920)
Gasteizko Apaiztegian Filosofia eta Teologia ikasketak egin ondoren 1888an apaiztu zen. Garaiko euskal aldizkarietan parte hartu zuen: Euskal Erria, Euskalzale, Ibaizabal, Euskal-Esnalea, RIEV, Jaungoikozale... Lehenengo literatura saiakerak 1890ean egiten hasi zen eta, gerora, hainbat literatura molde landu zituen: eleberria, ipuina, elezaharrak, artikuluak, bidaia kronikak, olerkiak, etabar. Baina haren obra ezagunenak eleberriak dira. Aunamendiko lorea (1898) izan zen lehenengoa. VII. mendean giroturiko eleberri historiko honetan, kristautasunaren Euskal Herriko sarrera da gai nagusia. Kresala (1906) izan zen bigarrena; honek lehendik Euskalerria aldizkarian zatika ikusi zuen argia 1901. urtetik aurrera eta, bertan, Arranondoko (Ondarroa) arrantzaleen bizitzaren gorabeherak azaltzen dira bizkaieraz, errealismoz eta bizitasunez. Hirugarrena Garoa (1912) izan zen gipuzkeraz, lehenik RIEVen (Revista Internacional de Estudios Vascos) (1907) argitaratua. Hau ere ohitura-eleberria da, baina nekazari giroan kokatua. Txomin Agirre euskal literaturako klasikotzat hartzen da; intuizio argia, deskripzio zehatza, hiztegi aberatsa eta humanismo handiko idazlea da. Euskaltzain osoa izan zen Akademiaren sorreratik bertatik (1918).