Euskara Batuaren Eskuliburua

genitibo bihurkaria: nire/neure; haren/bere

genitibo bihurkaria: nire/neure; haren/bere

Noiz genitibo normalak, noiz genitibo bihurkariak: nire/neure, gure/geure...

Lege zorrotzik ez dagoen arren (Euskaltzaindiak ez du arautu auzi hau), hona hemen zein den gramatiketan eman ohi den araua: “Erabil bedi genitibo bihurkaria (neure, heure, bere...) baldin eta izenordain horrek aurrekaria badu perpaus bereko beste NOR, NORI edo NORK sintagma batean”.

  • Aditzak ematen digu horretarako arrastoa, aditz jokatua bada:

(Ni) neure etxera joango naiz.

(Nik) neure lanak egingo ditut.

Zeure etxea erre dizut.

Joan hadi heure etxera.

Esaiozu hori zeure anaiari.

Geure autoa eramango dugu.

Perpausaren aditza jokatu gabea denean ere, forma bihurkariak erabil daitezke, perpaus txertatuaren subjektua, honako adibidean gertatzen den bezala, identifikagarria baldin bada:

Nik badakit neure etxera joaten [ni joan neure etxera].

  • Aipatu dugun ‘arau’aren arabera, genitibo bihurkariek ez lukete lekurik esaldi hauetan, genitibo horietan aipatzen diren pertsonen  morfemak ez baitira ageri aditzean:

Ni eta nire (?neure) lagunak ez gara ongi konpontzen.

Gure (?geure) etxean lo egin dute.

Hori zure (?zeure) etxea da.

 

Dena dela:

1. Neure, geure, zeure eta horiek forma bikoitzak dira: bihurkari izan daitezke (goiko horiek bezala), baina pertsona-izenordain indartuak ere izan daitezke. Hala direnean, zuzenak eta egokiak dira honelakoak (baina orduan ez dira bihurkariak): Ni eta neure lagunak ez gara ongi konpontzen. Geure etxean lo egin dute. Hori zeure etxea da. ( pertsona-izenordain arruntak / pertsona-izenordain indartuak)

2. Euskalkietako ohiturak ere diferenteak dira, eta, ondorioz, aipatu ‘arauak’ hala dioen arren, ezin esan daiteke gaizki daudenik ekialdean ohikoak diren era honetako esaldiak: Gure autoan joango gara (‘arau’ak honela eskatzen duen arren: Geure autoan joango gara).

 

haren/bere, haien/bere(n)

Hura izenordain arruntaren ordez behar baino gehiagotan bera erabiltzen den modu bertsuan ( hura/bera (haiek/berak)), haren genitibo arruntaren ordez bere erabiltzen da behar baino gehiagotan, batez ere mendebaldeko euskalkietan.

Hirugarren pertsonako genitiboen auzi honetan ere Euskaltzaindiak ez du araurik eman, baina, gramatika eta estilo-liburuetan, nabarmena da halako joera jakin bat hizkuntza idatzi bateratuari begira. Honela laburbil daiteke:

  • Euskarak, sarritan, ez du gaztelaniazko su posesiboaren edo frantsesezko son, sa, ses, leur(s) posesiboen ordain-premiarik, eta, beraz, egoki da haren ordaina saihestea:

Bere txapela jantzi, eta...

Kirola bere neurrian eginez gero...

Poligono erregular batek bere alde eta angelu guztiak berdinak ditu.

Hala ere, testuinguru askotan egoki eta are beharrezkoa ere bada bere bihurkaria, geroago adierazten den bezala: Bere argudioak azaldu ditu Urliak.

Mendebaldeko euskalkietan sumatzen da batez ere bereren aldeko neutralizazioa, espainolezko “su” (de él, de ella, de ellos, de ellas...) delakoarekiko mimetismoz: bere etxera joan nintzen, bere kotxea ekarri zuten... Halakoetan, ez gutxitan, ezin da antzeman bere horrek zein pertsonari egiten dion erreferentzia.

Adibidez, Iratik Aneri deitu zion, eta bere etxera joan zen (Nora joan zen Irati? Iratiren etxera [bere etxera], ala Aneren etxera [haren etxera]?).

·  Bestalde, aipagai dugun 3. pertsonako genitiboaren auzian, sistema hirukoitza dago euskararen tradizioan (eta horrek areagotu egiten du arazoa):

a) haren soila (haien, pluralean)

b) beraren indartu edo berretua (beren/euren/beraien, pluralean)

c) bere bihurkaria (beren/euren/beraien, pluralean):

Miren haren etxera joan da [lehen aipatutako norbaiten etxera, alegia].

Miren beraren etxera joan da [lehen aipatutako norbaiten etxera adierazten du honek ere, baina modu berretu edo indartuan]. ( hura/bera (haiek/berak))

Miren bere etxera joan da [Mirenen etxera, alegia].

Euskaldun askok ez diote, ordea, sistemari jarraitzen: bere bihurkaria erabiltzen dute sarritan bera berretua erabili ordez. Hartara, honetan ere, bereren aldeko gehiegizko lerratzea dago. (Ikus bukaeran, bere bihurkariaren eta beraren indartuaren kasu-markak, eta adibide argigarri batzuk).

Hura/bera kasuan bezala ( hura/bera (haiek/berak)), auzia sinpletzea hobesten dute estilo-liburuek, batez ere pluralean. Aukerak bitasun batera biltzea proposatzen dute: haren/bere bikotea singularrerako, eta haien/beren pluralerako.

Neurria hartu nahi zaie azken urteotan batez ere Hegoaldean hainbeste ugaldu diren tradizio urriko beraien eta gisako forma pluralei eta haien eratorriei (beraiekin, beraientzat, beraietan/beraiengan...). Ohiko formei eustea hobesten dute: haien soilari eta beren bihurkari eta berretuari, eta haien eratorriei (haiekin, haientzat, haietan/haiengan...; berekin, berentzat, beretan/berengan...).

·  Bihurkari guztientzat baliagarria den arauari men eginez gero (‘izenordainak adierazten duen pertsona aditzean ageri denean, genitibo bihurkaria (bere, beren) erabiltzea’), honako hauetan bere erabiliko genuke:

Andonik bere arrazoia eman du.

Andoni bere etxean utzi dugu.

Andoniri bere koadernoa ekarri diot.

Izan ere, adibide horietan guztietan betetzen da araua: izenordainak adierazten duen pertsona (Andoni) aditzean ageri da (duØ: nork = Andonik; dugu: nor = Andoni; diot: nori = Andoniri). Berdin pluraleko hauetan ere:

Liburuak beren/euren tokian jarri behar Dira.

Liburuek beren/euren salneurria duTE.

Liburuei beren/euren izenburua dagokiE.

 

Honako adibide hauetako ezkerreko moldean, ordea, ez da betetzen ‘araua’:

Ni bere autoan etorri naiz

 

Ni haren autoan etorri naiz.

Ni beren/euren/beraien autoan etorri nintzen

 

Ni haien autoan etorri nintzen.

Gu bere lagunekin joan gara

 

Gu haren lagunekin joan gara.

Kalean egin nuen topo Itziarrekin, eta bere etxera joan ginen biok.

>

Kalean egin nuen topo Itziarrekin, eta haren (edo beraren) etxera joan ginen biok.

Ignazio da bere izena

 

Ignazio da haren izena (edo Ignazio du (bere) izena).

Jainkoa bere bekatuez damuturik zegoen.

Jainkoa haren [beste norbaiten]) bekatuez damuturik zegoen.

 

Ezkerreko zutabeko lehenengo lau adibideetan, esate baterako, izenordainak adierazten duen pertsona —3. pertsona— ez da ageri aditzean; aditzeko markak 1. pertsonenak dira. Baina horixe da mendebaldeko euskaldunen ohitura nahiko hedatua aspalditik. Talka dago, hala, hiztun askoren erabileraren eta sistemak arautzen duenaren artean. Estilo-liburu gehienek, edonola ere, sistemaren araua lehenesten dute estandar zaindurako.

Bere
bihurkariaren moldeak
Beraren
berretu edo indartuaren moldeak
bere beraren
beretzat, beretako berarentzat, berarendako
berekin berarekin
beregatik bera(ren)gatik
beregan (bere baitan) bera(ren)gan
beregan(d)ik (bere baitatik) bera(ren)gan(d)ik
beregana bera(ren)gana
bereganantz bera(ren)ganantz
bereganaino bera(ren)ganaino
bereganako bera(ren)ganako

 

Adibideak:

Lokailuak berekin duen balioa gesaldua geratzen da.

Horrek berekin dakar...

Etxean sartzean gurutzatu gara berarekin. (= harekin)

 

Beretzat asko behar duenak (...)

Jainkoak astean egun bat beretzat atxiki badu (...)

Z(e)ure gainean jausi da zuk berarentzat eskatu duzun gaitza. (= harentzat)

 

Eskolak beregana eraman behar du elkartasunezko bizimodua.

Han ikusi nuen Juan, eta bera(ren)gana hurbildu nintzen. (= harengana)

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (70. or. eta hur.).

—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (67).

— ““Noren” adieraztea: indargarriak (neure, geure)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Lexikoa: hark/berak (berak elkar maita dezagun nahi du; berak bezala maitatu nahi nuke)”, Jagonet galde-erantzunak.

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (75-78).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (101).

EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "bere/haren (beraren)", Ehulkuren aholku guztiak.

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (108. or. eta hur.).

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper