Zalantza daukat berekin hitzarekin. Ahozko erabileran, bera hitzaren singularreko deklinazio-moduan erabiltzen dut: berekin etorri naiz, berekin eraman du... Baina ez dakit berekin hori ez ote den berarekin hitzaren laburdura. Horrela al da? Ala zuzena da berekin erabiltzea singularrean?
Berarekin (sing.) eta berekin (plur.) forma berretu edo indartuak ez ezik, badugu berekin bihurkaria ere, berdin erreferente singularrarekin edo pluralarekin Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (Eranskina), 136. or.. Euskaltzaindiaren Hiztegikoak dira adibideok:
Berekin zituen diru guztiak eman zizkion (sing., bihurkaria).
Gaitzak berekin dakartzan nekeekin ez dago ezertarako (sing., bihurkaria).
Neguko oskarbiek gauetan izotzaldi gaitza dakarte berekin (pl., bihurkaria).
Kasketadunak laster etorri baitira, berekin eraman dute (pl., bihurkaria).
Galderako adibideetan, berretua eta bihurkaria bereiz ditzakegu erabilera zorrotzean:
berarekin (harekin) etorri naiz (erabilera horretan, *berekin etorri naiz)
berekin eraman nau
Lauko sorta honetan, halatan, hiru berekin ‘desberdin’ ditugu:
berarekin (harekin) etorri naiz (berretua/arrunta)
berekin eraman nau (bihurkaria)
berekin (haiekin) etorri naiz (berretua/arrunta)
berekin eraman naute (bihurkaria)
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > mugatzaileak
Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.