Euskararen Gramatika

23.5.2. Al eta -a galdera markatzaileak


23.5.2. Al eta -a galdera markatzaileak

23.5.2a Bai/ez motako galderetan erabiltzen da al, galdera egitura nabarmentzeko: Egunero joaten al da mendira? Egin al du eskatu genion lana? Ez al duzu ikusten zer galtzen duzun nire eskaintza onartzen ez baduzu? Gipuzkera literarioan ageri da, batez ere, nahiz bizkaierazkoetan ere ezezaguna ez den. Benetako zehar-galderetan erabil daiteke (joango al den galdegin diote), baina ez zehar-galdera itxura izan arren, egiazko galdera bat adierazten ez dutenetan: *Ez dakit joan al den. Galderak erretorikoak ere izan daitezke, eta mota horietakoetan ere aurkituko dugu al: Ez al dizut esan isilik egoteko? Haiek baino gutxiago al gara gu? Bi adibide horietatik lehena, baieztapena da funtsean (esan dizut, noski!) eta bigarrena, berriz, ukapena edo, zehazkiago esanda, ezezko moduan egiten den baieztapena (ez gara gutxiago, noski!). Literatura tradizioan ahal forman ere aurki daiteke galdera erretorikoetako al hau: Ez ahal dakizu osoki partida ditugula liburuak euskaldunak (J. Etxepare). Nolanahi ere, al beti da aukerakoa; ez dago partikula horren beharrik galdera adierazteko, intonazioa bera nahikoa da.

23.5.2b Iparraldeko hizkeretan adizki jokatuari -a atzizkia eransten zaio galde perpausetan (§ 10.3.2.2): Ene falta dea bizirik enterratu banaute? (Larzabal); Mugarik badea zuretzat hilen eta bizien artean? (Borda); Baduzuia beste galderarik egiteko? (Etxehandi); Maite duzuia lanean aritzea ordenagailuekin? (Oxandabaratz); Ez duia ikusten zer galtzen duen ene eskaintza errefusatuz? (Larzabal); Goizik afariten ginen: ez direa neguko gauak osoan lo egoiteko, udakoen orde […]? (J. Etxepare); Mihi poxoin batzuek ez dutea biltzarra izengoititu: “bazkaltzaleen biltzarra”? (Lafitte); Anaiak ez girea, eta ez othe zaizkigute urrikalduko? (Barbier); Ene amaren begia nigarrez urtu zirea? (Barbier). Galdera erretorikoetan ere ager daiteke, egiazko galdera ez direnetan, alegia: Ez duta neure herria maitatuko? Baina ez zehar-galderetan: *Hemen bizi dean galdegin du.

Adibide horietan ikus daitekeenez, bai/ez motako galderetan ageri da -a; ezinezkoa da zati galderetan: *Nor ote dea? Bestalde, zenbait egokitzapen gertatzen dira adizkiaren amaierako bokalaren eta -a galde-atzizkiaren artean: da > dea, dira > direa, zira > zirea; dute > dutea; duzu > duzuia. Perpausen ordain ageri den bai adberbioak ere har dezake -a: Benat, Ameriketarat joaiten zauku!: Ha, baia? (Larzabal).

23.5.2c Bai/ez motako galderetan batera ager daitezke ote eta -a204. Gaur egungo corpusetan aurki ditzakegu mota honetako adibideak: Gizonak ere ez othe girea berdintsu? (Manezaundi); Hain maite nuen zure ilea ainitz xuritu othe dea? (Barbier); Nexkato batzuk orai bi urthe egin zutena, gizon gazteek ez othe dutea kalipurik gauza bera egiteko? (Manezaundi); Elgarren ezagutza eta adiskidantza finkatzeko beste manera hoberenik ba ote dea? (Herria). Monfortek (2020: 139) nabarmendu duen bezala, bateragarriak dira -a eta ote, bai sintaktikoki, bai interpretatiboki ere. Al eta ote, baina, ez dira pragmatikoki bateragarriak: “al erabiltzen den testuinguruetan hiztunak entzulearengan erantzun bat sortu nahi du; ote azaltzen deneko perpausetan, ordea, hiztunak ez du entzulearengandik erantzunik jasotzea espero” (Monforte 2020: 242).

Hala ere, gutxi izan arren, badira adibideak al eta ote batera ageri direnak: Baña orain il danean, zertarako barautuko naiz? itzuli al ote nitzaioke bizia? Ni bai joango naizala beragana; bera berriz ez da itzuliko nigana (Uriarte); Beste egun batean predikatzen ziarduela Hospitaletxo ta Magdalena bitartean elizatxoaren atarian, bi mirari moduko garaimen ederrak iritxi zituen bere itzaldiaren bidez Jaungoikoaren graziak neskatxa bategan, zeña basarretxe Enparan-gaiñgoaren leio batean erdi-etzana kanpora begira zegoan ea zerbait aitu al ote zegion (J. I. Arana); Nola bada etzioten egingo? Izandu ziran batzuek erregla irakurri onduan esan ziotenak onian, seme egiazko batek Aitari bezela: zerbait bizitzeko ondasun al ote zezaketen iduki, ez bakoitzaren izenian, baña guztien izenian? Au esaten zuten, egunetik egunera ugarituaz zijualako praile txikienen taldia (Beobide).

Monforteren hipotesiaren arabera, al partikula ahal modala gramatikalizatzetik sortu bada, gerta liteke adibide horietan oraindik ere balio modala gordetzea. Izan ere, ez da dudarik al modernoagoa dela eta hedadura murritzagoa duela. Dena den, Monfortek berak dioen bezala, gai honek oraindik ere azterketa sakona behar du.

23.5.2d Aurreko puntuan esandakotik ondorioztatzen da al eta -a ez direla baliokideak, oro har euskal gramatiketan halakotzat jo diren arren. Monfortek (2020: 350) erakutsi du ekialdeko -a partikulak indar ilokutiboa sendotzen duela; erdialdeko al partikulak, ostera, “erantzun jakin baten aldeko bideratzea saihesten du eta balizko erantzunak zabalik uzten ditu”. Ote-k ere indar ilokutiboari eragiten dio (§ 23.5.3.5) eta horregatik dira bateragarriak -a eta ote.

204 Aldiz, galdera nabarmentzen duen al partikula eta ote ez dira batera ematen. Uriarteren adibide bat baino ez dugu aurkitu: Itzuli al ote nitzaioke bizia.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper