23.2.1.3.5a Predikatu konplexuen artean sartu izan dira, azkenik, egon eta ibili aditzekin osatzen diren zain egon, eske ibili, bila ibili eta gisakoak. Jarduera adierazten dute ibili aditzarekin osatzen diren predikatuek. Egoera, berriz, egon aditza daramatenak. Adi egon, argi egon, bero egon, garbi egon, zain egon; adi ibili, argi ibili, bila ibili, eske ibili, oker ibili.
Lehen osagaia adberbio kategoriakoa izan daiteke edo postposizio sintagma (adi, eske, zain, jolasean, lanean), baina baita adjektiboa ere (adi/oker egon, oker ibili, zintzo ibili).
23.2.1.3.5b Zalantza sor daiteke lehen zein bigarren mailako predikazio egituratzat hartzekoak diren aditz predikatutzat eman ditugun horiek (§ 24.3.3.2). Interpretazio baten edo bestearen alde egiten lagun diezaguke aztertzeak aditzaren eta [X + aditza] egituraren artean alderik ote dagoen hautatzen dituzten osagaiei dagokienez. Irizpide hori kontuan izanik, argi egon eta garbi egon aditz predikatu konplexutzat hartzekoak dira: biek har dezakete perpaus osagarria, egon aditzak hauta ez dezakeena. Bero/hotz/ilun egon ere aditz predikatuak dira, gertakari meteorologikoa adierazten dutenak; bero, hotz edo ilun ez dira hor subjektu baten egoera mailako predikatuak. Aldiz, gertakari meteorologikoetatik kanpo, kafea bero dago edo aretoa ilun dago esaten dugunean, predikazio egituren aurrean egongo ginateke. Oker egon, oker ibili nahiz zintzo ibili, ostera, hobeto esplika daitezke predikazio egitura moduan.
Zain, bila eta eske berez dira argumentu egituradunak, aditzaren beharrik ez dutenak osagarria hautatzeko. Beraz, erraz azter daitezke “(norbait) egon/ibili PRED[X+bila, eske, zain]PRED” moduan, non X bila, eske edo zainen argumentu den. Egitura berekoa da eske etorri ere. Adik ere har dezake datibo sintagma, zeri adi. Nolanahi ere, badirudi egitura hauek predikaziozko beste adibide batzuek (kezkatuta ibili, nekatuta egon eta abar) baino lexikalizazio maila handiagoa dutela. Eta gogoan izan behar da batzuetan aditzari begirako adberbioen eta bigarren mailako predikazioaren arteko muga lausoa izaten dela.