Ez dakit zuzenak eta egokiak diren honako esaldi hauek:
- Hiru urtebete eman ditu Argentinan.
- Hiru astebete pasatu ditu Argentinan.
- Ordubete bat pasatu du etxeko lanak egiten.
Ez dira egokiak erabilera horiek; izan ere, -betek ez du onartzen zenbatzailerik iraupena adierazten duten denbora-izenetan (hilabete da salbuespena, hartua baitu hil izenaren adiera ere).
[EH:urtebete] hitzean ohar hau dator: 'urtebete bat egon zen gaixorik eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak urtebete egon zen gaixorik eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du'. Antzeko oharra dator [EH:astebete] hitzean ere.
Hortaz, egokiena da astebete eta urtebete bezala erabiltzea ordubete ere (Ordubete pasatu du etxeko lanak egiten / *ordubete bat).
Ikus hau ere: "Lexikoa: hil eta hilabete" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > zenbatzaileak, lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak, hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.