Toribio Altzaga
(Donostia, 1861 – 1941)
Bigarren Gerra Karlista zela eta Ziburura joan eta bertan ikasi zuen Batxilerra. Mutil koxkorra zela, Iriyarena komedian parte hartu zuen Ziburun Marzelino Soroaren agindupean, eta handik aurrera antzerkigintzari lotu zitzaion behin-betiko. 1888an antzeztu zen haren lehen euskal obra. Lapurdin idatzi zuen eta Aterako gera du izenburua. 1915ean Donostiako, Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola izenduna zuzentzeko hautatu zuten. Bertako taldearekin antzezten zituen obrak Donostian eta Gipuzkoan eskaintzen ziren, euskal giroa eta grina nonahi sortuz. Euskal Herri osoan antzeztu dira haren lanak, behin eta berriz. Hauek dira haietako batzuk: Santo Tomaseko feriya (1892), Axentxi ta Kontxexi (1914), Bernaiñoren larriyak (1915), Oleskari berriya (1916), Txiribiri (1918), Ramuntxo (1920), Andre Joxepa Tronpeta (1921), Elizatxoko ardazlea, Arpuxa kalian, Bost-urtian (1922), Etxietan, Zalaparta, Amantxi, Tan tarrantan, Zanpantzar (1923), Neskazar (1924) eta Burruntziya (1931). Opera libretoak ere idatzi zituen: Txanton Piperri (1899), Anboto (1906) eta Clicornamenti (argitaratu gabea). Halaber, 1926an William Shakespeare-ren Macbeth itzuli zuen Irritza izenburupean antzezteko. 1918an Lore-Jokoen eta Euskal-Erria aldizkariaren zuzendaria izan zen. Kritikoen iritziz, Toribio Altzagak goratu egin zuen euskal antzerkia haren aurrekoek utzitako maila apaletik, halako gaitasun eta duintasunera ekarriz.