Mikel Zarate
(Lezama, 1933 – 1979)
Aparejadore ikasketak egin ostean apaiz egin zen. Deustuko Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Derioko eskolako eta Bilboko Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara irakaslea izan zen eta, 1975ean, Deustuko Unibertsitatean literatura klaseak eman zituen. Euskaltzain urgazlea ere izan zen. Karmel, Anaitasuna, Euskera eta beste zenbait aldizkaritako kolaboratzaile emankorra izan zen. Eleberriak, olerkiak eta saioak idatzi zituen gehienbat. Honako hauek dira haren idazlan nagusienak: Bizkaiko euskal idazleak (1970). Haurgintza minetan (1972), Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975), Influencias del vascuence en el habla castellana del Txorierri (1975), Higidura berdez (1975), Euskal deklinabidea (1976), Euskal literatura (1977), Euskal ortografia (1978), Bizipenen bultzadaz (1978). Hil ondoan hiru idazlan argitaratu zaizkio: Bilbo irrifarrez (1981) eta Utopiaren fantasian (1982) eta Etorriaren zorabioz (2004). Eleberrigintzan metafora ugari erabiltzen zuen, baina estilo arin eta argiaz idatzita. Olerkigintzan esperientzia pertsonalak eta bizitzaren bere ikuspegiak azaldu zituen. Metodo abangoardistak erabili zituen: letrak egoki kokatuz irudiak egiten zituen. Bizkaieraren ñabarduraz beteriko euskara batu eder eta malgua erabili zuen, zenbait idazle bizkaitarrek eredutzat hartu izan duena.