31.5.2.1a Perpaus erlatibo jokatugabe arruntak partizipio burutu jokatugabearen bidez eratzen dira. Halere, euskalkien arabera, itxura desberdinak har ditzake partizipiozko egiturak halako perpausetan, nolako atzizkia eransten zaion (edo ez zaion): Mundu modernoan kristautasunari egindako kritika marxistaren muina; Berak eginiko toki, gorde-leku ta garautegietan (Añibarro); Haren lehen antzerki obra, Mugaldeko herrian eginikako tobera, Arantzazun antzeztu zuten bertako ikasleek, 1962ko Gabonetan (Berria); Oihal larriz eginikako erridau bat; gure herriaz eskaini liburu koloretsuetan (Borda).
Nabari denez, lau itxura desberdin ditu partizipio burutuzko egiturak adibide horietan: egindako, eginiko, eginikako eta eskaini (eginen pareko egitura, alegia). Lau aldaera horiek literatura-euskalkien joera nagusiei dagozkie, horrek ez baitu erran nahi zenbait euskalkitako mintzamoldeetan hauetaz beste aldaera batzuk ere ezin erabil daitezkeela. Adibidez, itsas hegiko lapurteran, baztaneran eta bizkaierazko zenbait aldaeratan -(e)ko atzizkia aurki daiteke: Hainbertzetan irakurriko liburu hortarik (Lafitte); […] erosiko behi pintak, esanekoa baino askoz esne gitxiago ematen dauala (J. L. Goikoetxea).
31.5.2.1b Perpaus erlatibo jokatugabeetako atzizkiei behatzen badiegu, ohart gaitezke molde batean izan ezik, -ko atzizkia agertzen dela beste guztietan. Dakigun bezala, atzizki hori izenlagunen eratzeko bereziki baliatzen da (ikus § 21.7), eta ez da harritzekoa hemen ere aurkitzea, zeren perpausei ere lot baitakieke (-(e)lako perpaus izenlagun jokatuak, -tzeko perpaus izenlagun jokatugabeak, ikus § 30.6.4.1). Perpaus erlatiboei dagokienaz, literatura-euskalkietan agertzen diren formak kontuan hartuz gero (egindako, eginiko, eginikako), -ko atzizkia aditz partizipioei loturik doan beste atzizki batekin batean erabiltzen da beti: edo -ta atzizkiari erantsirik, edo -(r)ik atzizkiari. Burutu ondoko egoera adierazteko, -ta atzizkia oinarri denean, -tako atzizkia dugu, eta -ik erabiltzen denean, berriz, -iko edo -ikako atzizkiak. Euskararen ohiko eremuaren erdialdean, alde bat nagusi da [partizipio+-tako] era perpaus erlatibo jokatugabeetan, eta mendebaldean ere maiz baliatzen da: Iñoiz baltzak izandako praka arreak (Kirikiño); Eri egondako morroia sendaturik arkitu zuten (Iraizoz); Paristik osteria joan-etorria ein ondoren, lagunartean kondatzen ziarduan, an ikusitako aurrerapen azkarrak (San Martin); Orduantxe damutu zen Raimundo Silva hartutako erabakiaz (Alonso); Etxean umetan ikusitako eszenak inspirazio gisa erabiliz (Arretxe). Mendebaldean eta ekialdeko erdialdean bereziki, -ta atzizkiaren orde, edo hartaz gainera, -(r)ik atzizkia erabiltzen baita eskuarki partizipio burutuetan, -(r)iko edo -(r)ikako formak agertzen dira perpaus erlatibo jokatugabeen hondarrean -ko erantsi ondoan: Txiki-txaka txiki-txaka joan zan len esaniko etxe zarreraño (F. Bilbao); Bertze aldi batez, nonbeitik ethorririkako fraide bat egotu zitzaion begira luzez (Joanategi); Peoiek paper gorriz apaindurikako hagatxoak sartzen zizkioten (Irigoien); Arnoldo kondea […], germaniar inperioko hainbat tokitatik etorririko borrokalarien buru egiten zuena (Alonso).
31.5.2.1c Bi moldeok euskalkien arabera banatzen dira bereziki: Bizkaiko aldean eta goi-nafarreran -iko forma erabiltzen da (-tako eraz gainera, erran dugun bezala), eta -ikako forma da nagusi, berriz, ekialdean, Iparraldean eta inguruetan bereziki. Iparraldeko euskalkietan, bestalde, ekialdekoetan bereziki, perpaus erlatibo jokatugabeak partizipio burutua hutsik dagoelarik eratzen dira maiz. Ikus ondoko adibideak: Zaldia hartzen du, eta joan ahala joan badoa jin bidetik (Lafitte); Lehentxeago Gualaong erregearen kontra han phiztu asaldura baten gatik (Zerbitzari); Galtatzen dit parkamentü egin zor güzietaz (Berzaitz); Mari Raou odol bilketako zentroko langileak adierazi iritzia senti zitekeen Baionako erietxera hurbildu ziren gehienen artean (Berria); Orduan piztu sua etzizaion sekulan hil Piarres Haristoy apezari (Herria).
Partizipio burutu soilaz eratu erlatiboek gogora ekartzen digute, aditz partizipioek duten adjektibo erabilera (ardi galdua, gorputz ustelduak, ikus § 14.5), askotan gramatikariek hain zuzen erlatiboen erabileratik eratorri dutena. Horregatik, hain zuzen, Euskaltzaindiaren Hiztegian galdu hitzari ematen zion zazpigarren adieran, honela definitzen da hemen aipatzen dugun kasuari dagokiona: “Era burutua izenondo gisa”: ardi galduen gisan; zoko galduren batean; gazte galdua izan zinelako.
31.5.2.1d Behar eta ahal modalak ere ager daitezke perpaus erlatibo jokatugabeetan, -ko postposizio atzizkia harturik. Behar modalak osaera garbi, erregularra du, bat bera hizkera guztietan: [partizipio+behar+-(e)ko]. Ez naiz sartuko lagunek egin beharreko lanetan; Batteux eta Laharpe omen ziren obeditu beharreko legegile edo lege emaile horiek (Mitxelena); Esan beharreko guztiak esan nizkion, hortaz (A. Agirre); Ikusi beharreko etxe berriaren irrika (X. Mendiguren Elizegi); Iritsiko zitzaion kontuak eman beharreko eguna (Olarra).
Ahal, berriz, aurrean aditzoina duela erabiltzen da ekialdeko euskalkietan: […] hek asma ahaleko gozamen guziak (Hiribarren); Bil ahalikako ahaide eta adixkide guziak (Zaldubi); Handik begi kolpe zorrotz bat emaiten diote ikus ahalikako bazter guzieri (Zaldubi). Mendebaldekoetan, berriz, partizipioa ere aurki daiteke: Muinoa ilun ikusten zen beherantz […] begiekin ikusi ahaleko guztian (Biguri). Eta askotan ezin da jakin partizipioa ala aditzoina den ahalen ondoan ageri dena: Argitara emandako konta ahaleko artikuluak bi sailetan sailka daitezke (Uztaro); Hegazkinean eraman ahaleko gauzak garraiatu zituzten (Olasagarre). Berezi emankorra da ezin + ahaleko egitura, partizipioa ezinen eskuinean nahiz ezkerrean dela (§ 23.4.4b): Eutsi ezin ahaleko negarra (Lertxundi); Ezin esan ahaleko grazia egin bide zion esaerak (J. A. Arrieta); Ezin konta ahaleko mina eta hondamena (Berria); Iraultza garaiko konta ezin ahaleko idazlanen artetik (Biguri).
Gauzak horrela izanik, partizipio burutua -ko atzizkiarekin edo hutsik ageri duten perpausak kontuan hartuz gero, hiru era nagusi bereizten ahal dira perpaus erlatibo jokatugabe arrunten artean: -tako perpaus erlatibo jokatugabeak; -ik(ak)o perpaus erlatibo jokatugabeak; partizipio hutseko perpaus erlatibo jokatugabeak.