JAGONET galde-erantzunak

Deiki edo bokatiboak (ez kezkatu, emakume/emakumea; irakurle/irakurlea!

Galdera:

Ondorengo adibideon artean, zein da zuzena?
a) Ez kezkatu, emakume!
b) Ez kezkatu, emakumea!
c) Zuk, irakurle, ondo dakizu...
d) Zuk, irakurlea, ondo dakizu...
e) Eta zuk, azeri, zer egingo duzu mahatsa ikusita?
f) Eta zuk, azeria, zer egingo duzu mahatsa ikusita?

Erantzuna:

Deiki edo sintagma bokatibo horiek denak zuzenak dira. Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika: Lehen Urratsak, EGLU, I liburukian (ikus 225. or.) Gramatika batzordeak dio bokatiboa bi eratara joan daitekeela: "-a" mugatzailearekin nahiz gabe. Beraz, ezin esan daiteke, zenbait gramatikak dioen bezala, bokatiboak nahitaez mugagabean joan behar duenik. Hortaz, bietara ager daiteke ("Ez, mutil! (motel); Bai, gizona!"); eta euskalkiak zerikusia izan dezake forma bata ala bestea aukeratzerakoan.

Badirudi, ordea, zenbait izenen kasuan mugatuan eman behar dela nahitaez: "Bai, jauna!" (eta ez "Bai, jaun!").

Horrez gainera, ikus datu-base honetako "Bai, gizona!" sarrera.

Data: 2001/06/14 - Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper