Euskararen Gramatika

22. Adberbioa


Kokapena:

22. Adberbioa

22.1. Adberbioak zer diren

22.1.1. Kategoria mota bat

Perpaus batean mota askotako hitzak aurkitzen dira: Jonek etxe polit bat erosi du gaur goizean. Perpaus horretan ageri diren hitzak kategorietan sailkatzen ditugu (ikus 11. kapitulua). Kategoriek esaten digute nolakoak diren hitzak, ze klasetakoak, baina ez digute esaten arruntean nolako funtzioa betetzen duten perpausean. Horrela, badakigu perpaus horretako Jonek hitza izena dela, izen berezia (§ 12.3.2), hain zuzen. Funtzioari dagokionez subjektua da, baina Joneri eman diogu esango bagenu, edo Jone ikusi dut, kategoria berekoa izanik ere, izen berak beste funtzio batzuk dituela ikusten dugu berehala.

Berdin gertatzen da beste hitzekin ere: kategoriari dagokionez, etxe izen arrunta da, polit adjektiboa, bat zenbatzailea, erosi eta du aditzak dira, gaur adberbioa da, eta goizean inesibo kasuan dagoen izena (postposizio sintagma, hortaz).

Adberbioek, izenek edo adjektiboek ez bezala, ez dute determinatzailerik hartzen euskaraz, eta ez dute inolako komunztadurarik egiten aditzarekin: gazteak egin du / gazteek egin dute. Perpaus horietan, gazte hitzak (-a) artikulua hartzen du, eta bigarren adibidean numero marka ere (-k), eta komunztadura egiten du aditzarekin (gazteak… du; gazteekdute). Baina gaur hitza biluzik dago, ez du artikulurik onartzen, eta ez du inolako komunztadurarik egiten aditzarekin, hitza beti bakarrik, inolako eranskinik gabe, ageri baita. Hori gertatzen da adberbioekin. Hau adberbioaren berezko aldaezintasunarekin dago lotua (§ 22.1.5).

22.1.2. Adberbioak ez dira aditz argumentuak

Adberbioak, nolabait esateko, aditzaren argumentu egituratik (§ 23.3) kanpo geratzen dira, bazter batean bezala: ekarri aditzak norbaitek zerbait ekartzea eskatzen du (beraz, nor eta zer argumentuak ezinbestekoak ditu, eta anitzetan nori ere). Baina ez du aditzak berez eta ezinbestean eskatzen nola ekarriko duen, noiz, norekin edo zergatik, horiek guztiak gertaera posibleen konstanteak baitira. Gertaerak beti gertatzen dira noizbait, nonbait, nolabait… zirkunstantzia batzuetan alegia. Horiek ez ditu aditz batek, honek edo besteak, berez eta bereziki eskatzen. Nahi izanez gero, hiztunak zehatz ditzake, jakina, edo ez, baina ez da aditzen kontua hori. Aditzak berez eskatzen duen informazio trinkotik kanpo gelditzen da, ez da ezinbestekoa informazio hori ematea. Aldiz, aditz baten izaera semantikoaren berri eman nahi izanez gero, haren ezaugarriak azaldu nahi izanez gero, aditzaren argumentu sarea definitzeko ezinbestekotzat hartzen diren argumentuak zein diren zehaztu beharko da: etorri (norbait), eman (norbaitek–norbaiti–zerbait), edan (norbaitek–zerbait) eta abar. Beste kontuak marjinalak dira alde horretatik, zirkunstantzialak. Adberbioak hor kokatzen dira, inguruan, beste maila batean, aditzaren gunetik urrunago, eta “zirkunstantziak” markatzen dituzte179.

22.1.3. Aditz sintagmaren edo perpaus osoaren modifikatzaile

Geroago adibide batzuk ikusiko baditugu ere, aurrera dezagun hemen zerbait. Horretarako bi adibide hauek erabiliko ditugu: Irakaslea orduan etorri da; Orduan, irakaslea etorri da. Edozein hiztun gai da hor ageri den orduan adberbio horrek bi esanahi dituela ohartzeko: lehenbizikoan irakaslea garaiz etorri dela esan nahi du, ez dela berant etorri alegia. Bigarren adibidean, ordea, ez da hori kasua, eta ez du zerikusirik orduarekin. Beste zerbaitez ari garela, eta horretan, irakaslea etorri dela esaten dugu. Bi adberbioen funtzioa, nolabait esateko, bazterrekoa da, baina lehenbiziko kasuan adberbioak aditz sintagma modifikatzen du, eta bigarrenean, ordea, perpaus osoa. Bigarren saileko adberbioak dira zorionez, tamalez, azkenik, gainera, bestalde, askotan, maiz, gutxitan, bortizki nahita, zuhurki, dirudienez, egia esan, dagoeneko eta abar. Lehen sailekoak —aditz sintagmaren modifikatzaileak— dira zeharo, osorik, asko, ondo, ongi, honela, hobeki, hala bestela, beti, nahiko eta gisa horretakoak. Batzuetan, eta hori ikusi dugu, orduan-en kasuan, sail batekoa nahiz bestekoa izan daiteke, nola den ageri.

22.1.4. Adberbio sintagmak eta postposizio sintagmak

Kontura gaitezen, hala ere, ez dagoela desberdintasun handiegirik honako bi perpaus hauen artean, hor ageri diren gaur eta arratsaldean hitzei dagokienez: Miren gaur etorri da; Miren arratsaldean etorri da. Itxura batean, gaur adberbiotzat hartzen badugu, iduri luke arratsaldean ere adberbioa behar lukeela izan ezinbestean. Biek denborari egiten diote erreferentzia, distribuzio antzekoa dute, ez dute komunztadurarik egiten, ez dira argumentu sarekoak eta abar. Hala ere, arratsaldean hitzaren kasuan berehala ohartzen gara gaur hitzarekin ez bezala, hitz barruan beste elementu gehiago bereiz daitezkeela: arratsalde, hasteko. Arratsalde hori ez da adberbioa, baizik denborari erreferentzia egiten dion izena: Arratsalde ederra egiten du gaur. Eta izena den aldetik, komunztadura egiten du: Arratsaldeak beldurra ematen zion perpausean singularrean doa aditza. Ondoko honetan, berriz, pluralean: Arratsaldeek beldurra ematen zioten. Horretaz gain, Miren arratsaldean etorri da adibidean argi ikusten denez, izenak artikulua hartzen du (-a), numeroa (sing. edo pl.) eta -n inesiboaren postposizio marka.

Zer gertatzen da hor orduan? Gaur eta arratsaldean ez dira sail berekoak? Eta zer gertatzen da, eman dezagun gauzak gehiago nahasteko, gaur arratsaldean gisako sintagmarekin? Zer da hori? Esan dezagun, errazenetik hasteko gaur eta arratsaldean, biak, sintagma sail berekoak direla, nahiz sintagma mota horren izena zehaztea erraza ez den. Horiek guztiak adberbio sintagmak dei ditzakegu, izena batzuetan nahasgarri gerta badaiteke ere, gaur adberbioa baita, baina arratsaldean ez (bistan denez, postposizio sintagma da). Biak dira osagai zirkunstantzialak: denbora, tokia, modua, kopurua, zergatia, helburua… bezalako eduki semantikoekin erlazionatzen dira.

Hori dela eta, terminologiari dagokionez, bereizketa hauek egingo ditugu: denak dira, esan bezala, osagai zirkunstantzialak. Horien barnean adberbio sintagmak bereiziko ditugu, batetik (gaur) eta adizlagunak edo postposizio sintagmak (arratsaldean, etxean, mendian), bestetik. Hemen, EGLUn erabiltzen den terminologiatik urruntzen gara: han adberbio terminoaren azpian biltzen ziren “aditzondoak” (gaur) eta “adizlagunak” (adiskideekin).

EGLUko eskema: Adberbio = aditzondo + adizlagun.

Funtsean ez dugu gauza handirik aldatzen orain: multzo beraren (osagai zirkunstantzial deitzen dugu, ez adberbio) azpian sartzen baititugu adberbio sintagmak (adberbioa edo aditzondoa dute buru) eta postposizio sintagmak (orduko adizlagunak).

Oraingo eskema: Osagai zirkunstantzial = adberbio/aditzondo + postposizio sintagma/adizlagun.

Uste dugu orain aukeratzen dugun terminologia hedatuago dela gramatikarien artean.

Kapitulu honetan adberbio sintagmak aztertuko ditugu. Postposizio sintagmetarako ikusi 19-21. kapituluak. Hala ere, batzuetan hain dira hurbilekoak esanahian, non postposizio batzuk denborarekin multzoz aldatuz joan baitira eta benetako adberbio bihurtu dira azkenean: Orduan etorri zen. Perpaus horretan orduan postposizio sintagma izan daiteke: Bostetarako etorri behar zuen, eta puntu-puntuan, orduan, etorri zen. Beraz, espero zen orduan etorri zen, oren horretan. Baina adberbio hutsa ere izan daiteke: Koldori buruz ari ginen hizketan eta orduan etorri zen, hizketan ari ginela. Bi esanahi desberdin ditu orduan horrek, ikusten denez: batean, ‘ordu jakin batean’ (halako orenean) eta bestean ‘une hartan’. Ez dira esanahi bakarrak, zeren ‘hortaz’ (edo holako zerbait) ere esan nahi baitezake: Nondik datorkigu orduan konfiantza hori? Kategoria aldatze hori beste izen zenbaitekin ere gertatzen da: gaur egun hiztun gutxi ohartzen da hemen edo aurten adberbioen amaieran ageri den -n hori, mendian edo goizean hitzen amaieran ageri den inesibo marka bera dela. Hain da galdurik informazio hori, zenbait hizkeratan orai esaten da zuzenean, -n gabe.

Kontura gaitezen, bestetik, adberbioekin ere, beste edozein izenekin bezala, osa daitezkeela postposizio sintagmak: Bihartik aurrera ez da etorriko; Gaurko egin behar zen hori… Beraz, bai goizean eta bai bihartik, biak dira postposizio sintagmak, baina batean postposizioak izen sintagma hartzen du osagarri (etxe-a-N) eta bestean adberbio sintagma hartzen du osagarri gisa (bihar-TIK).

22.1.5. Adberbioen aldaezintasuna

Zehatz dezagun, hortaz, hobeki, zerbait lehentxeago aipatu dugun adberbioen aldaezintasunaren kontua. Gramatiketan ere azpimarratu izan da adberbioen ezaugarri nagusia dela aldaezintasuna. Hori gertatzen da, egia da, zenbait hizkuntzatan: gainerako kategoriak ez bezala, adberbioek beti itxura bat eta bakarra erakusten dute. Hori esaten da gertatzen zaiela interjekzioei eta postposizioei ere. Euskaraz egia da hori, baina neurri batean bakarrik (ikus EGLU-I: 312). Adibidez, ere partikula adberbiotzat har daiteke, eta horrek beti du itxura hori, ez du besterik hartzen, ez artikulurik ez postposiziorik. Baina euskaraz ez da hori gertatzen beste adberbio askorekin, aurreko pasartean ikusi dugun gisan, adberbioek postposizioak hartzen ahal baitituzte. Azkuek espresuki esaten zuen euskal adberbioak ez zirela hain aldaezinak: “Nada de invariabilidad tienen los de nuestra lengua en su mayoría […] Muchísimos de ellos son tan declinables como cualquier nombre” (Azkue 1925: 454).

Bada, ordea, aldaezintasunaren kontzeptua definitzeko beste bide bat: aldaezintasuna hitzek edo hitz multzoek perpausean betetzen dituzten zereginen arabera hartzen dituzten muga-hizkiei, erlazio-hizkiei eta gradu-markei eta antzekoei badagokie, honako hau esan daiteke: adberbioek ez dute mugatzailerik hartzen, ikusi bezala; adberbioa batzuetan nominalizatu daiteke, izenkiei dagozkien kasuetara eramanez (Iruñetik zerbait urrutian bizi da), adberbioa izen bihurtuz alegia; adberbioa izenlagun ere bihur dezakegu -ko markaz baliaturik (atzoko lagunak); adberbioek ez dute kasu marka gramatikalik hartzen (*atzok), baina bai leku-denborazkoak (atzotik) batzuetan; azkenik, adberbio batzuek, baina ez guztiek, gradu markak har ditzakete (beranduegi, *atzoegi). Argumentu horiek erakusten dute euskal adberbioa, guztiz aldaezina ez bada ere, badituela eranskinak hartzeko gainerako izenkiek ez dituzten mugak.

22.1.6. Adberbioen funtzioaz

Hori guztia formari dagokionez. Funtzioari dagokionez, sintagma hauek ez dira gainerako sintagmak bezain homogeneoak, perpausaren osagai askoren esanahia ukitzen ahal baitute: aditza (lasterka etorri), adjektiboa (aski ederra); adberbioak (arras ongi) eta abar. Hortaz, adberbioaren izaera zehaztea ez da erraza: neurri batean, definizioa ez da sortzen berez dituen ezaugarriengatik, baizik ukitzen dituen osagaien motagatik: azkenean, definitutako osagaia bihurtzen da definizioaren parte.

Esan dezagun, azkenik, baditugula osagarri zirkunstantzial konplexuak ere: gaur goizean da horietako bat. Badira asko: zenbat eta goizago, zuk pentsatu bezala, aise aski, mantso-mantso, bi ordu eskas, arratsaldeetan aise maizago, bart arratsean goizkara eta abar. Geroago aztertuko dira holakoak.

Adberbio batzuek adjektibo kalifikatzaileek erakusten dituzten predikatuen parekoak adierazten dituzte (ikus 14. kapitulua), baina aditzarekin: idazkera ona eta ongi idatzi; ulertze erraza eta errazki ulertu eta abar. Bada, ikusten denez, paralelismo handia izen-adjektibo eta aditz-adberbio bikoteen artean, eta honetaz aspaldi ohartu ziren gramatikariak, hizkuntza askotan gertatzen baita.

22.1.7. Adberbioen sailkapen motak

Adberbioak bi modutara sailkatuko ditugu, nolakoak diren erabiltzen ditugun irizpideak. Irizpide bat morfologikoa da, formala, esanahia kontuan hartu gabe baliatzen duguna, eta bestea semantikoa, esanahia kontuan hartuz baliatzen duguna. Gramatikariek, egia da, beste irizpide batzuk ere erabiltzen dituzte zenbaitetan: izaera gramatikala, adibidez, edo izaera sintaktikoa, hots, nolako aldaketa motak eragiten dituzten. Baina irizpide horiek eztabaidagarriagoak dira, eta askotan ez da batere erraza sailkapen batzuen eta besteen arteko mugak zehaztea. Horregatik, hemen irizpide formalak eta semantikoak bakarrik erabiliko ditugu. Egia da, zernahi gisaz, azkeneko bi irizpideak (izaera gramatikala eta sintaktikoa) ari direla nagusitzen gramatika modernoetan (ikus RAE 2009: 2294), eta lehenbiziko biak (forma eta esanahia) ohikoagoak direla gramatika tradizionaletan.

179 Argumentutzat hartuko ditugu, oro har, aditzarekin komunztadura egiten duten sintagmak. Zernahi gisaz, arazoa ez da hain sinplea: Jonek liburua ipini du esaten badugu, bistan da ipini aditzak nonbait ipintzea eskatzen duela. Bistan da ere Jonek argazkia ikusi du esaten badugu, ikusi aditzak ez duela ezinbestean non ikusi duen eskatzen, ikuste hori beti gertatuko baita nonbait. Ez da aditzaren kontua, baizik gertaera guztiena. Hortaz, badirudi sintagma eta aditzen artean badirela hiru maila bezala: argumentuak, argumentu ez diren ezinbesteko osagarriak eta osagai zirkunstantzialak, perpausean kanporago leudekeenak.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper