ETA eta EDO ENKLITIKOEN IDAZKERA [27. araua, «Hori eta, hori edo, eta horrelakoen idazkera»]. Nola idatzi behar dira honelakoak? Iñakirekin eta / Iñakirekin-eta ibili da. Pellok edo esango zuen hori / Pellok-edo esango zuen hori. Arau hauei jarraitu behar zaie:
1. Juntagailuak osorik idatziko dira beti: eta, edo.
2. Egitura agerikoa eta antzematen erraza denean, bereiz idatziko da juntagailua —ondoan koma izan edo ez—: hori eta, hori edo, hori dela eta. Adibidez: Hor daude Begoña eta, barrura sartzeko beldur. Goizeko hiruretan edo hasten dira lanean. Trenak ihes egin dio, berandu ibili da eta. Ezingo dizut eskura ordaindu, diru barik nago eta.
3. Perpaus konplexua denean, aukeran dago juntagailuaren aurrean marratxoa ipintzea, testua ulertzeko lagungarri irudituz gero (hori-eta, hori-edo, zer dela-eta). Adibidez: Harrituta zeuden, itsusia zen-eta zuk esan zenuen hura. Esan didate zuen etxean-edo beste egun batean agertuko direla beharbada. Galdezka hasi zaio lanaldia dela-eta eta oporrak direla eta. Oso egokia izaten da, besteak beste, etenik sor ez dadin elementu hori galdegaia bada: Zuen liburuak-edo zeuden hor botata.
AHOSKERA
1. Idatzi bezala —letren arabera; osorik, alegia— ahoskatzen da euskara zainduan: [patxi eta pello etorri dira]; [jan eta edan]; <102> [e(h)un eta bi]; <arratsaldeko 05:30ean> [bost eta erdietan]. Lagunarteko hizkeran egoki da, jakina, horiek honela ahoskatzea: (zenbakiak) <102>: [e(h)undabi]; (orduak) <17:30> [bosterdiak].
2. Esapide batzuetan, ordea, onargarria da bestelako ahoskera ere: <jo eta su / jo eta ke> [jotasu/jotake]; <lan eta lan> [landalan/lantalan]; <jan eta lo> [jandalo/jantalo]; <gau eta egun> [gautaegun/gautegun]; <agur t ́erdi> [agurterdi].
ETA, ORDUAK EMATEAN. Osorik idatzi behar da eta (hiru eta erdiak, lau eta erdietan eta abar; *bost t´erdietan), eta, ahoskerari dagokionez, bakoitzak bere euskalkiko ohiturari jarraitzea da egokiena. (35. araua)
ETA, ZENBAKIAK EMATEAN
- 1.500, 2.700 eta gisako zenbakiak tradizioan eta emendiozkoarekin eman izan dira euskaraz, eta sistema hori da hobestekoa egun ere: 1.500 > *mila bostehun (> mila eta bostehun); 2.700 > *bi mila zazpiehun (> bi mila eta zazpiehun); *bi milioi zazpiehun mila euro (> bi milioi eta zazpiehun mila euro); 1.200.000 > *milioi eta berrehun mila, *milioi bat berrehun mila (> milioi bat eta berrehun mila).
Ohitura hori salgaien prezioak eta kirol-proben emaitzak emateko ere gorde da orain arte: ?Kafea bat hogei da (> Kafea bat eta hogei da). 22 eta 14 nagusitu zen Olaizola II.a finalean. ?Hiru bat irabazi du Osasunak (> Hiru eta bat irabazi du Osasunak).
- Baina mila (1.000) zenbakitik gora, eta kendu egiten da ondoren datozen ehunekoetan ere agertzen bada: mila eta berrehun, baina mila Ø berrehun eta bi; mila eta laurehun, baina mila Ø laurehun eta bi. [7. araua; EH]
- ZENBAKI DEZIMALDUNEKIN. Zenbaki dezimaldunak esatean, unitateen eta dezimalen artean, ‘eta’ edo ‘koma’ esaten da:
4,20 €: lau euro eta hogei (zentimo), lau koma hogei euro (*lau hogei (euro))
5,65 m: bost metro eta hirurogeita bost (zentimetro), bost koma hirurogeita bost metro (*bost hirurogeita bost metro).
|
||
---|---|---|
1.500 | [*mila bostehun] | [mila eta bostehun] |
2018an gaude | [*bi mila hemezortzian] | [bi mila eta hemezortzian] |
2,20 € d(ir)a | [*bi (euro) hogei d(ir)a] | [bi (euro) eta hogei d(ir)a] |
2-1 irabazi dugu | [*bi bat irabazi dugu] | [bi eta bat irabazi dugu] |
ETA IZEN-SINTAGMEN ARTEKO JUNTADURAN. Noiz ken dakioke lehenengo parteari kasu-atzizkia?
Oro har, pluraleko sintagmetan dago aukera guraso eta lagunekin nahiz gurasoekin eta lagunekin esateko. Singularrean, kasu-sintagmak elkartu egiten dira oro har: etxean eta kalean. Baina ezkerrean izenlaguna edo eskuinean izenondoa egoteak erraztu egiten du singularrean ere izenak juntatzea: bere emazte eta alabarekin, etab.
ETA eta ADITZ-KOMUNZTADURA
ETA INDARTZAILEA. Era guztietako gramatika-hitzetan aurki daiteke eta juntagailua indartzaile modura, bere emendiozko balioa galdurik: juntagailu, lokailu, menderagailu eta abarretan; esate baterako: baizik (eta), baldin (eta), edota, harik (eta), nahiz (eta), zeren (eta)...
ESAPIDEAK
ETA PIKO esapidea. Heg. Herr. markak daramatza Euskaltzaindiaren Hiztegian. Euskarak baditu balio bereko beste esapide batzuk ere. Adibidez, pasa(txo), pasatuxe eta eta akats.
Kilo-erdi pasatxo azukre.
Bi urte pasatxo zeraman libre.
Bost urte dira pasatuxeak.
Lurraldearen itxura duela ehun urte pasatuxe Bonaparte printzeak egin zuen maparena bera da.
Sei erreal eta akats ordaindu dute.
AGUR T´ERDI / AGUR ETA ERDI? esapidea
ETA GERO esapidea
EUSKALTZAINDIA. “Ortografia: dela eta, dela-eta”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Hasierako agurrak: agur t’erdi / *agur eta erdi ”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Emendioa adieraztea: eta (komunztadura juntaduran)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Zenbakiak: eta zenbakietan”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Zenbakiak: eta (bi milioi eta zazpiehun mila / *bi milioi zazpiehun mila)”, Jagonet galde-erantzunak.
ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (39-40).
ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera, Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (31).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (27-29).
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.