Berdin erabil al daitezke -t(z)eke eta -tu gabe formak?: Lana bukatu gabe utzi dut = Lana bukatzeke utzi dut?
<aditz-izena + -t(z)e + -ke> egitura eta <-tu gabe> egiturak parekoak dira: Hau amaitzeke dago. Lanak egiteke zenituen gaur goizean ikusi zaitudanean.
Mendebaldeko eta mendebaldera jotzen duen erdialdeko euskaran erabili izan da literatura klasikoan, eta gaur egun euskara batuarekin asko hedatu da -t(z)ekeren erabilera.
Forma nagusia -t(z)eke bada ere, euskal literaturan ugariak dira -tzaka eta -tzeka formadun adibideak (baina -taka formadunik ez da ageri Orotariko Euskal Hiztegian).
Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII, 349. or. liburukian -t(z)eke menderagailuaz esaten denaz gainera, literatura-tradizioko -t(z)eke eta haren aldaerak (-tzaka, -tzeka) dituzten hainbat adibide ageri dira, erabilera argitzen laguntzeko aproposak izan litezkeenak.
Nolanahi ere, ez dira nahasi behar -t(z)eke eta -t(z)eko. Zerbait egiteke dagoela esateak esan nahi du egin gabe dagoela, besterik ez. Zerbait egiteko dagoela esateak esan nahi du zerbait hori egin gabe dagoela baina egitea aurreikusia dagoela edo egiteko asmoa dagoela.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > aditz-izena, hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, hitzak > menderagailuak, perpausa > modua
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.