Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2022)

EUSKALTZAINDIAREN ONARTZE-DEKRETUA


Testuaren ezaugarriak:
  • Arloa: Instituzionala
  • Gaia: Euskaltzaindiaren onartzea
  • Testu-mota: Errege dekretua
  • Testu-emailea: Espainiako erregea eta Espainiako Gobernua
  • Testu-jasotzailea: Euskaltzaindia
  • Data: 1976-II-26
  • Hizkuntza: eu
1.b
EUSKALTZAINDIAREN ONARTZE-DEKRETUA

573/1976 otsailaren 26ko Errege Dekretua, zeinean onartzea ematen zaion Euskararen Akademiari, Euskararen Errege Akademiaren izena ipintzen zaiolarik.

Euskarak beti izan ditu bi dohain hauek: bata hizkuntza bizia eta herriak mintzatua izan dela eta dela orain ere; eta bestea, Europako hizkuntzarik zaharrenen agerbide bakarra izatea. Hori dela eta, makina bat jakitun argik hizkuntza honi kasu eman eta bere estudio eta azterketak eskaini dizkio. Aski izan bedi, beste batzuen artean, Humboldt, Bonaparte, Van Eys, Schuchardt, Cejador, Azkue, Menéndez Pidal eta Tovarren izenak gogoratzea.

Bere baitako originaltasunaz gainera, euskarak zera eskaintzen dio ikertzaileari: bizitze luzean zehar kondaira eraginen ondorioz ezarri zaizkion hizkuntza-estratuen aztarna. Mendeetan barrena, alegia, bata bestearen segidan, hizkuntzan gertatu diren harremanen kutsua eta oinatza. Horregatik, eta zibilizazio baten lekuko bakarra delako, bai gizatiar aldetik eta bai kultura aldetik ere balio apartekoa du. Hala zioen Ramón Menéndez Pidal jaunak Bilbon 1921. urtean egindako hitzaldian:

Zuen herri honek badu zori handi bat: Hispaniako antzinatearen erlikiarik beneragarriena gordetzen duela. Bestek gehiago balio lezake arte aldetik, miretsiago eta gutiziatuago izanen da gehienetan, baina hizkuntza honen garrantzia duenik ez da. Beronen estudio sakona egin gabe, ezingo dira sekula Hispaniako zibilizazioaren oinarriak eta lehen urratsak osotoro argitu, eta zibilizazio hori ez da bere muinean konprenitua izango.

Euskararen literatura-lantzea Pizkunde garaian hasten da. Erdi Aroko olerki epikoa eta lirikoa, ahoz aho emana, XV. eta XVI. mendeetako dokumentuetan bildu zen. XVI. eta XVII. mendeetan Detxepare, Leizarraga, Axular eta beste zenbaiten obrak argitaratu ziren. Gero, XVIII. mendean, euskaraz idazteak gehitze nabaria ezagutzen du, Larramendiren lan jakintsuei eta Mendiburu, Mogel eta beste langile argiren obrei eskerrak.

Gaur-eguneon herriak gorde, erabili eta eskutik eskura bezala eman izan duen hizkuntza honen bizia eta iraupena babesteko kezka nonahi da ezagun Espainian. Eta hain zuzen, herri horretatik sortu da, bere gisako gertakaria bezala, bertsolaria, ahoz aho emate horren aitzindari jatorra. Euskarak herrian duen erroztapena jakiteko bertsolaria dugu agerbiderik ederrena. Aipagarri da, beste batzuen artean, Jose Mari Iparragirre, zeinaren izena hartu zuen euskarazko Literatura Sari Nazionalak 1964. urtean emana izan zenak.

Baina herri batek emandako kultura eta hizkuntza gorde eta bultzatzeko kezkarekin batean, hor da hizkuntza bera maila guztietan hazteko gogoa, bai literatura sailean eta bai ikertze eta teknikarenean ere. Horretarako behar-beharrezkoa da euskarak irakastokietan eta begi-belarrizko komunikabideetan sarrera izatea, eta hizkuntza honen hiztegia egungo terminologietara jartzea.

Xede horiek finkatzeko sortu zen Euskaltzaindia Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko aldundien babespean. Bizkaiko Aldundiak, mila bederatziehun eta hamazortzigarren urteko urtarrilaren hogeita bosteko bilkuran, elkargo hau sortzea erabaki zuen, eta gainerako aldundiek erabaki honi beren baiezkoa eman zioten. Beste aldetik, Oñatiko Unibertsitate zaharrean, esan den urte horretan —mila bederatziehun eta hamazortzigarrenean, alegia— Euskal Estudioen Bilera ospetsu bat egin zen, eta hartan burutu zen Euskaltzaindiaren sagaratzea. Jaun errege Alfonso XIII.ak, bilera hari hasiera ematerakoan, hitz gogoangarri hauek esan zituen:

Herriaren aitzinamendu eta aurrerapenari lagun diezaioketen orori lot zakizkiote, lant ezazue zeuen hizkuntza, euskara beneragarri eta zahar-zahar hori, gizadiaren gordailuko bitxi preziatua den hori, zuek zeuen gurasoetarik hartu duzuena eta zeuon seme-alabei osorik eman behar diezuena.

Ordutik Euskaltzaindia etengabe lanean ari da, sorreran egotzi zitzaizkion xedeok bete nahiz, erresumako kultura eta altxorraren zati handi bat den eta espainiar askok erabiltzen duen hizkuntza honen batasuna bultzatuaz. Hargatik, euskararen begiratze eta ikertze lanerako, Euskaltzaindiaren zeregina Estatuak aitortzea baino gauza hoberik ez da. Hala egin nahi du, bere aitona argiaren hitz gogoangarriekin ados, Juan Carlos I.a errege jaunak.

Beraz, Hezkuntza eta Zientziako ministroak proposaturik, eta mila bederatziehun eta hirurogeita hamaseigarren urteko otsailaren hogeiko bileran Ministroen Kontseiluak gauza aztertu ondoan,

XEDATZEN DUT:

Lehen artikulua. Euskaltzaindiaren onartzea egiten da, beronen lan-eremua Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko probintziak direlarik.

Bigarren artikulua. Akademia honen izena hemendik aurrera honela izanen da: «Euskaltzaindia», Euskararen Errege Akademia.

Hirugarren artikulua. Euskaltzaindiaren arautegia onesten da. Beronen testua hemen dator, dekretu honen eranskin bezala.

Hala xedatzen dut dekretu honen bidez. Madrilen emana, mila bederatziehun hirurogeita hamaseigarren urteko otsailaren hogei eta seian.

JUAN CARLOS

Hezkuntza eta Zientziako ministroak,
CARLOS ROBLES PIQUER

ERANSKINA

Euskaltzaindia / Real Academia de la Lengua Vasca-ren arautegia

Xedeak eta izaera

Lehen artikulua. Euskaltzaindia instituzio bat da, 1918. urtean, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko lau aldundien babespean sortua. Honako xede hauek ditu helburutzat:

a) Euskararen gramatika legeak ikertu eta mamitzea.

b) Hizkuntza honen idazlangintzarako argibideak eta arauak ematea.

c) Hiztegia biltzea.

d) Bai hiztegian eta bai gramatika eta grafian ere, literatura-hizkera batura heltzeko lan egitea.

e) Euskararen enplegua aitzinatzea.

f) Hizkuntzaren eskubideak zaintzea.

g) Hizkuntza, gizarte maila guztietan gai bihurtzeko, lan egitea.

h) Literatura- eta ikas lehiaketak eragitea.

i) Filologia eta linguistikako estudioak sustatzea, euskara eta euskal literaturaren katedrak bultzatuz[22].

j) Euskarari dagozkionetan instituzio aholku-emaile ofiziala denez, ziurtagiriak eman eta txosten eta irizpenak luzatzea[23].

Bigarren artikulua. Egiteko hauen arauaz, bi sail ditu Euskaltzaindiak: Iker Saila eta Jagon Saila.

Egitura

Hirugarren artikulua. Hogeita lau euskaltzain osoz, euskaltzain emerituz, euskaltzain urgazlez eta euskaltzain ohorezkoz osatua da Euskaltzaindia. Euskaltzain urgazle eta ohorezkoentzat ez da muga jakinik[24].

Laugarren artikulua. Euskaltzain osoek, sortzez edo jatorriz, Euskal Herri guztikoak izan behar dute. Era horretara euskalki guztiek Euskaltzaindian beren ordezkaria izan dezaten.

Laugarren bis artikulua. Euskaltzain emeritu mailara, adinagatik edo ezintasunagatik euskaltzain oso direnak pasatuko dira. Emerituek euskaltzain osoaren kideko maila gordeko dute. Barne Erregeletan garatuko dira euskaltzain emerituekiko xehetasunak[25].

Bosgarren artikulua. Euskaltzaindiak zuzendaritza bat izango du, honako kide hauek osatua: euskaltzainburuak, buruordeak, idazkariak, diruzainak, Iker sailburuak eta Jagon sailburuak.

Guztiek euskaltzain oso izan beharko dute. Iker sailburua nahiz Jagon sailburua euskaltzain buruorde ere izan daitezke aldi berean[26].

Seigarren artikulua. Idazkariorde eta kudeatzaile bat izenda daitezke, alogeraz ordainduak. Hauek ez dira euskaltzain osoak izango[27].

Zazpigarren artikulua. Euskaltzain oso nahiz urgazleetarik liburuzain bat izendatuko da.

Zortzigarren artikulua. Zuzendaritzari dagokio lan batzordeetan parte hartuko duten pertsonen izenak proposatzea, eta Euskaltzaindiaren bilkuretan aztertutako gaiei buruzko informazio-oharrak idaztea.

Bederatzigarren artikulua. Euskaltzainburuaren ahal eta eginbeharrak hauexek dira:

a) Instituzioaren bileretan buru izatea.

b) Euskaltzaindiaren arautegi, erregelamendu eta erabakiak bete ditezen begiratzea.

c) Instituzioaren ordezkaritza, pertsona eta erakunde publiko zein pribatuen mota guztien aurrean eramatea.

d) Instituzioaren erregelamendu eta erabakiek eman diezazkioketen beste ahalmenak egikaritzea.

Hamargarren artikulua. Euskaltzainburu-ordezkoari dagokio: euskaltzainburua falta denean, haren lanak egitea.

Hamaikagarren artikulua. Idazkariaren zereginak dira:

a) Bilkura bakoitzaren akta egitea. Eta euskaltzainburuaren oniritziaz sinatzea, onetsi ondoan.

b) Hartutako eskutitzen erantzutea eta berorien berri bilkuretan ematea.

c) Urteroko oroitidazkia prestatzea eta Euskaltzaindiari, hartako bilkuran, aurkeztea.

d) Ordezkaritzetako jarduerak koordinatzea.

e) Erregelamenduek eta bilkuren eta Zuzendaritzaren erabakiek ematen dizkioten gainerako zereginak betetzea.

Hamabigarren artikulua. Diruzainari dagokio:

a) Edozein arrazoirengatik instituzioak hartu behar dituen diruak jasotzea.

b) Pagakizunak egitea.

c) Euskaltzaindiari hiru hilabetez behin kontu errendatzea; euskaltzainburu nahiz Zuzendaritzari, eskatzen zaion bakoitzean, egingo dionaz gainera.

Hamahirugarren artikulua. Idazkariordeari dagokio:

a) Idazkaria falta denean, haren lanak egitea.

b) Bulego arazoak aitzinatzea, euskaltzainburu edota idazkariaren oniritziaz, gaiak nola diren.

c) Euskaltzainburuaren aginduz aurreko bilkuraren akta eta hurrengo bilkuraren deialdia, erabiliko diren gaien zerrendaz, kide guztiei bidaltzea.

d) Ordezkaritzetako eta lantaldeen lanak koordinatzen idazkariari laguntzea[28].

Hamahirugarren bis artikulua. Kudeatzaileari dagokio:

a) Diruzaina falta denean, haren lanak egitea.

b) Bulego arazoak aitzinatzea, euskaltzainburu edota diruzainaren oniritziaz, gaiak nola diren.

c) Euskaltzaindiaren etxeetan zeregin arrunten arta izatea eta langileen ardura kudeatzea.

d) Ordezkaritzetako eta lantaldeetako langileen ardura laborala kudeatzea[29].

Hamalaugarren artikulua. Liburuzainari dagokio:

a) Instituzioaren liburu, eskuizkribu eta agiriak zaindu eta ordenatzea.

b) Liburu, eskuizkribu eta agiri horiek uztea, jarritako erregelamendu berezi batean ezartzen diren arauen arabera.

c) Etxera diren liburu nahiz gutunen berri ematea.

Egoitza eta ordezkaritzak

Hamabosgarren artikulua. Euskaltzaindiak Bilbon du bere egoitza. Haren egungo egoitza Plaza Barria, 15 da[30].

Hamaseigarren artikulua. Ordezkaritzak sor daitezke probintzietako hiriburuetan.

Instituzioaren batzarrak

Hamazazpigarren artikulua. Instituzioaren batzarrak ohikoak eta ezohikoak izango dira, publikoak zein barrukoak. Hilabete oro, ahal dela, bilera horietako bat egingo da, euskaltzain oso guztiak joatera behartuak daude, eta, joaterik ez baldin badute, ezin etorria agertu behar dute. Euskaltzain emerituak ez daude batzarretara joatera behartuak. Artikulu honen arautegi-xedapenak Barne Erregeletan arautuko dira[31].

Hemezortzigarren artikulua. Ohiko bilkura pribatuetan barne-gaiak eta akademia-gaiak erabiliko dira. Akademia-gaiak aztertzen direnean ohorezkoek eta urgazleek ere joateko eskubidea eta hitza izango dute, baina botorik gabe[32].

Hemeretzigarren artikulua. Bilkura publikoak, euskaltzain oso berrien sarreretan, gorazarre, oroitzapen eta zuzendaritzaren iritziz halako ospe bereziaz inguraturik egotea komeni den paradetan eginen dira[33].

Hogeigarren artikulua. Ezohiko bilkurak Zuzendaritzaren aginduz ez beste bilduko dira. Bilkura horiek biltzera beharturik dago Zuzendaritza, bost euskaltzain osok idatziz hala eskatzen dutenean[34].

Hogeita batgarren artikulua. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta, behar denean, arautegi honetan berariaz agintzen den «quorum» delakoaz.

Aski da euskaltzain oso batek hori eskatzea ezkutuko bozketa egin dadin.

Hogeita bigarren artikulua. Bilkurara ez etortzeko arrazoi taxuzkoa duten euskaltzain osoek beren botoa idatziz edo beste euskaltzain oso baten bidez (hartarako ahala honi emanez) igor dezakete. Euskaltzain emerituek ezin dezakete ahalmen hori erabil. Iritziak berdin agertzen badira, euskaltzainburuak izanen du kalitateko botoa[35].

Hogeita hirugarren artikulua. Euskaltzainburua eta buruordea bilkurara etor ez badaitez Euskaltzaindian zaharrena den euskaltzain osoa izanen da buru.

Hogeita laugarren artikulua. Idazkaria falta denean, azkenekoz izendatua izan den euskaltzain osoak egingo du haren lana.

Hogeita bosgarren artikulua. Euskaltzainburuak aldez aurretik axola handikotzat jo dituen arazoak erabaki behar direnean, erabakiak indarra izan dezan, proposamenak, lehen deialdian, euskaltzain osoen botoen gehiengo osoa erdietsi behar du; bigarren deialdian, berriz, aski da gehiengo soila[36].

Hogeita seigarren artikulua. Axola handikotzat jo gabeko arazoetan, aski izanen da euskaltzain oso batek hori eskatzea, arazo hura hurreneko bilkura arte mahai gainean utz dadin.

Instituzioaren funtsak

Hogeita zazpigarren artikulua. Hona instituzioaren funtsak:

a) Estatu, autonomia-erkidego, foru nahiz udaletako aginteen, edota instituzio, elkarte eta gizabanakoen diru-laguntza eta emariak.

b) Euskaltzaindiaren argitalpen eta lanen etekinak.

c) Euskaltzaindiak bere ondarearen ustiapenetik eskura dezakeen beste edozein diru-sarrera[37].

Karguen hautatzea

Hogeita zortzigarren artikulua. Zuzendaritzako karguak lau urterako izanen dira. Izendatuak berriro hautatuak izan daitezke[38].

Hogeita bederatzigarren artikulua. Hautatzea, ezkutuko bozketaz eginen da, hartarakotzat soilki bilduko ben ezohiko bilkura pribatu batean.

Hogeita hamargarren artikulua. Kargu berritzea eginen den bilkurarako deia hamabost egun aurretik gutxienez bidali behar da, eta egitarauan karguen hautatzea aipatuko da.

Hogeita hamaikagarren artikulua. Hautatzea balioduna izan dadin, gaiak gehiengo osoa erdietsi beharko du. Quorum hori izango ez balitz, bozketa berria eginen litzateke, eta orduan aski izango litzateke gehiengo soila.

Hogeita hamabigarren artikulua. Zuzendaritzako kideen hautatzea eta kargu hartzea urtearen azken laurdenean egingo dira.

Euskaltzain berrien izendapenak

Hogeita hamahirugarren artikulua. Euskaltzain oso baten heriotzagatik, edota adinagatik ala ezintasunagatik emeritu mailara pasatu delako, euskaltzain osoen hutsuneak gertatzen direnean ohiko bilkuran jakinaraziko dira, eta hutsuneok hornitzeko proposamenak horren hurrengo bi bilkuretan aurkeztu ahal izango dira[39].

Hogeita hamalaugarren artikulua. Euskaltzain osoa izateko proposamena hiru euskaltzain osok sinatu behar dute. Proposamenarekin batera, zerrenda bat egin behar da, izangai bakoitzak dituen merezimenduak xeheki aipatuz.

Hogeita hamabosgarren artikulua. Euskaltzain oso hautatua izateko, euskaltzain osoen botoen gehiengoa erdietsi behar da.

Hogeita hamaseigarren artikulua. Euskaltzain oso berrien sarrera bilkura publikoan eginen da. Euskaltzain hautatu berriak sarrera hitzaldia eginen du, eta euskaltzain oso batek erantzungo[40].

Hogeita hamazazpigarren artikulua. Bi urtez behin ikusiko du Euskaltzaindiak ea euskaltzain urgazle berririk izendatu behar ote den.

Hogeita hemezortzigarren artikulua. Inor euskaltzain urgazle izenda dadin, proposamena bi euskaltzain osok idatziz egin behar dute, eta idazki horretan izangaiaren merezimenduak aipatuko dira. Hautatua izateko, euskaltzain osoen botoen gehiengoa behar da, gainera.

Hogeita hemeretzigarren artikulua. Ohorezko euskaltzainen mailan sartuko dira Euskaltzaindiaren ustetan euskarari mesede bikainak egindako pertsonak.

Izendatuak izateko, proposamen idatzia behar da, nahiz Zuzendaritzak nahiz bi euskaltzain osok egina, eta Osokoan, akademia-bilkuran, onartzea.

Argitalpenak

Berrogeigarren artikulua. Euskaltzaindiak aldizkako agerkaria argitaratuko du, eta han hizkuntza- eta literatura-lanekin batean, erakundearen akta eta erabakiak etorriko dira. Horrez gain, instituzioaren xedeei dagozkien argitalpenak kaleratuko ditu[41].

Xedapen gehigarria

Berrogeita batgarren artikulua. Arautegi honetako xedapenak behar diren Barne Erregeletan eta erregelamendu berezien bidez, garatzeko ahalmen osoa du Euskaltzaindiak[42].

Euskera, XXI, 1976, 2, 15-23.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper