Euskaltzaindiak onartzen al du eta kausala marratxoarekin idaztea? Adibidez: Trenak ihes egin dio, berandu ibili da-eta. Ezingo dizut eskura ordaindu, diru barik nago-eta.
Horrelako esaldiak marratxoz idaztea onartzen al da? Ala idazlearen esku uzten da marratxoaren erabilera? Ala erabat baztergarritzat jotzen da?
27. arauak jasotzen du auzi hori, eta pasarte batean honela dio: “Perpaus konplexua denean, ordea, beharrezkoa izan gabe ere, aukeran izango du idazleak juntagailuaren aurrean marratxoa ipintzea, testua ulertzeko lagungarri dela iruditzen bazaio” (azpimarra gurea da). Harrituta zeuden, itsusia zen-eta (=zen eta) zuk esan zenuen hura. Ez dira-eta (=dira eta) hamabost egun Mikel Isabelekin luzaz aritu zena.
Marratxoa oso makulu argigarri eta egokia izaten da eta galdegaiaren parte ageri denean ere: Zer dela-eta etorri zara?
Galderako adibideetan, beraz, bi aukerak dira egokiak: Trenak ihes egin dio, berandu ibili da-eta / da eta. Ezingo dizut eskura ordaindu, diru barik nago-eta / nago eta.
Ahoskerari dagokionez, berriz, dela eta eta gisakoak ere osorik ahoskatzekoak dira maila zainduan.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: ortografia > marratxoa, ortografia > zuriuneak, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: karaktereak > markak, perpausa > kausa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.