Euskararen Gramatika

19.5.1. Bereizgarri nagusiak


19.5.1. Bereizgarri nagusiak

Leku/denborazko PSak bereziak dira, bai esanahiaren aldetik, baita morfologiaren eta sintaxiarenetik ere. Hiru bereizgarri morfologiko aipa genitzake:

-ta- artizkia (bi herri-ta-n, taberna hone-ta-ra, bazter guztie-ta-tik…). Egiturazko kasuetan ez da holakorik ageri (bi herri-ri, taberna hon-i, bazter guzti-e-k, txakurr-e-n jabe-e-k…). (§ 19.5.1.1);

-(en)ga- postposizioa, izaki bizidunez ari garenean (amaren-gan-a/*ama-ra; hautesleen-gan-dik vs hautesle-e-ta-tik). (§ 19.5.1.2);

hirugarren diferentzia da, inesibotik kanpo behintzat (etxean, lurrean), mugatu singularrean artikuluaren arrastorik ez dela: (etxetik/*etxeatik; etxera/ *etxeara; etxeraino/*etxearaino…). (§ 19.5.1.3).

19.5.1.1. -TA- artizkia

19.5.1.1a Leku/denborazko PSetan, zenbaitetan, -ta- morfema agertzen da determinatzailearen eta postposizioaren artean: bi enpresa-ta-n, bi-ta-n, etxe guzti-e-ta-ra (< … guzti-ak-e-ta-ra < … guzti-ak-ta-ra)… Artizki hau honako kasu hauetan agertzen da:

19.5.1.1b Erakuslerik baldin bada: {Etxe honetan / *etxe honen172} ez dago bizitzerik; {Ondorio hauetara / *ondorio hauera} iritsi naiz. Bestetik, -z instrumentalarekin ere gertatzen da, instrumentala leku/denborazko ez izan arren: etxe honetaz, ondorio hauetazIzenordainetan ere bai: nitaz, gutaz

19.5.1.1c Mugatzailea plurala denean: {Arboletara/*arbolera; Arbola guztietara / *arbola guztiera} igo ziren haur batzuk. Mugatzailea plurala ez bada, ez dago -ta-rik: {Arbolara/*arbolatara} igo ziren haurrak.

19.5.1.1d Ohar bat, hala ere, izen bereziez. Maiz mugagabetzat ematen badira ere, izen bereziek ez dute onartzen -ta-rik: Igeldon/*Igeldotan, Bilbora/ *Bilbotara… Hau kontuan hartuta, esan beharko dugu mugatzailerik ez duten izen mugatuak direla eta berez osatzen dituztela IS mugatuak: Igeldon, IgeldotikKarmelegan, Karmelegandik

Izen propioak berez dira mugatuak eta horregatik ez dute behar, ez mugatzailerik, ez eta inongo -ta-rik ere. (§ 12.3.2): {Londresen/*Londresetan} izan ginen; Bilbon/*Bilbotan bizi naiz. (cf. Zein menditan / *zein mendin izan zineten?). Gorago esan bezala, mugatzailerik agertu ez arren, izen propioak berez dira mugatuak. Mendi bezalako izen arrunt batek artikulua edo determinatzaileren bat behar du erreferentzia izateko: mendian, mendietan, bi menditan, bi mendi hauetan eta abar. Aldiz, Bilbo edo Ataun bezalako izen bereziek ez dute ezeren beharrik erreferentzia markatzeko.

Baina izen arrunt gisa ere erabiltzen ahal dira berez izen bereziak direnak (§ 12.3.2c). Orduan nahitaezko gertatzen da -ta- txertatzea. Adibidez, Lasarten bizi naiz dioenak Lasarte jakin bat du gogoan, baina solaskideak Lasarte bat baino gehiago direla baldin badaki, galde dezake: Zein Lasartetan, Donostia ingurukoan ala Gasteiz aldekoan? Hemen, nolabait, Lasarte izen arrunt bihurtu dugu, eta orduan zein (edo bi, asko, -ak edo erakusleren bat) agertzea nahitaezko gertatzen da.

19.5.1.1e Zenbatzaileekin eta determinatzaile zehaztugabeekin ere agertzen da -ta-: {Bi egunetan / bitan} etorri da; Zerbaitetan eman behar da denbora; Zer ordutan etorri zara? Zertan igarri diozu?

Zer ordutan, bitan eta holako sintagmak mugagabeak direla esan ohi da. Zehazkiago mintzatuz, artikulurik gabeak direla esan beharko genuke. Garbi dago -ta- morfema determinatzaile zehaztugabeekin batera doala (zertan, zeinetan, zenbaitetan…), eta zenbatzaileekin (bitan, hamarretan, askotan, guztietan).

Determinatzailea erakuslea denean ere (etxe honetan, horretan, oztopo beretan…) edo mugatzailea plurala bada (etxeetan, kale bustietan…).

Galde liteke, halaber, zenbatzaileekin eta pluralean agertzen den -ta- artizki honen eginkizunaz. Ez da erraz erantzutea (Azkarate eta Altuna 2001: 116-118). Hala ere, batzuetan nolabaiteko ‘masa’ adiera du, nonbait, artizki honek (ikus Rotaetxe 1978: 519). Horregatik, neskatan ibili edo bazegoen ardotan! modukoekin, elurretan ibili edo eguzkitan etzan diogunean bezalaxe, continuum bat adierazten dugu, masa bat, nolabait. Kuantifikazioarekin eta determinazioarekin lotua ageri da, nolanahi ere.

19.5.1.1f Eta azkenik, egin litekeen beste galdera da artizki hau zergatik agertzen den erakusleetan eta izenordainetan, eta zergatik ez gainerakoetan: liburu honetan baina liburu honek (ez *liburu honetak); zeinetan baina zeini (ez *zeinetari); hiru liburutan baina hiru liburuk (ez *hiru liburutak). Eta instrumentalak ere zergatik jokatzen duen jokatzen duen bezala, zilarrez egina baina ostutako zilarraz hitz egin zuen eta, batez ere, ostutako zilar hartaz ez zuen hitz egin nahi esaten den (§ 21.6.1).

19.5.1.2. -GA- postposizioa

19.5.1.2a Sintagma [+animatua] bada, horrek eragina du PSen forman. Sintagma animatuetan -ga- (edo baita) postposizioa tartekatuko da ISaren eta leku/denborazko postposizioaren artean, -en genitibo markaren ondoren: irakaslearen-ga-n, inoren-ga-n-dik, Olatzen-ga-n-a, ministroaren-ga-n-a-ino

19.5.1.2b Genitiboaren marka bera aukerakoa gertatzen da zenbait kasutan: Patxigandik (= Patxirengandik) ez nuen besterik espero; Ez dakit zer ikusi duen gugan (= guregan).

19.5.1.2c Honen baliokidea da ekialdeko euskalkietako (-en) baita-n: Sinesten dut Jainko Aita(ren) baitan (= Jainko Aita(ren)gan); Gaiztakeriaren landarea sustraitua du bere baitan (= beregan). (§ 18.6.2f).

19.5.1.3. Artikulurik ez agerian

19.5.1.3a PSa [+mugatua, +singularra, -animatua] denean, artikulurik ez da agerian. Hau da leku/denborazko PSetan aurkitzen dugun beste ezaugarri bat. Erreparatu honi: Etxe gorri-tik dator txakurra / *etxe gorri-a-tik; Etxe gorri-ra hurbildu ginen / *etxe gorri-a-ra Hots, sintagmok mugatuak izan arren, mugatzailerik ez dute agerian. Artikuluaren ordez erakuslea agertzeko ez da oztopo handirik: etxe gorri hartatik/hartara/honetara

19.5.1.3b Ergatiboan edo datiboan, konparazio baterako, mugatzailea agerian ematen da (§ 18.3.1 eta § 18.4.1): etxe gorriak / *etxe gorrik; etxe gorriari / *etxe gorriri. Inesiboan, ordea, bada itxuraz artikulu dela dirudien -a- bat: Etxe handian bizi da; Kalean agurtu dugu. Baina sintagma kontsonantez amaitzen delarik, -e- bokal epentetikoa txertatzen da (§ 20.1.2e): Leku onean / *leku onan utzi nauzu; Gau ilunean / *gau ilunan galdu zen. Inesibo mugatu singularrean gertatzen da hori. Baina *leku onan ezinezkoa den bitartean, leku onak (ergatiboa), leku onari (datiboa) esaten dugu, eta ez *leku oneak, *leku oneari. Gainerako leku/denborazko PSetan ez dago artikulurik, baina bai e-ren epentesia: sudurrean, sudurretik, sudurrera

Inesiboan artikulu itxura duen -aren aurrean agertzen den -e- epentetiko horrek iradokitzen du ondoren datorren -a osagaia ez dela, espero genukeenaren kontra, artikulua, baizik eta kontsonantez hasten den beste zerbait. Kontsonantez hasiko litzatekeen osagai hori -ga dela aldarrikatzen du de Rijkek (1981). Gauzak hala badira, -e-ren tartekatzea erraz azal daiteke, zeren -a itxuran agertzen den hori egiazki -ga balitz, azken batean bi kontsonante elkarren ondoan izango genituzke, eta horrek eskatuko luke gure -e- bokal misteriotsu horren tartekatzea (Jacobsen 1977; Rotaetxe 1978; de Rijk 1981; Mitxelena 1981; Azkarate eta Altuna 2001; Manterola 2006). Hortaz, hipotesion arabera, goiko sintagmen azpian, honako egitura hauek izango genituzke: leku on + ga -n > leku on-e-gan > leku onean.

19.5.1.3c Inesiboan, bada, kontsonante baten eta -ga edo dena delakoaren artean, -e- txertatzen bide da: [… ezker-e-ga-], [… ilun-e-ga-]. Ondoren, bokal arteko -g- kontsonantea hutsean geldituko litzateke: -egan > -ean. Gainerako PSetan ere -e- horixe agertuko da: mendi-tik baina adarr-e-tik. Baina arestian esan den bezala, hauetan ez da artikuluaren arrastorik, eta honek ere bere azalpena behar luke.

172 Inesiborako okerra litzateke; ez, ordea, genitibo gisa: etxe honen jabea erabat zuzena da.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper