Zuzena al da maite gaituztela seinale esaldia?
Ez da zuzena. Euskaltzaindiaren 116. arauak erakusten duenez, maite gaituzten seinale / maite gaituztelako seinale dira egitura zuzenak.
Espresuki zera dio arauak: ‘Aitzakia, albiste, berri, damu, esperantza, froga, hitz, iritzi, irudipen, itxaropen, itxura, kezka, konfiantza, kontu, marka, promesa, seinale, sentimendu, susmo, uste, zantzu, zurrumurru... eta horrelako izenek gobernatzen dituzten perpaus osagarrietan -(e)lako eta -(e)n atzizkiak erabili behar dira euskara batuan’:
Maite gaituztelako seinale da egin diguten harrera beroa.
Maite gaituzten seinale da egin diguten harrera beroa.
Orobat, euskara batuan ez da gramatikala perpaus osagarriotan -(e)laren, -(e)neko edo -(e)naren atzizkiak erabiltzea, ez baitute literatura-tradizioan aski den adinako lekukotasunik. Beraz, gisa honetako perpausek ez dute lekurik euskara batuan: *Maite gaituztenaren seinale da egin diguten harrera beroa.
Baina zuzena da Seinale (da) maite gaituztela modura eraturik. Adibideak: Baldin egiten ez baduzu, seinale da ez duzula nahi (Axular). Seinale da duela / bihotzean dolu (Bordel). Epel badator, seinale da sua dagoela (Urruzuno).
Horrez gain, ikus hauek ere: "Lexikoa: berri, susmo, seinale (ezkondu delako berria / ezkondu den berria)" (JAGONET), "Lexikoa: itxaropena, aitzakia (irabaziko zutelako itxaropena / zuten itxaropena / *zutenaren itxaropena)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > orokorra, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak > izenak, hitzak > menderagailuak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.