JAGONET galde-erantzunak

Joan daiteke, joan ahal da, *ahal da joan?

Galdera:

Jakin nahi nuke zuzena ote den "Ahal da komunera joan?" horrela galdetzea.

Erantzuna:

Oso bitxia da perpaus hori. Beste aditz modal batzuek bezala, "ahal"ek ere kokagune finko samarra du, lagun duen aditzaren ondoren, hain zuzen: "joan ahal, etorri ahal" eta abar. "Behar"en kasuan ere, askoz egokiagoa da "Etorri behar duzu?" galdetzea "Behar duzu etorri?" baino.

Beraz, hobestekoak beste egitura hauek genituzke:

- Komunera joan ahal da?

- Komunera joan daiteke?

Bestalde, "nahi izan"en kasuan onargarria da aurrera ekartzea ("Nahi duzu komunera joan?"), nahiz aditzaren ostean uztea ("Komunera joan nahi duzu?").

Horrez gainera, ikus datu-base honetako "ahal" eta "ezin" sarrerak.

Data: 2001/10/19 - Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper