Euskararen Gramatika

8.1. Hitz elkarketa. Adjektibo elkartuak (I). Adjektibo dvandvak


8.1. Hitz elkarketa. Adjektibo elkartuak (I). Adjektibo dvandvak

8.1a Izen elkartuetan bezala, bi multzo handi bereiz ditzakegu adjektibo kategoriako hitz elkartuetan ere osagaien arteko erlazioaren arabera: adjektibo dvandvak —maila berean dauden bi adjektibo elkartzetik sortzen direnak—, eta mendekotasunezko adjektibo elkartuak, hau da, burua eskuinean dutenak. Ezkerreko osagaia izan daiteke izena nahiz aditzoina, eta bi osagaien arteko erlazioa, berriz, ‘modifikatzaile-buru’ zein ‘osagarri-buru’ motakoa (§ 3.3b). Azter ditzagun banan-banan adjektibo elkartu motak.

Izen elkartu dvandvetan maila berean dauden bi izen elkartzen ditugun modu berean (§ 7.1.2), adjektibo dvandvetan bi adjektibo elkartzen ditugu beste adjektibo bat sortzeko. Elkartu dvandvetan, ordea, ez da nahikoa osagaiak kategoria berekoak izatea, nolabaiteko zerikusia, lotura, ere behar dute. Nekez osatuko dugu zuri-lodi adjektibo elkartua, eremu semantiko desberdinetakoak baitira zuri eta lodi. Euskaraz, eta beste hizkuntza batzuetan ere, atal berezia osatzen dute kolore-dvandvek, koloreen erdi-bideko nahas-formak edo izendatzen dituztenak. Antonimia erlazioa atzemango dugu, ostera, zapore-dastamenari buruzko adjektiboek osatzen dituzten dvandva egiturako elkartuetan: ezti-mingots, gazi-geza, gozo-mikatz, garratz-min. Baina, adierari dagokionez, bestelako esanahiaz hornituriko adjektibo dvandvak ere aurki ditzakegu (txiki-borobil, estu-mehar). Multzo berezia osatzen dute, hala ere, nafar-euskaldun, frantses-euskaldun moduko elkartuek, ez baita erraza adiera zehaztea, ‘nafar eta euskaldun’, ‘frantses eta euskaldun’ moduan ulertu behar diren, ala ‘nafarra den euskalduna’, edo ‘frantsesa den euskalduna’ adierazten duten. Horrexegatik esaten zen Hitz-Elkarketa/1 lanean (1987: 169) pentsa daitekeela dvandva egiturako elkartuak baino areago mendekotasunezko elkartu modu (bereziren) bat ez ote diren85.

8.1b Koordinazio mailako harremana dute adjektibo dvandvetako osagaiek, nahiz tarteka tautologiak ere aurki daitezkeen, busti-palatal, lohi-deshonesto… Bestalde, izen dvandvek bikotea (edo bitik gorako multzoa) adierazten dutela esan dugu (§ 7.1.2c); adjektibo dvandva hauek, berriz, izaki bakar baten ezaugarri bi (edo gehiago) adierazten dituzte. Argazki zuri-beltz bat argazki bat da, izaki bakarra hortaz, “kolorez” zuria eta beltza dena.

Emankortasunari dagokionez, ugariak dira horrelako adjektibo elkartuak euskal literaturan:

alfer-nagi, bero-indartsu, busti-palatal, estu-mehar, elkor-aspergarri, eder-garbi, eder-galant, ezti-mingots, galdu-galgarri, garratz-min, gazi-geza, geza-mingor-mutu, gorri-beltz, gozo-mikatz, hori-berde, hori-beltz, hotz-gogor, latz-min, leun-arin, more-beltz, nagi-epel, samur-bigun, txiki-borobil, txuri-urdin, zehatz-garbi, zindo-fin, zuri-beltz, zuri-gorri

Zerk aratza hor alfer-nagia? (Axular); Ez dio geroz ibiltzen utzi nai, aragi bero-indartsuak eragin oi ziozkan urratsetan (Mendiburu); Kontsonante busti-palatalen grafiaz Euskaltzaindiaren erabakia (Erdozaintzi-Etxart); Keinuka, gor-mutuen [izen balioan] antzera (Mitxelena); Zirrara ezti-mingotsa zabaltzen digute bihotzean (Mitxelena); Bide latz-gogor honetarako (Mendiburu); Sudur zuloetatik “kandela” hori-berdeak dariola (Zarate); Erreboilloarentzat lagungarririk onenak, lusagar txiki-borobillak dira noski (G. Arrue); Bere sujetaren berri zeatz-garbia jakiteko ordua pasatu zaiolako (Villasante). Bi adjektibotik gorako elkartuak ere era ditzakegu: Txapel txuri gorri urdiñak (J. R. Zubillaga).

8.1c Erdaratiko adjektiboekin ere maiz sortzen dira, gaur egun, bikote adierako adjektibo elkartu berriak. Horrelakoak dira, adibidez: (helburu) didaktiko-pedagogikoak, (filosofo) ateo-materialistak, (teoria) sortzaile-transformatzailea, (garapen) logiko-matematikoa, (kultura) greko-erromatarra, (teoria) atomiko-molekularra, (hizkuntza) fino-hungariarrak, (Inperio) austrohungaroa eta abar. Terminologia beharrek eraman gaituzte ahur-ganbil (gaztelaniazko “cóncavo-convexo”ren ordaina), laun-ahur edo laun-ganbil (hurrenez hurren “plano-cóncavo”, “plano-convexo”ren ordainak) sortzera.

Behin baino gehiagotan izen balioan aurkituko ditugu: Obraren luze-labur osoan (Bozas Urrutia); Luze-zabalean handitu ez ezik, loditu ere egin omen dira (Mitxelena). Ia beti izen balioan erabiltzen da gor-mutu elkartua ere.

Askotan zaila da egiazko adjektibo dvandva den antzematea, edo enumerazio soila: Amaigabeko eztabaida elkor aspergarriak izan dira (Villasante); Izotza galazten du ta izotzak lore samur biguñetan egin lezazkiken kalteak (Nekazaritzako Irakurraldiak).

85 Hau da, frantses eta euskaldun, nafar eta euskaldun moduan ulertu ordez, ez ote den zuzenago pentsatzea euskaldunez ari garela, osagai hori dela burua, eta ezkerrekoak mugatu egiten duela eskuinekoa; ez gara ari edozein euskaldunez, baizik frantsesak direnez, edo nafarrak direnez.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper