30.6.3.3.3a Erreferentziakidetasun-jokoa era batekoa edo bestekoa izan daiteke osagarrietan (§ 30.2.5). -tzen perpaus osagarrietan perpaus nagusiak ezartzen dio perpaus osagarriari subjektu birtuala; ez da inoiz agertuko beste subjekturik halako osagarrian. Hau da, -tzen perpausen subjektua kontrolatua da: Saiatuko naiz (*zuk/*hark/…) ulertzen; Ikas ezazu (*hura/*ni/…) ez haserretzen. Ager daitekeen subjektu bakarra subjektu kontrolatu enfatikoa da: Saiatuko naiz neuk/neronek/nihaurk/*nik ulertzen.
Jakina, perpaus nagusia inpertsonala bada, subjektu generiko edo zehaztugabe bat ulertuko da osagarrian: Zaila da ikasi nahi ez duenari irakasten; Batek daki, zail da asmatzen zerbitzariak zer darabilen buruan nagusiak kargu hartzen dionean (Morales). Gehienetan, hala ere, bada kontrolatzaile zehatz bat perpaus nagusian, predikatu mota bakoitzaren arabera ergatiboan, absolutiboan edo datiboan doana: Zuki ez dakizu [Øi] halakoetan ez haserretzen; Orduan hasi zen Nekanei [Øi] halakoak esaten; Hor jarri ditut porruaki [Øi] poliki-poliki egosten; Nork erakutsiko dio horrii [Øi] bazterrak horrela nahasten?
30.6.3.3.3b Kontrolaren ikuspegitik, bi sail bereiziko ditugu: hautematezkoak du motako aditzak dira beti eta objektua da perpaus osagarriaren kontrolatzailea: aditu/entzun, hauteman, sentitu, sumatu, atzeman/harrapatu, ekarri, entzun, imajinatu/iruditu, gogoratu/oroitu, irudikatu, trebatu (du), margotu/marraztu… Predikatu gobernatzaile hauek ageri diren perpaus nagusiko objektua bera da perpaus osagarriko subjektu aipatugabe, birtuala: Han ikusi zaitut gugana hurbiltzen/begiratzen. Argi dago adibide horretan zu (hurbildu) edo zuk (begiratu) direla isilpeko subjektuak, zu (ikusi) objektuak behartuak, kontrolatuak. Bigarren sailean bilduko ditugu jarduera predikatuak eta jardueren kudeaketari dagozkionak; da zein du motakoak izan daitezke eta perpaus nagusiko subjektua da kontrolatzailea: abil/antzetsu, iaio/trebe izan, bakarra/lehena/onena/txarrena/baldarrena/trebeena izan, erraz/zail(a) izan (da/zaio), ahalegindu, ausartu (da) mendebaldean, denbora pasatu, moldatu, saiatu, trebatu… Dusan Ivkovic entrenatzailea iaioetan iaioena da partidaren erritmoa kontrolatzen (Berria); Baina bera ere trebea da zoritxarra ekartzen (Elizen arteko Biblia); Ezin badut mundua aldatu, neure burua aldatzen saiatu naiteke bederen (O. Arana).
Beste predikatu batzuek, aldiz, datiboari esleitzen diote kontrola; besteak beste, aditz arazleek (§ 23.2.1.2): irakatsi, ahaztu, utzi, lagundu… Pianoa jotzen irakatsi dio; Ahaztu zaio pianoa jotzen; Lagunduko dizut etxeko lanak egiten.