Kokapena:
Izen eta adjektibo elkartuetan bezala, hemen ere bi osagaien arteko erlazioa hartuko dugu kontuan sailkapena egiteko.
Maila berean dauden bi adberbio elkartzetik sortzen dira adberbio dvandvak: dela bi erakusle, bi moduzko adberbio, edo bi denborazko… Han-hemen, han-hor, hala-nola, harat-honat, gaur-biharretan, bihar-etzi(etan), luze-laburrean, goien-barren, ezker-eskuin, atzera-aurrera, goiti-beheiti. Hemendik erator ditzakegu adjektibo dvandvak ere: luze-zabaleko (programazioa), leku-denborazko atzizkiak, ikus-entzunezko (ikasmateriala). Bigarren osagaiak -ka atzizkia (§ 6.2.3) daramala, laztan-musuka, irri-barreka, izkuta-agirika, negar-zotinka… Hona zenbait adibide: Izatekotan, han-hemen, pattar tantaren batzuk (Jon Muñoz); O! zer pozakin laztan-musuka zaitun artuko besora! (López Alén); Burdiñak gora, txatarrak atzera-aurrera (Erkiaga); Afrikan sortu zen, orain dela 140.000 urte, urte bat goiti-beheiti (Salaburu).
Ondoren ikusiko ditugun adberbio elkartuetan, bigarren osagaia da burua, adberbio kategoriakoa. Lehen osagaia izena izaten da. Izen eta adjektibo elkartuetan bezala, hemen ere elkartu sintetikoak eta bahuvrihi elkartuak bereiz ditzakegu.
9.4.3a Osagarri-buru erlazioa dugu bi osagaien artean jarduera elkartu sintetikoetan (§ 7.2.7, § 8.2.3). Egitura mota bat baino gehiago hartzen ditu kontuan Hitz-Elkarketa/3 lanak. Batetik, [aditzoina + -ka] adberbio eratorriak mugakizun dutenak, aho-zabalka, ate-joka, begi-zabalka, arrosario esaka, esku-zartaka, gaizki esaka, hitz-etenka, isats-eraginka, mamu-atzemanka, mutur-joka, ostatu-galdezka. Besoak tirahala luzatuz, ahozabalka hasi zen Otsoko (Satrustegi); Malkotan blai, itz-etenka, oiu egiten omen zioten (S. Mitxelena).
9.4.3b Bila, eske bigarren osagai dutenak; lehen osagaiak, ‘zeren’ bila, ‘zeren’ eske adierazten du, osagarria, alegia:
abaro bila, ardi bila, ardo bila, argi bila, argitasun bila, asto bila, ataka bila, atun bila, baimen bila, bake bila, egia bila, haragi bila, hari bila, inozente bila, jan bila, lore bila, ogi bila, sagu bila, segurantza bila, sosegu bila, sustrai bila, ur bila
ardo eske, argitasun eske, bai eske, barka eske, barkamen eske, bertso eske, bizitza eske, euri eske, gupida eske, jaramon eske, kafesne eske, leialtasun eske, liburu eske, monopolio eske, ogi eske, olio eske, osasun eske, salbazio eske, seme eske, ur eske, lan-sari eske…
Joan, egon, etorri, ibili… aditzen predikatu sintagma funtzioa betetzen dute horrelako elkartuek; horregatik esaten zaie ‘jarduera elkartu’ (izen kategoriako elkartu sintetikoetan ikusi ditugu izen kategoriako eskerekin osatutako diru-eske(a) eta abar § 7.2.7.3b). Bai eske natorkizu inola al baleite (Orixe); Itxaso delako norbaitekin dabiltza beti zirika, atun-bila (Mitxelena); Begira begira egon ondoan haragi bila joatea erabaki zuen (Satrustegi); Landareak beti ur eske daude (Nekazaritzako irakurraldiak). Lehen osagaia sintagma ere izan daiteke, Baztango gai bila urte askoan ibilia (Bitaño); Batzuek gu gorde naiez, besteak gure diru ta iskillo billa (J. M. Lertxundi).
9.4.3c Zain (egon) bigarren osagai duten eguna zabaldu zain, mutil kaiku horiei burura etorri zain egon… Nabarmena da lehen osagaia aditz sintagma dela, ez kategoria lexiko soila. Bestetik, izen kategoriako elkartu sintetikoetan (§ 7.2.7.2b) ikusi ditugun aberezain, artzain, behizain, errentazain, ganaduzain, haurtzain edo ontzizain izenek predikatu sintagma funtzioa betetzen dute askotan egin, egon, ibili, joan… aditzekin doazenean (35 urte ganadu-zain egin; artzain joan Amerikara eta abar).
9.4.3d Beste modu batera ere azter daitezke, ordea, aurreko puntuetako adibideak: bila ibili, zain egon, eske ibili predikatu konplexutzat har daitezke, jarduera zein egoera adierazten dutenak (Zabala 2004). Predikatu horien osagarria hainbat kategoriatakoa izan daiteke: izena (ardo, diru, sustrai edo ur), [izenlagun+izen] sintagma (Baztango gai, gure diru eta iskilu) edo aditz sintagma (perpaus jokatugabea): eguna zabaldu, mutil kaiku horiei burura etorri. Aditzaren aurkezpeneko kapituluan aditz predikatu konplexuen artean jasotzen dira egon eta ibili aditzekin eratzen direnak (§ 23.2.1.3.5).
9.4.3e Pasa mugakizun dutenak, berez aditzoin izan arren, izen batekin elkarturik ‘nola’ adierazten duena, denbora-pasa, egun-pasa, gau-pasa (izen kategoriakoak ere izan daitezke § 7.2.7.3b): Josefina nire alaba Salinasera eraman zuen egun pasa (Aristi); Edo gau pasa joaten diren zenbait autobusetako gazteei (Salaburu).
9.4.3f Antzekoak dira berez bizidunen jarduna adierazten duten kantari edo kontari mugakizunekin osatzen ditugun kontu-kontari, kantu-kantari (aritu, jardun, egon…): Bazkalosteko barealdian kontu kontari jarduten ziren (Maia); Mahaian geratuko dira, patxaran gehiagoren eta gitarraren konpainian kantu kantari (X. Mendiguren Elizegi).